Prentsa Aretoa
Berriak
2022/09/28
Rementeriak iragarri duenez, itsasadarraren azpiko tunelak metroko Sestaoko eta Areetako geltokiak lotuko ditu tren baten bidez
Politika Orokorrari buruzko osoko bilkuran, beste bi berrikuntza garrantzitsu nabarmendu ditu: Gernikako Guggenheim museoa garatzeko arkitektura, ingurumen eta paisaia planaren oinarriak lantzeko ospe handiko nazioarteko taldea kontratatuko dela eta beste zortzi egoitza elkarbizitza-unitate bihurtuko direla.
Unai Rementeria - Bizkaiko Politika Orokorreko osoko bilkura 2022
MINTZALDIA - 2022/09/28
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaurko politika orokorrari buruzko osoko bilkuran egin duen hitzaldian aldarrikatu du ilusioa eta jarrera positiboak jardunean mantentzen duela lurraldea, eta proiektuak eragiten dituela. "Proiektuen Aldundia gara. Ez errietarik, ez agirakarik, ez berba hutsik. Proiektuak, proiektuak eta proiektuak. Ametsak ideia bihurtzen dira, ideiak proiektuetan gauzatzen dira, proiektuak egia bihurtzen dira, eta horrela Bizkaia hobetzen da. Horixe da Aldundiaren bizi-zikloa, eta hemendik aurrera be izango da", adierazi du hiru berrikuntza garrantzitsu aurkeztu baino lehen: itsasadarraren azpiko tunelean metroaren Sestaoko eta Areetako geltokiak lotzea; Gernikako Guggenheim museoa garatzeko arkitektura, ingurumen eta paisaia planaren oinarriak lantzeko ospe handiko nazioarteko taldea kontratatzea, eta beste zortzi egoitza elkarbizitza-unitate bihurtzea.
Proiektu horietako lehenengoari dagokionez, Aldundi Nagusiak adierazi duenez, egun, eraikuntza-proiektua idazten ari dira, eta horrekin batera, Bizkaiko metroaren bi linea nagusien konexioa egingo da. «Hasieran ibilgailuentzako tunela izango zena tunel intermodala izango da: tren batek metroaren 1. eta 2. lineak lotuko ditu Sestaoko eta Areetako geltokien artean. "People mover" bat ibiliko da lurpeko 2.600 metroko tartean, eta 300 metro tunelaren tartean izango dira. Uste da egunean 5.000 pertsonak erabiliko dutela eta ia hogei minutu gutxiago beharko direla geltoki batetik bestera heltzeko San Inazion zehar. Gaur egun 25 minutu izaten dira eta amaitutakoan lau inguru izango dira», adierazi du. Proiektuaren aldaketa horrek ez du eraginik izango aurreikusitako eraikitzeko erritmoarekin. Itsasadarraren azpiko tunela 2028an erabili ahal izango da, bai ibilgailuentzat, bai multimodal modura, baina horrek proiektua garestituko du: 185 milioi gehiago behar izango dira, hau da, guztira, 600 milioi euro inbertituko dira. "Albiste oso pozgarria da Bizkai osoarentzat. Guztiz beharrezkoa da: Bizkaiko saihesbide handia Supersur saihesbidearekin batera, Errontegiko zubiaren alternatiba, egunero 155.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik eta. Batez beste, zubitik 51.000 ibilgailu pasatuko dira lanegunetan, 18.000 ibilgailu kenduko ditu La Avanzadatik, 14.000 Max Centeren zuzenetik, eta 35.000 Errontegiko zubitik", azpimarratu du Rementeriak. Gainera, proiektuaren koherentziaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, lurralde oreka eta berdintasuna lortzeko helburuarekin, eta etorkizuneko mugikortasunari begira, trenean, bizikletan eta oinez ibiltzean oinarrituta.
Bigarren berrikuntza Gernikako Guggenheim museoari lotuta dago, izan ere, arkitektura, ingurumen eta paisaia planaren oinarriak lantzeko ospe handiko nazioarteko talde bat kontratatuko da. «Plana bost hilabete barru prest izatea espero dugu. Aldi horretan Espainiako Gobernuarekin hitzartutako 40 milioiko ekarpena ziurtatu behar dugu. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jarraitu behar dugu, bai ingurumenaren arloan, eredu jasangarria ezartzeko eta Urdaibai Erreserba zaintzeko, bai garraioen arloan, Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila museora Euskotrenen oraingo lineatik trenez joateko modurik hoberena argitu nahian lantzen ari diren protokoloa martxan jartzeko», adierazi du Rementeriak.
"Konpromisoa hartu dugu gizarte ekintza modernizatzeko eta trantsizio soziosanitarioa egiteko, eta iraupen luzeko zainketen trantsiziorako plana sustatzen dugu. Gaurko honetan urrats gehiago egiteko konpromisoa hartuko dut", adierazi du politika orokorrari buruzko osoko bilkuran, hirugarren berrikuntza azaldu baino lehen. "Azpiegituraken beste zortzi egoitza elkarbizitza-unitate bihurtuko ditugu. Horiek etxebizitza antz handiagoa daukate zentro batenak baino: abegitsuagoak dira, erosoagoak, harreman gehiago sortzen dira eta bizimodua hobea da. Zamudioko egoitzarekin hasiko gara eta ondoren beste zazpi aldatuko ditugu. 868 plaza gehiago elkarbizitza-unitateetan. Eraldakuntza honen ondorioz 243 plaza gutxiago egongo dira zentro horietan, baina bi zentro berri zabalduko dira plaza gehien beharko diren tokietan, Sestaon eta Durangaldean. Bakoitzean120 plaza egongo dira. Inbertsioa 18,4 milioi eurokoa izango da. Diru-erreserba eginda dago. Gure helburua da datorren urtean 1.200 plaza egotea egoitzetan. Eredu horrekin 39 egoitza-zentrok egin dute bat dagoeneko, eta Aldundiak laguntza emango dio. Prestakuntza-ziklo bat bultzatuko dugu egoitza-zentro horren eraldakuntzaren buru izango direnentzat, eta elkarbizitza-unitateak ikuskatzeko plan berezia aplikatuko dugu", azaldu du labur.
Esparru horretan, Ahaldun Nagusiak aurreratu du Gernikako Ospitaleko hirugarren solairuan, Birjinetxeko eredua jarraituko duen zentro soziosanitario berri bat irekiko dela 2023. urtearen hasieran (nolanahi ere, egokitze-obrak urtebetez luzatuko dira). Espazio horretan eremuko egoitzei laguntza emango zaie bai eta bizitza autonomoa eskuratzeko berreskuratzeko espazioa behar duten pertsonei ere. Gainera, eskualdeko erreferentziazko beste bi zentro be egingo dira: bata Leioan eta bestea Sestaon, 25 plaza eta ekipo espezializatuak izango dituzte. Era berean, lau EtxeTIC zentro berri jarriko dira martxan (Zallan, 2023. urteko lehenengo seihilekoan; Mungian eta Basaurin, biak datorren urteko bigarren seihilekoan, eta Gernikan), eta Gizarte Ekintza Sailari lotutako beste mugarri garrantzitsuen artean, nagusiei laguntzeko langile profesionalen prestakuntza planarekin jarraituko da.
Ekonomia jarduera eta enplegua
Halaber, Rementeriak azpimarratu du jarduera ekonomikoa eta enplegua gure ardatzak izango direla hemendik aurrera ere bai, gure lehentasunak izaten jarraituko dute eta, orain arte proiektu hauekin egin dugun bezala: Bizkaia Dorrea, ekintzailetza aurreratuan egindako 27 milioi euroko inbertsioekin, datozen bost urteetan 10 milioi euro izango dituen talentua babesteko plan bereziarekin, ETE-ei dirulaguntza zuzenen bitartez aurten eman zaizkien 19 milioi euroekin, start-up eta enpresen I+G+b inbertsioa hobetzeko pakete fiskalarekin, besteak beste, 64Bis bezalako neurriekin, zeinak 274 proiektu babestu dituen eta 86 milioi euro mugiarazi dituen, 2022-2023 Enplegu Plan Berezia edo Kontrata Programa zabaltzearekin, zeinak 1.357 enplegu sortzea eragin duen, ia erdia enplegu mugagabeak, eta 249 gazte enpresetara sartzea, edo azken bi urteetan Bizkaian mila enplegu berri sortzeko aurreikuspena duten dozena bat enpresa erakartzea.
Era berean, Ahaldun Nagusiak adierazi du ekonomiaren inguruko iragarpen oso beltzak egiten ari direla gaur egun; alabaina, gure lurraldean zortzi hiruhilekotan jarraian BPGren hazkundea izan dugu, enpleguari buruzko daturik onenak erregistratu ditugu 2009tik, % 9,3ko langabezia-tasarekin eta Gizarte Segurantzan 2015ean baino % 8 afiliatu gehiagorekin. Bestalde, industria-ekoizpenaren indizeak % 8,1eko hazkundea izan du iazkoaren aldean, eta esportazioek % 26ko urte arteko hazkundea eduki dute; txikizkako merkataritza ere % 4,5 suspertu da. "Ez dakit zenbakiek zer esango duten hilabete batzuk barru edo urtebete barru, baina badakit zertan ibiliko den Bizkaiko Foru Aldundia: buru-belarri jarraituko du jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzen, lurraldeko enpresak ondo badoaz Bizkaia ere ondo joango da", nabarmendu du.
Mugikortasuna
Rementeriak azaldu du AICren laugarren fasea laster zabalduko dela —"50.000 metro karratu automobilari eskainita, eta 30 erakunde eta 900 profesional elkarlanean"— eta zentro horretan sartuko dela tren-industria. Bestalde, bertan integratuko da Bizi, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko foru-programa, zeinaren bitartez, berrikuntza bilatu nahi den mugikortasun-moduen bitartez. "Etorkizuneko mugikortasuna elkarri lotuta dago, bloke baten moduan funtzionatzen du eta mugikortasun horren giltzarria AIC izango da", adierazi zuen. Aldi berean, iragarri egin zuen urriaren 17an hitzarmen bat sinatuko dela Eusko Jaurlaritzarekin metroa Galdakaora eta Usansoloko Ospitalera iritsi dadin, eta astebete beranduago obren lehenengo hiru zatiak lizitatuko dira.
Mugikortasunaren inguruan egindako aurrerapenen garrantzia azpimarratu nahian, esan du 2023ko martxoan bizipista bar jarriko dela martxan Zornotza eta Durango artean. Gainera, abenduan prest egongo da Erandio eta Barakaldo arteko bizikletetarako eta oinezkoentzako zubi mugikorraren proiektua. Obrak 2023. urtean abiaraziko dira eta 2024. urtearen hasieran jarriko da martxan. Horrez gain, duela bost egun amaitu zen Bizkaibizirako eskaintzak aurkezteko epea, hau da, 600 bizikleta elektriko partekatzeko aukera emango duen bizikleta elektriko partekatuaren proiektua, non bederatzi udalerrik parte hartuko duten.
Alor horretan bertan, beste mugarri garrantzitsu batzuk aipatu ditu, hala nola Aste Santuan Supersur Saihesbidearen eta AP-68 errepideen arteko lotura zabaltzea; Urdaibaira joateko bideak hobetzea Sollubetik, distantzia eta ibilbidearen denbora murriztuko dituen bi tunel berriren proiektuarekin, bihurgune ugari arteztuta eta ibilgailu moteletarako hirugarren bidearekin malda handiagoa dagoen eremuetan; Leioatik igarotzean La Avanzada estaltzea (datorren urteko apirilean hasiko dira obrak), edo Markinako saihesbidea, non datorren urteko irailean hasiko diren obrak, 2026ko udan martxan jartzeko asmoz.
Krisiari aurre egiteko neurriak
"Ez daukagu Ukrainako gerra amaitzeko giltza, ez daukagu gasaren eta erregaien prezioaren giltza, ezta inflazioarena ere. Alabaina, beste giltza batzuk dauzkagu eta giltza horiekin babeslekuak irekitzen ditugu bizkaitar guztiek denboralea hobeto jasan dezaten. Ziurgabetasunaren aurrean, konpromiso handiagoa. Segurtasun ezaren aurrean, lan gehiago. Eta arazoen aurrean, irtenbide gehiago. Jarrera positiboa. Desberdinak izaten jarraitzen dugu, gauza desberdinak egiten ditugulako, baina, funtsean, gauzak egiten ditugulako". Horrela ekin dio Ahaldun Nagusiak krisiari aurre egiteko lurraldean hartu diren neurrien zerrendari: PFEZren 5,5 puntuko deflazioa eta errenta txiki eta ertainei 200 euro murriztea eta autonomoentzako eta ETE-etarako neurri bereziak. "Atzeratu egin dugu autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei 330 milioi baino gehiago kobratzea, bai pandemiagatik, bai inflazio handiagatik, eta zabalik dago oraindik ere 2022ko hirugarren hiruhilekoko zergen epemugarako aparteko atzerapen horiek eskatzeko aukera".
"KPIaren igoeraren laurdena neutralizatu dugu eta gehiagoren bila goaz. Saiatu behintzat egingo gara, laguntza emanda, jakinda erronkak merezi duela. Aldundiaren ahalegina eta fiskalitatea eskaintzen ditut helburu horretara iristeko: urte honetarako eta hurrengorako geratzen diren inflazio-puntuak baretzeko ahalegina. Neurri horiek datozen asteetan zehaztuko dira, eta Ukrainako gerraren ondoren Ekonomia Sustatzeko Sailak hartutako neurriei gehituko zaizkie, adibidez tokiko hornidura-katea hobetzeko programa, milioi bat euro merkataritza-bonuetarako, gabetasun-aldiaren luzapenaren gastuei aurre egiteko Elkargirekin sinatutako hitzarmena edo Bizkaia Aurrera mikrokredituen gabetasun-aldia luzatzea", amaitu du gai horri dagokionez.
Lurralde-oreka eta berdintasuna
Politika Orokorreko bilkuran, Rementeriak nabarmendu du Bizkaia lurralde orekatua izatea dela Foru Aldundiaren ekintza politikoaren zutabe nagusietako bat, aukera eta betebehar berberekin. Horri dagokionez, adierazi du 2022. urtean oso garrantzitsua izan dela udaletarako eta tokiko finantzaketarako: 80 milioi euro gehiago Udalkutxaren bitartez eta beste 52 milioi euro Herriak Egiten aparteko funtsaren bitartez, "100.000 euroko gutxieneko inbertsioa txikienentzat eta 15 milioi eurokoa udal-kirolen azpiegituretarako".
Era berean, lurralde-oreka horri laguntzen dioten beste ekimen batzuk aipatu ditu, besteak beste, Tour Eguna, bizikleta elektriko partekatua, administrazioa BiscayTIKen bitartez digitalizatea, Zallako eta Arratzuko suhiltzaile-etxea, Gertu bulegoak (dagoeneko martxan dauden bost bulegoez gain, Igorrekoa eta Markinakoa egongo dira prest 2023. urtearen hasieran) edo, ekonomia eta enplegua sustatzeari lotuta, Zulaibar, Arratian, edo Bizkaia Orekan Sakonduz programaren barruko 21 eragileen 57 proiektuak.
Ahaldun Nagusiak aipamen berezia eskaini dio Bizkaiko txoko guztietako banda zabala hedatzeko proiektuari —"Agian, egin dugun gauzarik onenetakoa da, herentziarik onenetakoa"— izan ere, horri esker, azken hamabi hilabeteetan barreiatutako nukleoetan sakabanatutako 144 etxebizitza konektatu izatetik ia 3.000 izatera igaro gara. Beste 3.203 etxe obra-fasean daude eta 1.976 baimenen administrazio-fasean. "Gure aurreikuspenen arabera. 2023aren amaierarako Bizkaiko etxebizitzen % 99,53k Interneterako sarbidea izango du, konektatuta egongo dira, alegia. Pauso erraldoia. Familientzako bizi-kalitatea eta aukera gehiago eremu horietan lan egiten duten enpresa eta profesionalentzat", azpimarratu du.
Energia-trantsizioa eta ingurumena
Ingurumena izan da Rementeriaren hitzaldiaren gai nagusietako bat, eta, funtsean, bi konturen inguruan aritu da: energia-trantsizioa eta klima-aldaketa. Lehenengoari dagokionez, gogoratu du funtsezkoa izango dela Energy Intelligence Center delakoa. "Eraikina 2023ko lehen hiruhilekoan jarriko da martxan, energia-trantsizioan nazioarteko lehia-gune bihurtzeko erronkarekin, hegoaldeko Europako hidrogenoaren erreferente bihurtzeko. 80 erakunde ari dira lanean erregai berriaren proiektu honetan; zorroan 35 proiektu ditu urtean 1,5 miloi tona CO2 murrizteko helburuarekin, eta urtean 20.000 tona hidrogeno ekoizteko erronkarekin, 1.300 milioiko inbertsioarekin eta 1.340 enplegu zuzen eta zeharkako 6.700 sortzeko aurreikuspenarekin. Bestalde, sare adimendunen zentroa den EICren arlo elektrikoan egin dugu aurrera, non 60 entitatek eragilerik onenarekin eskutik lan egiten duten, Iberdrola, eta definitutako 120 proiekturekin", azaldu du.
Ahaldun Nagusiak, halaber, honako hauek aipatu ditu: Bizkaibusen ibilgailu hibridoak gehituko dira; izan ere, gaur egun, flotaren % 15,2 dira, baina 2023ko bigarren hiruhilekorako % 25 baino gehiago izango dira; Aldundiaren Energiaren Jarduketarako Plan Orokorra, non sail guzti-guztiak ari diren elkarlanean, energia eraginkortasuna eta energia aurreztea bultzatzeko; fiskalitate berdea, enpresa jasangarriak konpentsatzen dituena, eta Bizkaiko Klima eta Energia Ekintza Plana prestatzea eta ekonomia zirkularra sustatzea.
Orobat, klima-aldaketaren aurka borroka egiteko beste neurri batzuk aipatu ditu, besteak beste, Bizkaiko espezieak basoberritzeko, lehengoratzeko eta berreskuratzeko plana, 4 milioi euroko inbertsioarekin mendia erosi eta ondoren bertoko barietateekin basoberritzeko.
Beste proiektu batzuk birpasatu ostean —Omako basoa, esaterako— eta foru-erakundeak kudeatzen dituen museo eta aretoetan izandako hazkundea nabarmendu ondoren, Rementeriak esker onak eman dizkie hitzaldian aipatu dituen proiektu guztiak burutzeko lan egiten duten pertsona guztiei. "Lan asko egin dute, pilo bat. Neure eskerron zintzo eta sakona adierazi nahi diet denei, bai foru-diputatuei, bai gainerako guzti-guztiei. Alabaina, honek ez du etenik. Ezin da gelditu. Taldeko kideei eskatu diet ahalegin handiagoa egin dezatela hobetzeko proiektu berriak abian jartzeko", esan du. Eta, jarraian, oraindik gauzatu ez diren baina konfiantza handikoak diren bi proiektu gogoratu ditu: Lekeitioko kobazulo-artearen zentroa eta Bilbo efektua itsasadarreko herri guztietara zabaltzea.
Hitzaldiari amaiera emateko, ilusioa eskatu du berriz ere Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Tourrak piztuko duen ilusioa —"300 milioi pertsonak ikusiko gaituzte eta ezagutu egingo gaituzte"— baina, batik bat, Bizkaiagatik dugun ilusioa, "egunero-egunero lurralde honengatik lan egiteagatik. Proiektu berriekin amets egiteko eta amestutako proiektuak burutzeko ilusioa. Ilusioa eta konpromisoa. Beti. Konpromisoa dena emateko, norberaren bertsiorik onena eskaintzeko, jarduera ekonomikoa eta enplegua babesteko, zerbitzu publiko onak bermatzeko, behar duten guztiei laguntzeko, bizkaitarren zerbitzuan egoteko, guzti guztion zerbitzuan. Berdintasuna. Etorkizuna. Horixe da Bizkaiko Foru Aldundia. Horixe da Bizkaia, gure lurraldea".
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25