Prentsa Aretoa

Berriak

2023/01/21

“Ilusioa, proiektua eta elkarlana” dira maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan Bizkaian EAJ-PNV ordezkatuko duten emakumeen eta gizonen ezaugarriak

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, Getxoko ‘Olatua‘ eraikinean baieztatu duenez talde jeltzaleak “hiritargoaren zerbitzura jarri ditu berriro, herrialdean ditugun pertsonarik onenak, herriaren alde lan egin dezaten”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Gaur Bizkaiko hiritargoaren zerbitzura jartzen ditugu EAJ-PNVk herrialde honetan dituen pertsonarik onenak, herrialdearen mesedetan lan egin dezaten. Emakume eta gizon prestatuak dira, konpromisoarekin eta ilusioz beteta. EAJ-PNVren lantaldea osatzen duten pertsonak dira, ilusioarekin eta herri honentzat proiektu bateratu bat proposatuz, egunez egun Bizkaiaren alde lan egiten duten bitartean. Ilusioa. Proiektua. Elkarlana”. Hala deskribatu du Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan EAJ-PNV ordezkatuko duten emakumeen eta gizonen talde bikaina. Ekitaldia ‘Olatua’ eraikinean egin da, Getxon, bidaiarien terminalean. Hautagaitzekin, herri eta barne karguekin eta alderdikide eta alderdizaleekin, bostehun lagun baino gehiago batu dira bertan.

Guztien babesarekin bizkaitarren burukideak “ilusioz beteta eta gogotsu” agertu da “gaur hasiko dugun prozesuari” ekiteko. Gaur egin denarekin amaitu da EAJ-PNVk Bizkaian herrialdea osatzen duten 112 udalerrietatik 110etan hauteskunde zerrendak aurkezteko egin duen barne prozesu luze eta bermatzailea (Amorotok eta Gizaburuagak beren erregimen propioa dute). Horiei gehitzen zaie Batzar Nagusietan ordezkaritza izango duten lau hauteskunde barrutietarako hautagaitzak.
Gaurko ekitaldiaren xede nagusia izan da EAJ-PNVk Bizkaia osoan aurkeztuko dituen hautagaitza gehienak aurkeztea, baina Bizkaiko exekutibaren presidenteak hitz batzuk esan nahi izan ditu hurrengo hilabeteetan lekukoa utziko duten emakume eta gizonen lana aldarrikatzeko, bereziki Rementeriarena, foru erakundean hirugarren agintaldia egingo ez zuela iragarri baitzuen. “Proiektuak aurrera darraio. Eta aurrera jarraitzen du, funtsean, Jose Luis bezain eskuzabala izan zarelako, bera bezain leiala, bera bezain jeltzalea, bera bezain abertzalea, zure lekukoa Elixabeteren eskuetan jartzeko, bera izango baita aurrerantzean lantalde bikain hau lideratuko duena.Katea ez da eten; Olatua ez da eten. Eskerrik asko Unai! Eta eskerrik asko gaur zuen herrietan lekukoa uzten duzuen hautagai guztiei: Aintzane, Ager, Andoni, Igotz, Anabel… eta beste hainbat. Ez dago hitz nahikorik sentitzen dugun esker ona adierazteko. Eskerrik asko”, baieztatu du.

Atutxak bere diskurtsoan aipatu du Bizkaia protagonistatzat izango duen gertakari nagusienetakoa: Frantziako Tourrak, 2023ko abiapuntu nagusia Euskadin izango baitu, Bilbon, uztailaren 1ean, bere hasierako etapan Bizkaia osoa zeharkatzeko. “Kirol gutxi batzuk dira txirrindularitza bezala Euskal Herriaren izaerarekin horren ondo konektatzen dutenak: sakrifizioa, esfortzua, elkartasuna, eskuzabaltasuna, talde-lana… Balore horiek konpartitzen eta praktikatzen ditu EAJ-PNVk. Gure Tourra gaur hasiko da eta azken txanpa maiatzaren 28an izango da”, esan du. “Gure liderrak zarete zuek, gure Indurain eta gure Somarriba. Erantzukizun erraldoia daukazue orain: mendeurrena bete duen Alderdi hau zintzotasunez eta konpromisoarekin ordezkatzea; erakundeetatik Bizkaiko hiritargoaren aurrerapena ahalbidetzea; Euskadi gure aberriaren eraikuntzan aurrera egitea. Erantzukizun handia da, eta ondo baino hobeto dakizue hori”, gogoratu du. “Baina jakin ezazue bidai luze honetan ez zaretela bakarrik egongo. Etengabe, laguna izango duzue haizetik babesteko; gurpil berria eskura izango duzue zuen gurpila zulatzen bada; ura ere izango duzue eskura, eguzki-galdak begiak erretzen dizkizuenean; erreleboa emango dizuenik ere izango duzue errepidea maldan gora jartzen zaizuenean. Une latzak iritsi egingo baitira. Aurretik daukazue, Alderdi gisa ere aurretik daukagu lan erraldoia. Etapa gogorrak izango ditugu hemendik eta maiatzaren 28ra arte. Etapa batzuk lauak, beste batzuk mendikoak, euriarekin eta haizearekin, hotzarekin eta beroarekin… Hori bai, gaur eta hemen esaten dizuet erlojuaren kontrako lasterketarik ez duzuela sekula bakarrik egin beharko. Errepidean ez zarete bakarrik egongo. EAJ gara gu, hemen taldean egiten dugu, dela txirringa gainean, lanean zein bizitzan. Guztiok bat eginik. Elastiko berdina daramagu denok: Bizkaikoa, Euskadikoa”, amaitu du txalo zaparrada beroa jasoz.

IZEN BEREZIAK

Baina, zalantzarik gabe, gaurko ekitaldiko protagonista nagusiak izan dira Olatua eraikinera hurbildu diren hautagaiak. Gaurkoa izan da Elixabete Etxanobek hautagai gisa eta Unai Rementeriaren lekukoa hartzeko prest publikoki egin duen lehen agerraldia. Hunkituta agertu da Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu andrea, eta alderdikide jeltzaleei eskatu die aho batez eskaini dioten babesa. Bere hitzekin ziurtatu du “Bizkaiko lehen emakume ahaldun nagusia izateko erronka” hartu duela “EAJko emakumeek osatzen duten katearen katebegi bat izateaz jabetuta”. “Emakume Abertzale Batzaren mendeurrena ospatu berri dugu, Alderdi honetan emakumeok funtsezko zeregina bete izan dugula erakusten duen zerbait. Zeregin hau denboraren poderioz, zorionez, eboluzionatu egin da. Gure izaera egin duten baloreen funtsa galdu gabe, etxean ikasi eta barneratu ditugun baloreak”, gogoratu du. Halaber, esan du argi baino argiago dituela Bizkaiko Foru Aldundiak datozen urteetarako lehentasunak “Aldundi sendo bat behar dugu, Bizkaia dinamiko, ekintzaile eta kohesionatuaren alde lan egingo duena. Gaurko arazoei eta biharko erronkei eraginkortasunez erantzungo diena. Gure ongizate ekonomikoaren eta kalitatezko enpleguaren alde lan egingo duen Aldundia, pertsonarik ahulenak zaindu eta babestuko dituena”, aurreratu du.

Bizkaiko Batzar Nagusietako egungo presidente eta berraukeratua izateko aurkezten den Ana Otaduik ere hartu du hitza gaurko ekitaldian “buru izateko ohorea dudan Batzar Nagusiek egunero etorkizuna lantzeko helburuarekin esnatzen den Bizkaia osoaren ahotsa hartzen du”, adierazi du. “Ikur dugun haritzaren ezaugarriak partekatzen ditugun emakume eta gizonak gara: indarra eta justizia dira ezaugarri horiek. Elkarlanak ematen digun indarra eta gidatzen gaituen justizia soziala. Haritzak bezala, sustraiak tinko errotuta ditugu, gure nortasunaren kulturaren eta bizitzaren ezaugarri gisa. Baina adarrak ere baditugu sendo eta zabal zerura begira, argi bila, aukera berrien bila, etorkizun berriaren bila. Norbanakoaren eta gizarte osoaren garapena bilatuz”, azaldu du.

Ekitaldian hitz egin duten alkateen artean Juan Mari Aburtoren ahotsa entzun ahal izan da, Bilboko alkate eta berriz aukeratua izateko asmoarekin aurkezten dena. Aburtok bere “ilusioa eta konfiantza” adierazi du eta “Bilboko hiritargoarekin hitzemanda daukan konpromisoa” berretsi du. “Nonahi defendatzen jarraituko dut nire hiriaren indarra, bilbotarren izaera. Eta, batez ere, pertsonen interesak defendatzen jarraituko dut, Bilboko auzoenak eta hiri osoarenak”.

Halaber Bizkaia osatzen duten eskualde guztietako alkategaiek hartu dute hitza ekitaldian. Hitz batzuk esan dituzte berriro ere aukeratuak izateko aurkezten direnak: Amaia Agirre (Getxo), Esther Apraiz (Derio) eta Amaia del Campo (Barakaldo); Oier Zuberogoitia, Xabier Irazabal, Alaitz Erkoreka eta Alfonso San Vicente, Lekeitio, Gernika-Lumo, Mungia eta Balmasedatik, hurrenez hurren; eta Durango, Galdakao eta Igorren alkatetza EAJ-PNVrentzat berreskuratzeko asmoarekin aurkezten diren Mireia Elkoroiribe, Ainhoa Agirregoikoa eta Olatz Urkiza. Izen bakoitzak ordezkatzen du bere udalerria, bere izaera eta ezaugarri propioarekin, baina denek bat egin dute aldarrikatzean beren herriarentzako etorkizun hobea ere izango dela Bizkaiarentzat eta “helburu hori lortzeko modu bakarra” dela “elkarlanaren bidez, talde-lana bideratuz, EAJ-PNVn egiten dugun eran”.