Prentsa Aretoa
Berriak
2025/04/09
EAJ-PNVk “asmo handiko, sendo eta errealista” jo du gaur Bizkaian onartu den zerga erreforma
Aitor Arregi ahaldun jeltzaleak EH Bildu eta PPri kritikatu die “klase ertainari, gazteriari, emakumeei, familia ugariei eta guraso bakarrekoei, errenta baxuei, autonomoei eta enpresa txikiei mesede egingo dieten neurrien” kontra bozkatu izana

Bizkaia izan da zerga berrikuspena aurrera atera duen lehen lurraldea, EAJ-PNVk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek lortutako akordioaren ondorioz. Akordio horrek milioi bat zergadun baino gehiagori egingo die mesede Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). “Gaur Bizkaian anbizio handiko zerga-berrikuspen sendo eta errealista bat onartu dugu”, “klase ertainari, gazteriari, emakumeei, familia ugariei eta guraso bakarrekoei, errenta baxuei, autonomoei eta mikro-enpresa txikiei lagunduko diena”. Horrela deskribatu du Aitor Arregi Batzar Nagusietako EAJ-PNVko ahaldunak neurri horiek jasotzen dituen Foru Arauaren proiektua. Hala ere, “EH Bilduren eta PPren ezezko irmoa deitoratu du. “PPk muzin egin dio hitz egiteari, Madriletik datorren kontakizun batek baldintzatuta dagoelako; eta EH Bilduk, berriz, bere enegarren une historikoan omen dagoela, ezetza esan die jateko kontuei”, esan du.
Arregik adierazi duenez, “zerga-berrikuspen honek hainbat gai jorratzen ditu, hala nola etxebizitza eskuratzea, bereziki gazteentzat, familia ugarientzat edo kolektibo kalteberentzat; kontziliaziorako laguntza; emakumeen ekintzailetza sustatzeko genero-berdintasun eraginkorra edo, klimaren krisi batean gaudela, trantsizio berdea bultzatzea”. Ildo beretik gogoratu du neurri guztien atzean “benetako pertsonak” daudela; “zuen lagunak dira; zuen senideak, gurasoak; gure seme-alaben ikaskideak...”.
Hori dela eta, agerian utzi du EH Bilduk eta PPk ezetza eman diotela “36 urtetik beherako gazte batek etxebizitza bat erosteagatik edo alokatzeagatik kenkari handiagoa izateari; enpresetan gazteak eta emakumeak kontratatzeagatik kenkariak ezartzeari; autonomoek gainerako langileen baldintza berdinetan enplegu-aurreikuspeneko planekin bat egin ahal izateari; lan-jarduera bati ekiten dioten edo eszedentziaren ondoren lan-merkatura itzultzen diren emakumeentzat pizgarri gehiago eskaintzeari; enpresek kontziliazio-planak ezartzeko pizgarriak izateari ; eta langileek enpresetan parte hartzeko pizgarriak handitzeari; are gehiago, alokairuko etxebizitza-parkea sustatzearen alde hitz egin dute baina gune tentsionatuetan edo bitartekaritza publikoaren bidez pisua ohiko etxebizitza gisa alokairuan prezio eskuragarrian jarri nahi dutenei hobariak ematearen kontra bozkatu dute”, esan du Arregik. “Eta anekdota ez da beren burua antagonikotzat definitzen dutenek ezezko botoan batera bozkatzea, brotxa lodiko politikagintza da hori, dena ala ezer ere ez”, deitoratu du.
Azken batean, “beren kontuek ez dute ematen, biek proposatzen dute dirubilketaren beherakada neurrigabea eta zerbitzu publikoen finantzaketa arriskuan jartzea. PPren kasuan, lehiaketa suizida batean sartu da, zergak gehien nork jaitsiko dituen ikusteko. Eta, EH Bilduren kasuan, errenta baxuei aitorpena aurkeztera behartuz, klase ertaina ez ezik hemen berritzen eta inbertitzen duten enpresak zigortuz. Gaurko ogia eta biharko gosea. Eusko Alderdi Jeltzaleak baietz bozkatuko du etxebizitza bat eskuratu nahi dutenen alde, gazteei, autonomoei, emakumeei, kontziliazioari, deskarbonizazioan inbertitzen duten enpresei eta abarri gauzak errazteko. Zuek beste 45 urtez itxaron dezakezue gainerakook eraikitzen dugunarekin bat egiteko”, amaitu du.
Nabarmenak...
EBB
2025/04/20
EBB
2025/04/19
EBB
2025/04/17
Eusko Legebiltzarra
2025/04/14
EBB
2025/04/12
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
Europako Legebiltzarra
2024/05/22
EBB
2023/11/25
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20