Prentsa Aretoa
Berriak
2015/01/20
Juan Mari Aburto, baloreak eta konpromisoa Bilboko Alkatetzarako
EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarrak eta Bilboko Buru Batzarren Artekoak Juan Mari Aburto aukeratu dute hiribilduko Alkatetzarako
“Pertsona langilea naiz, konpromisoduna, inoiz burugogorra ere bai. Batzuetan zaila izan daiteke niri ideia bat burutik kentzea”. Hitz horiekin aurkeztu du bere burua Juan María Aburto Rique, Enplegu eta Gizarte Gaien Sailburuak eta Bizkai Buru Batzarrak eta Bilboko Buru Batzarren Artekoak EAJ-PNVren alderdikideei Bilboko alkatetzarako aurkeztu duten hautagaiak. Bere bizimodua gidatzen duten ardatz nagusi ditu fede kristau sakona, nonahi ezaguna den konpromiso soziala, zerbitzu publikoa emateko duen bokazioa, familia eta Athletic taldeaz sentitzen duen pasioa. Aburto 1961eko martxoaren 28an jaio zen ‘la gota de leche’ izeneko klinika hartan, gaur egun Indautxu Hotela dagoen toki berean. Helio aita, Derion jaioa, Bizkaiko Aurrezki Kutxako langile izan zen: mandatu-mutil gisa sartu zen 15 urte zituela eta BBKn erretiratu zen, Eusko Jaurlaritzarekiko harremanetarako nagusi zelarik. Ama Mariví, Fikakoa, "etxean zegoen, beti lanean". Aburto inguru euskaldunean hazi zen, baina euskara galtzeko arriskuan ere egon zen. Bizkaiko Aldundian lanean zegoela alfabetizatu zen, galdutakoa berreskuratu eta 3. Hizkuntz Eskakizuna atera zuen.
Zurbaranen hazi zen, Hegoaldeko saihesbidearen hasieran, Guridi Musikariaren enparantzan. Etxebarria lantegian hartu ohi zuen autobusa Santiago Apostolua Ikastetxera joateko. 8 urterekin, familia osoa Luis Briñas kalera joan zen bizitzera, Ingeniaritza Eskolaren aurrean. "Futbolean aritzen ginen han, ingurua urbanizatu gabe zegoen. San Mamesek egurrezko ateak zituen eta egurrean zulotxoak zeuden. Lagunekin zulotxo haietatik saiatzen ginen partidak ikusten... Iribar eta Txetxu Rojo miresten nituen nik". Luis Briñas kalean 18 urte bete arte bizi ondoren, sendi osoa Areetara joan zen. Han bizi izan zen Aburto 1987an Arantza Díez deustoarrarekin ezkondu arte. Deustura ezkondu eta... gaur arte .
Konpromisoa
Nerabezarotik datorkio EAJ-PNVrekiko duen harremana. 14-15 urte zituela Alderdi Egunera joaten hasi zen, berezko zuen gogoak bultzatuta. Bereziki gogoratzen du 1982ko Alderdi Eguna. “Euri jasa itzela izan zen egun hartakoa, eta gurasoen etxera joan behar izan genuen sikatzera. Aitak eta amak egun hartan ezagutu zuten errain izango zutena". Ahaztuko ez duen beste zerbait da "Iñigo Urkullu izan zela Alderdi Egun hartan hitz egin zuen EGIkidea”.
Santiago Apostolua Ikastetxean ikasi zuen batxilergoa, eta han fedea lantzen zuten taldeetan sartu zen. Orduko garaietatik datorkio konpromisodun pertsona izatea, fede handikoa izatea eta "apaltasun osoz" sinesten duen baloreen arabera jokatzea. "Gogoan dut lanean ibili ginela hainbat landa-lanetan San Martín de Elines herrian, Kantabrian; Tartalés de los Montesen, Burgosen... Landa-lanetan laguntzen saiatzen ginen baselizak edo kolegio-elizak konpontzen. Apaltasuna, austeritatea eta konpromisoa ere genituen helburu, baloreetan oinarritutako bizimodua bizitzeko: solidariotasuna, laguntasuna..." .
Aburto Bilboko La Salle ikastetxean matrikulatu zen, Arantza emaztea ezagutu zuen eta Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen 1979 eta 1984 urte bitartean. "Unibertsitatean ikasi nuen pertsonekiko harremanez, eta Zuzenbidearen bidez nire ardurak eta kezkak bideratzeko aukerak izan ahal nituela". Karrerako lehen ikasturtean CEN taldea ezagutu zuen (Ikasle Abertzaleen Batzordea) eta Ondarretako Batzokian alderdikidetzea erabaki zuen, baina gauza bat zela bestea zela, ezin izan zuen. Deustuko batzokian alderdikidetu zen 1990 urte amaieran, EAJ-PNV alderdian gorpuzten ziren baloreek erakarria, humanismoan oinarritzen zela eta pentsamolde kristauetatik eratorria zela sinistuta.
Herritarren zerbitzura
Orduko hartan Bizkaiko Foru Aldundian ari zen lanean. 1985ean Administrazio Orokorreko Teknikaria aukeratzeko oposizioetan aurkeztu zen eta 1986ean jabetu zen lanpostuaz. Ordutik aurrera, eta 28 urte igaro dira, Aburtorena zerbitzu publikoari emandako ibilbidea izan da. 1991 eta 1994 urte bitartean Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Zerbitzuetako Zuzendaria izan zen; 1994 eta 2003 urte bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiko Erregimen Juridikoko eta Funtzio Publikoko zuzendaria izan zen; 2003 eta 2011 urte bitartean, Gizarte Ekintzako Foru Diputatua; 2011tik 2012ra bitartean Lehendakaritzako Foru Diputatua eta Ahaldun Nagusi ordea; eta 2012 urte amaieratik Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaien sailburua da.
Aldi honetan, Aburtoren konpromiso soziala, pertsonekiko duen hurbiltasuna eta lantaldeak antolatzeko eta zuzentzeko duen gaitasuna izan dira ezagun. Erakuslerik argiena da Bilbo eta Bizkaia osoko elkarteekin duen harreman ezin hobea. "Gizarte Ekintzan zortzi urtez aritzeak irakatsi didan eta Iñigo Pombok ere transmititu didan zerbait da elkarteek garrantzi handia dutela. Gizarte Ekintzako Diputatu nintzelarik hasi nuen bidean harreman zuzena izatea erabaki nuen eta elkarteek duten balio handi hori ondo baliatu behar zela ikusi nuen. Elkarteak eta taldeak oso garrantzitsuak izan dira Bizkaian gizarte esku hartze alorrean". Gaur egun, Aburtok harreman zuzena du eta lankidetza aktiboa mantentzen du Cáritas, WOP, Sabino Arana Fundazioa eta Euskadi Txirrindularitza Fundazioarekin. Athletic-en bazkide ere bada 1972 urtetik aurrera. "Aitak bazkidetu ninduen", gogoratzen du hunkituta eta harro. "Pena handia da sailburu gisa ibilitakoa eta alkatetzarako proposamen hau berarekin partekatzerik ez izatea", esan du tristuraz. Helio iaz zendu zen.
Aburto bi mutilen aita da, "nire benetako altxorrak". Penaz aitortu behar du "batzuetan" aita etxean gutxitan egotea sufritu behar izan dutela. Jon, 24 urtekoa, Donostian ari da Arkitektura Teknikoko ikasketak amaitzen, eta Asier Elizbarrutiko Irakasle eskolan ari da bigarren mailan. Aburtok gogoan du Jon 1990an jaio zela eta 1991 urtean Juan Maria Atutxaren eskutik Herrizaingo Sailean sartu zela. "Esperientzia handia izan zen, baina urte mingarriak ere bai. Jon oso gutxitan ikusi nuen bere lehen urtetxoetan. Gogoan ditut Atutxaren hitzak. ‘Zuen emazteak ez aurkeztu gero, gorroto egingo naute eta’. Gero denek bihotzez estimatzen zuten, baloredun pertsona ezin baita sekula gorrotatu". Aburtok aitortu du semeen etorkizunagatik kezkatuta bizi dela. “Herri honetako gazteei garai zaila bizitzea tokatu zaie lan mundura irteteko orduan". Gizartegintza alorrean dituen kezka guztiak transmititzerik izan ez duen arren, "oso mutil onak " direla pentsatzen du.
Baloreak
Zorion borobila bizi du Jon eta Asierrekin San Mamesera doan guztietan. Tribuna Nagusiko bazkide dira hirurak. "Elkarrekin egoteko unea da. Aitak nirekin egiten zuen eta orain nik egiten dut semeekin. Asko gozatu eta asko sufritzen dugu". Athletic-a pasioa da beretzat. 18 urtera arte futbolean egin zuen La Salle ikastetxean eta Deustun, eta gazte denbora amaitutakoan OHOko 5. mailako mutikoak entrenatzen hasi zen La Salle ikastetxean. Xabier Losantos Omar orduko Lehen Mailako arbitro eta gaur egun Aburtoren Sailean Laneko zuzendari denaren eskutik hasi zen. Erregionaleko Bigarren mailan ere aritu zen. "Larunbat batez ezkondu nintzen 1987ko maiatzaren 9an, eta hurrengo egunean partida jokatu behar genuen: La Salleko Salesiarrak Karrantzaren kontra. Han egon nintzen ni. Urte ederrak benetan, kirolaren baloreetan hezten eta laguntzen".
Seme biei saiatu da Aburto ahaleginaren eta eroso ez geratzeko baloreak irakasten. "Helburu handiak eskuratzearren topera egitera animatzen ditut, bide erdiko lorpenekin ase ez daitezela. Lan egiten denean, ezin da ezer aurpegiratu, ez dago porrotik. Lanaren eta esfortzuaren baloreak irakasten saiatzen naiz. Aldi berean saiatzen naiz bizitzan prozesio batean joango balira bezala ez egiteko, pasatzen denari begira: inguruan duzunari begiratu eta eskain dezakezun hori zer den pentsatu behar duzu. Gauza txikienetan ere solidariotasunaren balioaz baliatzera animatzen ditut".
Juan Mari Aburto emozionatu egiten da emazteaz galdetzen zaionean. "Arantza da nire bizitza osoko maitasun handia eta bakarra. Une latzenetan sostengatzen nauena da, nire bizitzan eta familia osoan lasaitasuna,oreka eta segurtasuna bermatzen duena. Semeei esaten diet aita langilea eta ekintzailea dela, bai, baina etxeko bizkorrena ama dela. Eta hala da" .
Jose Luis Bilbaok behin esan zuen Aburto dela "bigarren eskuko autoa lasai asko erosiko diozun pertsona hori". Berak bost urte eta 60.000 kilometro egin dituen Nissan Qashqai bat gidatzen du. Futbola, ibiltzen joatea, koadrilarekin Deustutik ibiltzea eta irakurtzea ditu zaletasun. Aburtori inoiz galdetu diote bere baloreekin ez ote zaion politikan parte hartzea zail egiten. "Guztiz alderantzizkoa da. Politikak eman dit neure baloreak, neure sinesmen eta bizipenak praktikan jartzeko aukera". Aburtorentzat ia ezinezko gertatzen da Juan Mari Aburto pertsona eta Juan Mari Aburto zerbitzari publikoa bata bestearengandik banatzea. Horregatik, bere haragi eta odoletan sufritzen du pertsonen duintasunarekin zerikusia duten baloreak auzitan jartzen diren guztietan. Horregatik defendatzen du horrenbeste babes sozialerako euskal sistema, Espainiar Estatu osoan parekorik ez duena. “Zergatik defendatzen ote dudan? Jokoan dagoena milaka pertsonen duintasuna dagoelako. Batzuetan ez dugu ikusten Sarrerak Bermatzeko Errentarik ez egoteak suposatuko ligukeen kostea. Zer gertatuko litzateke Euskadin 65.000 pertsona horiek txirotasunik gorrienean eroriko balira? Non geratuko litzateke orduan beren duintasuna? Nola geratuko litzateke gure duintasuna pertsona garen eta gizarte bat osatzen dugun neurrian?", galdetu du .
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25