Prentsa Aretoa

Berriak

2015/03/21

Juan Mari Aburtok eskua luzatu die “Bilboren alde eta bilbotarren alde lan egitera eta laguntzera datozen guztiei”

EAJ-PNVk Bilboko alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia aurkezteko ekitaldian, alkategaiak “enpleguan, jarduera ekonomikoan eta batez ere, bizitza kalitatean hazteko” duen konpromisoa adierazi du eta bere taldea animatu du hiritargoaren alde “ jakitera, entzutera,aztertzera eta egitera”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • Bilboko Udalaren EAJ-PNVren hautagaitzaren aurkezpena: Itxaso Atutxa
    2015/03/21

    ARTXIBOA JAITSI

  • Bilboko Udalaren EAJ-PNVren hautagaitzaren aurkezpena: Juan Mari Aburto
    2015/03/21

    ARTXIBOA JAITSI

  • Bilboko Udalaren EAJ-PNVren hautagaitzaren aurkezpena: Iñigo Urkullu
    2015/03/21

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI

Areatzako pasealekuan gaur goizean aurkeztu da Bilboko udal hauteskundeetarako EAJren hautagaitza. Juan Mari Aburto buru dutela, 17 gizonek eta 15 emakumek osatzen dute zerrenda. Batez beste 48 urteko adina dute, eta goi mailako ikasketak egin dituzte. Pertsona esperientziadunen nahasketa da hautagaitza; asko gazteak dira, eta udal zereginetan esperientzia luzea eta prestakuntza handia duten pertsonen profila daukate.

Hautagai jeltzalea, Juan Mari Aburto, Ibon Areso alkatearen alboan egon da ekitaldian. Iñaki Azkuna zenaren oroimenezko hitz hunkigarriekin eman dio hasiera bere solasaldiari. Haren figura eta herritarrek zioten maitasuna gogoratu ondoren, orain dela urtebete bidali zion azken gutunaren lerroalde bat irakurri du. Bertan bere adiskidetasuna agertzen zion eta hau opa zion: “Begoñako Amak lagunduko ahal dizu une hauetan. Bera da, azken batean, gure bizitzak gidatzen dituen itsasargia”. Aburtok jendaurrean erantzun dio gutun horri, “Bilboren alde lan handia egiteko konpromisoarekin. Eta zintzotasunez, ilusioz eta grinaz egingo dut. Zuk egin zenuen bezala. Bilborenganako grinaz”.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarentzat ere esker oneko hitzak izan ditu hautagaiak: “Iñaki Azkunarekin batera, bere burdinazko itunarekin, Bilbo biziberritzen lagundu du, eta hiriari instalazio sinboliko eta beharrezkoak eman dizkio, dagoeneko Bilboren ikur bihurtu direnak”. Baita Eusko Alderdi Jeltzaleko gizon eta emakume guztientzat ere, “euren konpromiso-jarreragatik eta euren konfiantza emateagatik”, Juan Mari Atutxarentzat, “bere eskuzabaltasunagatik, eta arriskuak bere gain hartzeagatik, bizia galtzeko arriskua barne”, eta Iñigo Urkullu lehendakariarentzat ere bai, “berarengandik ikasi dut-eta balioen buruzagitza. Euskadi eskurik onenetan dago”.

Juan Mari Aburtok, bere hiru nortasun-ikurrak (hurbiltasuna, entzute aktiboa eta elkarlana) aitortu ondoren, Bilborekiko eta udalerriko herritarrekiko bere konpromiso hirukoitzaren balioa nabarmendu du: “lana eta ahalegina, gure helburuak lortzeko; zintzotasuna, prestutasuna eta zorroztasuna kudeaketan, eta segurtasuna, egonkortasuna, konfiantza eta zerbitzurako bokazioa”. Aurreratu du, halaber, Udalaren eta Aldundiaren arteko ituna berrituko duela, Unai Rementeria ahaldun nagusitarako hautagaiaren eskutik. “Horiek biak dira egonkortasunaren, lasaitasunaren eta konfiantzaren bermea, Bilbon zein Bizkaian”, azpimarratu du. 

“Garbi daukat zelakoa nahi dudan Bilbo: 10ekoa”

Aburto dageneko Bilboko auzo ia guztietatik ibili da. Azken hilabete hauetan herritarrek egin dizkioten eta berak koaderno gorri batean idatzi dituen proposamenak erakutsi ditu, esanez proposamen horiek Bilborako daukan gobernu proiektuan sartuko dituela. “Izan ere nire proiektua irekia, parte hartzekoa, malgua eta etorkizunekoa da”, esan du.

Juan Mari Aburtok hiru marra gorri jarri ditu, alkatea izateko gurutzatuko ez dituenak: “Ez dugu onartuko lehenengo mailako eta bigarren mailako bilbotarrak izaterik; zorroztasunez, zintzotasunez eta ondo jokatuz kudeatuko dugu, eta ez dut erabiliko hautagaien arteko irainik ez gezurrik”. Era horretara eskua luzatu die “enpleguaren, jarduera ekonomikoaren eta, batez ere, bizi kalitatearen aldetik Bilbo haztea nahi duten guztiei, Bilboren alde eta bilbotarren alde lan egitera eta laguntzera datozenei”.

Hiriarentzat daukan etorkizuneko proiektua dela eta, hautagai jeltzaleak esan du “10eko Bilbo” bat nahi duela. Bilbo inklusiboa, orekatua eta iraunkorra, eraginkortasunez eta eragimenez kudeatuko dituena bai bere baliabideak bai bere zerbitzuak, eta duintasuna, elkartasuna, gardentasuna eta etika oinarritzat hartuko dituena.

EAJren hautagaiak honela azaldu du hiriaz duen ideia: “erakargarria inbertsioetarako eta enplegua sortzeko, berritzailea eta sortzailea, jakintzan eta talentuan oinarritutakoa. Hiri segurua, ondo komunikatua, batua eta abegikorra. Hiri euskaldunagoa, adinekoekin atseginagoa eta gazteentzat itxaropentsuagoa. Desberdinak errespetatzen dituen hiria, indarkeriarik gabekoa, sexua, arraza edo erlijioa dela-eta bereizkeriarik egiten ez duena eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eskaintzen duena. Emakume izena duen Bilbo bat”.

Hori guztia lortzearren, Bilbo hazteko bere hiru lehentasunak zehaztu ditu: hazi enpleguaren aldetik, hazi jarduera ekonomikoaren aldetik, eta hazi Bilbon elkarrekin bizi eta lan egiten duten pertsonen bizi kalitatearen aldetik. Eta aurreratu du urteko enplegu plan bat egiteko asmotan dabilela, gazteei eta luzaroko langabeei laguntzeko, baita ekintzailetza programak eta unibertsitateko eta enpresako prestakuntzari lotutako programak ere.

Era berean, aurreratu du sustatu egingo dituela industria eta enpresa tradizionalak, industria sortzaile eta berritzaileak, teknologiarenak, diseinua eta beste gai batzuk, espezializazio adimentsua, enpresentzako zerbitzu aurreratuekin, turismoarekin eta biltzarrekin... Eta batez ere, konektibitate handiagoa sustatuko du, alegia, “portu gehiago, salgai gehiago sartu-irtenean; aireportu gehiago, nazioarteko hegaldi gehiagorekin; AHT gehiago, ahalik eta arinen Abandora heldu behar dena”.

Hiriaren hurrengo eraldaketa hiriko aukera-eremu berrietan gertatuko dela adierazi du (Zorrotzaurre, Zorrotzako Muturra, Abando, Bolueta, Artxanda…), eta ondoren gogora ekarri du berak apustu sendoa egiten duela kulturaren, arte eta historia ondarearen eta euskararen alde.

Ekitaldiaren azkenean, hautagai guztiek, EAJko kargu publikoek eta alderdi barruko karguek koaderno gorri sinbolikoa altxatu dute eskuan, hautagaiak botatako konpromisoari jaramon eginez: “eskatzen dizuet nik bezala egin dezazuela, Bilbo buruan eraman dezazuela eta bilbotarrak bihotzean. Bilboko herritarrekin zorretan gaude. Euren zerbitzuan gaude. Bilbo denon artean eraiki behar da”.

Urkullu eta Atutxa 

Iñigo Urkulluk ekitaldia amaitu du Aburtoren gizatiartasuna eta dimentsio politikoa goraipatuaz eskaini duen diskurtsoarekin, bereziki “herriarekin duen konpromisoa, bere konpromiso pertsonala, Bilboko elizbarrutiaren mugimenduan duen parte hartzea eta Deustuko Uri Erakundeko militantzia aktiboa, hori baita bere konpromiso politikoaren oinarria”. Urkulluk bere esker ona adierazi nahi izan dio duela hilabetera arte bere gobernuko Enplegu eta Gizarte Politika Sailburua izan denarentzat. “Enplegua eta Gizarte Politikak dira pertsonekin dugun konpromisoaren zutabe nagusiak. Sailburu izan den aldian, Juan Mari izan da nik ezagutu dudan pertsona adeitsua, hurbila, irekia, ulerkorra, solidarioa, langilea, ekintzailea eta konpromisoduna”. Amaitzeko, lehendakariak Aburtok ondo gordeta duen sekretua esan du: koaderno gorriaren edukia. “Koaderno gorri horretan jasota ditu Bilbon bizi diren pertsonen izen-abizenak. Pertsonen eskari eta behar guztiak jaso ditu. Bilbon bizi den pertsona bakoitzaren desioak eta gogoak idatzi ditu. Juan Mari izango da Bilboko pertsonen alkatea, guztiona, bakoitza bere izen eta abizenekin”.

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, hasiera eman dio ekitaldiari, Iñaki Azkuna gogoratuz, atzo, hilak 20, ostirala, bere heriotzaren lehen urteurrena bete zelarik. “Azkuna alkate handia izan zen eta da. Munduko alkaterik onena. Etorkizunerako ikuspegi paregabea zuen gizona”, aldarrikatu du Atutxak. Era berean gogoratu du hauteskundeak iritsi arte Azkunaren falta betetzeko lana egin duen gizona. “Ibon, une honetan azpimarratu nahi dut Azkunaren heriotzaren aurrean alkate makila hartzean erakutsi zenuen leialtasuna eta apaltasuna, eta argi daukat ekainaren 13an Juan Mari Aburtoren eskuetan jartzean, helburua betetzeak ematen duen harrotasunarekin egingo duzula”, esan du Bizkaiko jeltzaleen buruak. Aburto, ekitaldiaren protagonista nagusiari dagokionez, BBBren presidente andreak bere “bilbotasuna” aldarrikatu du. “Juan Mari Indautxun jaiotako ‘tomateroa’ da, Zurbaranen koskortua, Basurton hazia, eta Deustuan ikasi, ezkondu eta gizondua”. Atutxak era berean aipatu du Bilboko auzo guztietara egiten dituen bisitetan daraman koaderno gorria. “Nik ez dakit koaderno horretan zer idazten duen. Baina, jakin badakit orrialde horietan jasotzen dituela etorkizuna, ongizatea, konpromisoa eta baloreak. Eta, gauza guztien gainetik, izateko eta egiteko moldea da. Estilo propioa. EAJren estiloa. EAJren estiloa delako Bilbo Hazi Araztea. Estilo horrekin harro gaude hemen gaudenok eta gu baino lehenago etorri zirenak. Gauza bat izan ezazu argi, Juan Mari: Iñaki Azkuna zutaz harro dago gaur; zutaz harro alderdikide gisa; zutaz harro pertsona gisa, zure baloreekin; eta zutaz harro egongo da alkate gisa ere. Argi izan ezazu, Juan Mari, munduko hurrengo alkaterik onena izango zara”.