Prentsa Aretoa
Berriak
2015/12/05
Urkulluk Getxon baieztatu duenez, euskal hiritarren pentsioak “hobeto bermatuko lirateke Euskaditik kudeatuko bagenitu
Ortuzarrek Rajoy, Sánchez, Rivera eta Iglesiasen estrategia salatu du: “Egunen batean hemendik agertuko dira, botoa eskatuko digute… eta gero esandako guztia ezerezean geratuko da. Beraientzat Euskadik ez du existitzen. Euskal hiritarrak oso gutxi gara, jakin badakite euskal hiritarren botoek ez dituztela Moncloara eramango”
05-12-2015 Iñigo Urkullu Getxon
HITZALDIA - 2015/12/0505-12-2015 Andoni Ortuzar Getxon
HITZALDIA - 2015/12/05
“Euskadin kudeatzen duguna bermatuta dago. Bermatuta dago hezkuntza. Bermatuta dago Osasuna. Bermatuta dago gizarte babesa. Pentsioak guk kudeatuko bagenitu, horiek ere bermatuta egongo lirateke. Pentsio bidezkoak eta duinak. Euskaditik bertatik kudeatuak”. Iñigo Urkullu lehendakariak Getxon azaldu ditu gaurkoan, EAJ-PNVk hurrengo legealdian eramango duen agenda propioaren hiru ardatz nagusiak: etorkizunerako eta gizarte kohesiorako ekonomia; Bakea eta Bizikidetza finkatzea; eta Euskadirentzako estatus politiko berria. Urkulluk Getxon hitz egin du gaur arratsaldean egin den ekitaldi politikoan. Ekitaldi berean, ondoan izan ditu Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea eta Pedro Azpiazu, jeltzaleek Bizkaitik Kongresurako aurkeztuko duten zerrendako bigarrena.
Urkulluk euskal hiritargo osoari zabaldu nahi izan dion mezuak ohartarazpen argia eraman du: abenduaren 20ko hauteskundeez geroztik Alderdi Popularraren eta Ciudadanos taldearen arteko batasunik emango balitz, bat egite horrek ondorio txarrak ekarriko lituzke Euskadirentzat, bere autogobernuarentzat, euskal hiritarren ongizaterako, bakearen eta bizikidetzaren finkapenerako finkatzera… “Alderdi Popularrarekin, txarto. Alderdi Popularrarekin gehi Ciudadanos taldearekin, okerrago. Euskadirentzako batasun desegokia”, ohartarazi du Urkulluk. Alderdi horiek biek gorpuzten dituzten mehatxuen eta ukapenen aurrean, Lehendakariak berak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzak eta euskal gobernua sostengatzen duen EAJ-PNV alderdiak dakarten askatasunezko egitasmo baikorra ekarri du gogora.
Urkulluk gogoratu duenez, EAJ-PNVk betidanik defendatu ditu Euskadiren interesak Madrilen. “1936an egin zuen, Estatutua lortu genuenean eta Agirre Lehendakariak Eusko Jaurlaritza eta Herriaren instituzionalizatzea lortu genuenean. Berriz ere egin zuen Trantsizio garaian. 1978 urtean Euskal Herriaren Eskubide Historikoen aitortza eta Euskal Ekonomia Ituna lortu genituen, gaur egun ezagun ditugun erakundeak martxan jarri genituen. Eta, horren ondorioz, gure historiako ongizate mailarik gorenena lortu dugu. Eta, horren ondorioz ere, krisi larri honetan ere, Herriari eusten jakin izan dugu. Pertsonei eutsi ahal izan diegu, inor atzean utzi gabe. Konpromiso soziala. Orain hasi gara hazten eta etorkizunari begiratzen”, baieztatu du.
Etorkizun hurbil horretan, Urkulluk erronka berria identifikatu du. “Espainiak trantsizio denborak bizi ditu une honetan. Garai latzak datoz. Garrantzitsuak. Zailak izango dira Alderdi Popularra ezagun dugulako eta Ciudadanos taldeak ere zer esan nahi duen jakin badakigulako. Alderdi Popularrarekin, txarto. Alderdi Popularra gehi Ciudadanos taldea, are okerrago. Batasun kaltegarria Euskadirentzat. Horregatik, Euzko Alderdi Jeltzalea euskal gizartearen aurrean aurkezten da egitasmo batekin eta lantalde ekintzailearekin, ilusioarekin eta konpromisoarekin. Aberri mailan eta gizarte mailan. Gu baikorrak gara. Madrilera joateko babesa eskatzera gatoz, lantalde indartsua eraman dezagun. Hazteko egitasmoarekin, Euskadi indartsuagoa lortzeko. Jakin badakigu lankidetzan aritzen eta akordioak lortzen. Gurearen alde eztabaidatzen eta borrokatzen ere jakin badakigu. Inposatu nahi digutena salatzen, arbuiatzen eta errekurritzen dugu. Zutik eta erne egongo gara gure Autogobernua murriztu nahi duten bakoitzean geldiarazteko”.
Andoni Ortuzarrek, bere aldetik, bihar 1978ko Espainiar Konstituzioa ‘ez ospatzean’ oinarritu du bere diskurtsoa. “Guretzat, biharkoa ez da jai eguna. Oraingo Konstituzioa guri bizkarra emanda idatzi zuten. Ponentzia Konstituziogiletik kanpo utzi gintuzten. Eta Euskadin baiezko botoen %30 baino ez zuten lortu. Konstituzioak euskal hiritargoari bizkarra eman zion eta guk, euskaldunok, bizkarra eman genion Konstituzioari. Horregatik, Konstituzio hori, ez da gurea”. Dena dela, EBBren presidenteak argi esan du hurrengo legealdian Konstituzioaren balizko aldarazpenerako eztabaidan parte hartzeko prest dagoela, baldintza argi eta negoziaezinean oinarrituta, betiere. “Prozesu hau osasuntsua izan dadin eta arazoak okerragotzeko baino, konpontzeko balio dezan, ezin da taburik egon. Ezin dutena da beraiek nahi dutenaz hitz egitea eta besteoi zilegitasun osoz dagozkigun asmoak defendatzea eragoztea. Izan dezatela gauza bat argi eta garbi: EAJ prest dago Konstituzioaren aldarazpenean parte hartzeko, guk ez daukagu beldurrik. Baina han bagaude, euskal nazio nortasuna eta subjektu politiko gisa merezi dugun aitortza defendatzeko egongo garela. Aldebikotasuna, erabakitzeko eskubidea eta euskal autogobernuaren berezitasuna defendatzeko egongo gara. Gu ez gara harrizko gonbidatu izango, dena dagoen moduan edo okerrago gera dadin. Ikas dezatela 78ko hutsegiteetatik”.
Ortuzarrek albistegien interesa eta espainiar telebistetako entretenimendu saioen arreta monopolizatzen duten lau hautagaien jarrerak eta mezuak aztertu ditu. “Politikaz aritzeari dagokionez, jendearen arazoez hitz egiteari dagokionez, ezer ere ez. Marketing kanpaina bai. Zelofan handia eta edukirik ez. Tximist handi eta euri gutxi”. Jeltzaleen buruak euskal hiritarrei ohartarazpen bat helarazi nahi izan die: “Laurek bi gauzetan egingo dute bat, ikusiko duzue. Lehenengo eta behin, bihar Espainiar Konstituzioa ospatu eta goratu egingo dutela. Eta, bigarrena, kanpainako hamabost egunotan ez diotela Euskadiri kasurik egingo, kasurik ere ez euskal emakume eta gizonen interesei. Hemendik agertuko dira egunen batean, botoa eskatuko digute, beren arteko liskarretan jarraituko dute alternatiba onena nor den argitzeko… eta gero agindutako guztia ezerezean geratuko da. Euzkadi ez da esistitzen beraientzat. Euskal emakume eta gizonak oso gutxi gara, hemen oso diputatu gutxi aukeratzen dira, bigarren mailako lurraldea gara beraientzat. Ez dauka interesik. Jakin badakite euskaldunon botoek ez dituztela Moncloara eramango. Eta haiek nahi dutena da Moncloara joatea. Hori da guk nahi dugunaren alderantzizkoa, EAJk nahi duenaren alderantzizkoa. Guri, Konstituzioak eta Moncloak oso gutxi axola digu, eta Euskadik asko axola digu. Euskadik den-dena axola digu”.
Pedro Azpiazuk, EAJ-PNVk Bizkaian Kongresurako aurkeztuko duen zerrendako bigarrenak, “ziurgabetasun handian” gaudela azpimarratu du eta, beraz, arrisku handiko momentuan, Estatu mailan “aurrekaririk ez duen krisi ekonomiko eta politikoaren erdian”. Zentzu horretan iragarri duenez, “gauzek hobera egin dezakete, baina okerrera ere, Madrilera joan behar dugu autogobernuari eusteko lan gogorra egitera, gure ongizateari eustera, Ekonomia Ituna defendatzera, abiadura handiarekin hartutako konpromisoak eta pendiente ditugun transferentziak betetzea exijitzera, hauen artean Segurantza Soziala eta Espetxe politika”. Azpiazuk azpimarratu du zeinen garrantzitsua den Diputatuen Kongresuan EAJ-PNVren ordezkaritza sendoa izatea. “Gu ez bagaude, beste batzuek hartuko dute gure lekua, baina gu ez gara ez berriak ezta sistemaren kontrakoak. Gu langileak gara, parte hartzaileak gara eta gurea defendatzen dugu Madrilen eta leku eta erakunde guztietan. Egintzek abalatzen gaituzte. Eta bide horretan segituko dugu”, bermatu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25