Prentsa Aretoa
Berriak
2015/12/12
Aitor Estebanek euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu du nazio aitortzarako elementu gisa
Bizkaiko hautagaiak baieztatu du “legez egingarria dela” eta “denon artean egin beharreko lana dela; kirolariek aldarriari eutsiaz, politikariek eskatuaz eta aukerak baliatuaz eta, jakina, gizarteak ere, une oro egiten den eskari bihurtuaz”
Kirolari dedikatutako goizean eta diziplina ezberdinetako kirolariez inguratuta, Aitor Estebanek, abenduaren 20ko hauteskundeetarako EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburu eta berraukeratzerako hautagaiak, Bilbon aldarrikatu du berriro Euskadiren nazio selekzioak propio gisa aitortuak izatearen “garrantzia eta beharra” eta “herri gisa lehiatzeko aukera izan dezagun, beste hainbat lekutan arazorik gabe gertatzen den moduan”. Hauei ofizialtasuna ematea eragozten duten gauza bakarrak dira “espainiar gobernuek urteotan ezarri dituzten eragozpenak” kritikatu du, eta herritarrei azaldu die legeak aukera ematen duela euskal kirol federazioei izaera ofiziala emateko. “Zoritxarrez -deitoratu du- PSOE eta PPren burugogorkeriak ez digu aurrera egiten utzi”, ezta “akordioa errazagoa izango litzatekeen diziplinetan ere”. Bizkaiko hautagai jeltzaleak bere esker ona adierazi nahi izan die Kayak Surf-eko selekziokoei, “emaitza bikainak lortu baitituzte”, Pencak Silat-ekoei eta “jakina, sokatira selekziokoei, Basque Country izenpean ikurrina beste herrialde askotako banderen mailan egotea lortu baitute”.
Kirola talde sentimenduari lotuta dago eta Estebanek gogoratu duenez “betidanik egon da aldarria oztopo ideologikoen gainetik: gure nazio selekzio propioak izan nahiko genituzke” azaldu du “nazio gisa aitortuak izatea nahi dugula esaten dugunean, kirol esparruan ere hala izatea nahi dugulako”. Zentzu berean azaldu duenez “EAJ-PNVren aldarria da, euskal gizartearena eta gure kirolariena, gertakari garrantzitsuenetan behin eta berriz eskatzen dutelako”.
Estebanek bi kirol diziplina aipatu ditu “borondaterik egon ezkero” euskal selekzioen ofizialtasuna egingarria dela erakusteko. Lehenengo eta behin, errugbia (ekitaldi honetako kirol nagusia izan da). Hartara, eskoziar errugbi selekzioa eta Galeseko errugbi selekzioa daudela esan du “eta ez da ezer gertatzen”. Areago, Irlandako errugbi selekzioan, Eireko errepublikako jokalariek eta Ulsterrekoek talde nazionala osatzen dute. “Ulsterren, horrenbeste tentsio egon diren lekuan denak irlandarrak direla eta denek jolastu ahal dutela onartu dute; hemen ere egin beharko litzateke, hau da, Iparraldeko eta Hegoaldeko jokalariak nazio selekzio batean” aldarrikatu du. “Irlandan arazoak izan ditzakete, himnoekin ere, Irlandako Errepublikaren himnoa IRAren antzinako himnoa delako; ba, egin dutena izan da himno berezia izatea, kanpoan jokatzen denean Irlandar errugbia ordezkatzeko eta Dublinen daudenean, biak entzuten dira. Sentsibilitate hori bilatu dute, baina denek dakite herri bat direla eta batez ere Britainia Handiak ere izan du hori horrela adieraztea baimentzeko moduko sen ona”, ezarri du.
Bigarrenez, pilota jokoa gogoratu du “oraindik ere ezin dut ulertu nola oztopoak jartzen dituzten”. Pilota jokoak “gure izena darama: euskal pilota da”. Beraz, “nola liteke herri honekin horren identifikatuta dagoen gauza batekin nazio selekzioa izaterik ez uztea?” galdetu du. Horren adibide modura esan du kirolen asmatzaileei nazioarte mailako aitortza eman zaiela, lacrosse, esate baterako. Diziplina hau nahiko berria da eta nahikotxo praktikatua Kanadan eta AEBn, baina Amerikako indigenek sortu zuten. Aitor Estebanek berak, gizarte hauen ikertzaile eta defendatzaile den aldetik, zera azaldu du “munduko lacrosse txapelketak munduko edozein tokitan egiten direnean” eta Txekiar selekzioak, Finlandiakoak, AEBkoak edo Kanadakoak parte hartzen dutenean “beste selekzioa dago: iroquiar selekzioa; jokoa asmatu zuten indigenena”. “Naturaltasun osoz herria dela aitortzen zaie; jokalari batzuk kanadarrak dira eta beste batzuk estatubatuarrak, baina denek jolasten dute beren nazioaren alde, iroquiar nazioaren alde”, azaldu du.
Beraz “legez bideragarria bada, gizarte mailako aldarrikapena badago; inguru hurbilean egingarria dela ikusi bada; gure izena daramaten kirolak badaude… Zein da arrazoia Euskadiko selekzioak aitortzen utz ez dezaten? Erraza da erantzuna: politikoki nahi ez dutelako”, esan du. Baina, berraukeratzerako hautagaiak berriz azpimarratu duenez, EAJ-PNVk urteak daramatza eskari hau parte hartzen duen erabaki organo guztietan planteatzen”. “Aurrera aterako dugu, denon artean. Kirolariek aldarriari eutsiaz, politikariek behar den tokian eskatuaz eta etorkizunean agertuko zaizkigun aukerak baliatuaz eta, jakina, gizarte osoak, une oro egiten den aldarrikapen bilakatuaz”, amaitu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25