Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2015/12/30

Jon Andoni Atutxa: “Bizkaitarren ongizatea areagotzea da aurrekontu hauen xede nagusia”

Bizkaiko Batzar Nagusiek gaurkoan onartu dituzte 2016 urterako Foru Aurrekontuen Egitasmoa, “pertsonen beharrizanak” asetzeko eta “inor ere bide bazterrean ez uzteko” kontuak

rss Ezagutzera eman
Jon Andoni Atutxa: “Bizkaitarren ongizatea areagotzea da aurrekontu hauen xede nagusia”

ARGAZKIA JAITSI

Jon Andoni Atutxa, Bizkaiko Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak (EAb) taldeko bozeramailea, pozik agertu da gaur herrialdeko 2016 urterako aurrekontu nagusiak Bizkaiko ganberan onartuak izan ondoren. Atutxaren esanetan, kontu hauek bost zutabe nagusiren gainean eraiki dira: “Herritarren ongizateari eustea eta gizarte zerbitzuak hobetzea; sustapen ekonomikoa eta enplegua suspertzea; herrialdearen nazioartekotzea; Gizarte eta herrialde mailan Bizkaia kohesionatuagoa bultzatzea eta administrazio modernoagoa, eraginkorragoa eta gardenagoa lortzea”. Hurrengo ekitaldirako aurrera atera diren aurrekontuak osotara egiten dute 7.437,7 milioi euroko kopurua (azken ekitaldi honetakoa baino %2,6 altuagoa), kopuru horretatik 1.178 milioik Aldundiak berak kudeatuko duen kopurua egingo dute.

Gernikako batzarretxeak gaur goizean hartu du Bizkaiko Foru Aldundiak hastear dagoen urte berrian erabiliko dituen kontuak onartzeko, Bizkaiko legebiltzarrean egin behar ohi den azken izapidea. Foru Arauaren egitasmoa Bizkaiko Ganberaren azken osoko bilkurara heldu da oposizioko batzarkide taldeek egitasmoari aurkeztu dizkioten 318 zuzenketekin, abenduaren 18 eta 22 bitartean egin diren zortzi Ekonomia eta Ogasun batzordeetan arbuiatuak izan ondoren. Azkenean, behin betiko aurrekontuan 436.000 euroko balioa duen aldarazpena egingo da, hainbat bilkuratan EAJ-PNVk eta PSE-EEk elkarrekin adostutako dozena bat zuzenketa onartu direlarik (10 zuzenketa partikular eta 2 transakzio-zuzenketa). Horietako bost izan dira lehen aldiz Bizkaiko legebiltzarraren web gunean (www.jjggbizkaia.eus) jaso direnak, Ganberaren araudi berriak herritarren partehartzearen inguruan zabaldu duen aukera berriari jarraiki.

EAbren bozeramaileak oposizioko taldeen jarduna kritikatu du talde ezberdinek aurkeztu dituzten zati zuzenketak “kontraesankorrak” izan direla azpimarratuz, eta azaldu du kontuak “zentzudunak, landuak, aztertuak eta errealak” direla. Atutxak era berean azaldu du EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos eta Alderdi Popularraren zuzenketak zergatik ez diren aurrekontuen egitasmoan jaso. “EAJ-PNVk pertsonen beharrizanei erantzuteko aurrekontua egin nahi du, herrialde honetako herritargoaren ongizatea areagotzeko eta inor bide bazterrean utzi gabe” baieztatu du. “Ez da gauza bera egiten EH Bildu taldeak aurkeztu dituen zuzenketetan; foru erakundearen barruan gardentasuna sustatu nahi duten arren, gardentasun hori abian jartzeko tresneria martxan jartzeko partida murriztu nahi duelako. Edo, Ahal Dugu-Podemos taldeak planteatu dituen zuzenketekin, kontu hauek Bizkaiko emakume eta gizonei kalte egiten dieten titular populisten bidez gutxietsi nahi dituztelarik, baina, hori bai, esaerak esaten duen bezala: ‘zabal ezazu gezurra eta beti geratuko da arrastoa’. Eta, zer esango dugu PPren aldetik heldu zaizkigun proposamenez, inbertsio gehiago bai, baina zergak murriztuaz egin nahi dituena. Kalifikazio bakarra etortzen zait burura: kontraesana. Eta kontraesanean oinarrituta, zail egiten da Bizkaia aurrera ateratzea”, ezarri du.