Prentsa Aretoa

Berriak

2016/12/27

Jon Andoni Atutxak adierazi du pertsonak direla Bizkaiko 2017rako aurrekontuen “abiapuntua”

Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak azpimarratu du Aldundiak datorren ekitaldian izango dituen kontuek “enpleguaren alde egiten dutela, lurraldeko jarduera ekonomikoan eragiten dutela eta zerbitzu publikoak indartzen dituztela”

rss Ezagutzera eman
Jon Andoni Atutxak adierazi du pertsonak direla Bizkaiko 2017rako aurrekontuen “abiapuntua”

ARGAZKIA JAITSI

“Pertsonak, bizkaitar guztiak, dira aurrekontu horien abiapuntua”. Era horretan hasi du Jon Andoni Atutxak, Euzko Abertzaleak Taldeko (EAb) bozeramaileak, Batzar Nagusien osoko bilkuran egindako hitzaldia. Hitzaldi horrek abiarazi du, hain zuzen ere, datorren ekitaldiko arau ekonomiko garrantzitsuena: aurrekontuak. Atutxa pozik agertu da kontuak onartu direlako; izan ere, horien helburua da “enplegua sustatzea pertsonen etorkizuna bermatzeko; lurraldeko ekonomia jardueretan eragitea pertsonengan eragina izan dezan; zerbitzu publikoak indartzea pertsonen bizi kalitatea hobetzeko; eta pertsonentzako gizarte zerbitzuak. Aurrekontuek honako hau egiten dute: pertsonei lehentasuna eman” zehaztu du.

Gernikako Batzar Etxeak gaur goizean azken legebiltzarreko izapidea egin du onartzeko Bizkaiko Foru Aldundiak 2017an egingo dituen kontuak. Aurtengo aurrekontua 7.394 milio eurokoa izango da, hauetatik 1.165,5 milio Aldundiaren berezko kudeaketarako. Era horretan eman da Foru Arau Irizpen Proiektua Bizkaiko ganberaren urteko azken bilkuran, eta 551 zuzenketa partzial izan ditu; izan ere,  abenduaren 19tik 21era egin diren zortzi Ekonomia eta Ogasun Batzordeetan oposizioko talde batzarkideek ezetza eman zioten. Azkenean, aurrekontua 676.000  eurotan aldatu da arestian aipatutako saioetan hogei bat zuzenketa adostu baitziren, horietako bost zuzenketa teknikoak izan ziren.

2016. urtekoekin alderatuta kontuen kopurua, guztira, gutxitu egin da; hala ere, Atutxak adierazi du “gastuetan egindako murrizketak eta gizarte politiketan egindako inbertsioak bateragarriak izan daitezkeela”. “Lortzea espero dugun sarreren araberako aurrekontua da. Ez dugu ez daukaguna gastatuko”, ziurtatu du Atutxak. Eta adierazi du “sarrerak murrizten badira aurrekontuak ere behera egiten duela. Eta hori erantzukizunez jardutea baino ez da”. Hori dela eta, aurrekontuen dokumentua “errealista eta koherentea” dela esan du.

Bozeramaile jeltzaleak zerrendatu ditu bere taldeak oposizioak aurkeztutako zuzenketen aurka bozkatzeko izandako arrazoiak, eta aurpegiratu die zuzenketak aurkeztean “Bizkaiko herritarren ongizatea hobetzearen alde egin ordez inpaktu gehien edukiko zuen titularrari lehentasuna ematea”. Lehenik eta behin “gehiago egoteak ez du esan nahi hobeto kudeatuko denik; partidak handitzea eta mahai gainean milioiak jartzea diskurtsorako mesedegarriak dira, baina diru publikoaren kudeaketa txarra da”, aurpegiratu du. Ildo beretik, Atutxak adierazi du oposizioak planteatutako aldaketak “beste partida batzuk murrizten dituztela” konponbideak planteatu gabe, eta horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren funtzionamendu egokia oztopatzen duela. Eta azkenik, azaldu du aurkeztutako zuzenketa batzuk “Aldundiak jada hartutako konpromiso batzuk apurtzea” ekarriko dutela; “zorrak ordaindu egin behar dira”, zehaztu du.

EAbko bozeramaileak Bizkaiko ganberan esan duenez, EAJ-PNVk berriro ere honako aurrekontu honen alde egin duela: “pertsonen beharrei erantzuten diena, eta lurralde honetako herritarren ongizatea hobetzen duena, inor alde batera utzi gabe”. Era horretan, onartu diren aurrekontuak “bi printzipio horiekin kontsekuenteak  direla” esan du. “Landutako aurrekontuak dira, aztertutakoak eta errealak” adierazi du.