Prentsa Aretoa
Berriak
2017/03/28
Aldundiak gazteentzako 137 proiektu garatuko ditu aurten eta horretarako ia 70 milioi euroko inbertsioa egingo du
Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak aurkeztu du 'Bizkaia Goazen Gazteak' ekimena. Honen bidez diputatu jeltzaleak urrats berriak ematen ditu hauteskunde programa betetze aldera, non herrialdeko gazteriarekin batera Bizkaiaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko konpromisoa hitzematen zuen.
Bizkaiko Ahaldun Nagusia den Unai Rementeriak 2017. urterako eta 'Bizkaia Goazen Gazteak' izenburupean Aldundiak abian jarri dituen jardueren agendaren berri eman du gaur goizean. Foru-sailek bultzatu dituzten 137 proiektu dira, eta 69,6 milioi euroko inbertsioa ekarriko dute. Ekimen horren bidez diputatu jeltzaleak urrats berriak emango ditu hauteskundeetarako eraman zuen egitasmoa betetzera begira, egitasmo hartan hitzeman baitzuen herrialdeko gazteriarekin batera "Bizkaiaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko" konpromisoa. "137 proiektuek hiru bertute partekatzen dituzte: aukera-berdintasuna, pertsona eta udalerri guztiak berdinak dira; Europako politikekin bat egiten duten proiektuak izatea eta munduari lotuta egotea; eta, garrantzitsuena, guzti-guztion artean diseinatutako proiektuak izatea, hau da, aldundiaren eta gazteen artean, baina baita sektore publikoaren laguntzarekin ere", azpimarratu du Ahaldun Nagusiak.
Gazteen urterako aurreikusitako proiektuak 6 eremuren arabera egituratuko dira, aukerak sortzea bilatzen dutenak, gazteei prestatzen, lan egiten, parte hartzen, laguntzen, munduarekin konektatzen eta gozatzen lagundu ahal izateko. "Lehentasun bat partekatzen dugu: enplegua. Eta horretarako, prestakuntza da gure aliaturik onena. Hori dela eta, ahalegin guztia egingo dugu prestakuntza eta enplegua lantzeko. Laster, 40 gazteri zuzendutako enplegu-anezka bat jarriko dugu martxan. Prestakuntzari dagokionez, berriz, dagoeneko eskaintzeko ditugun ia 200 bekak eta milioi bat euroko zenbatekoa osatu nahi ditugu", adierazi du Rementeriak.
Hori horrela, enpleguaren ardatzean, gazteentzako bi anezka espezifiko jarriko dira abian urrian: bat Bilborako eta Eskuinalderako, eta bestea Ezkerraldea eta Meatzalderako. Gainera, jarduketa zehatzak babestuko dira, ahala nola autoenplegua, ekintzailetza, mikroenpresak eta iraupen luzeko gazte langabetuak edo gizartean baztertuta dauden gazteak kontratatzeko diru-laguntzak.
Prestakuntzari begira, praktika akademikoak egiteko 100 plaza eskainiko dira, bai aldundian eta egoitzetan, bai foru-zentroetan. Bestalde, ikasle eta graduatutako gazteentzako bekak eskainiko dira nazioartean erreferentzia diren zentroetan eta espezializazio-ikasgeletan. "Gure gazteek prestakuntza-programa eta unibertsitate aurreratuenetako batzuetara joateko aukera izatea nahi dugu, gure iritziz estrategikoak diren sektoreak jorra ditzaten, besteak beste: automobilgintza, energia, aeronautika, zilarrezko ekonomia, smart data eta finantzak", nabarmendu du Unai Rementeriak. Halaber, hauxe adierazi du: "enpresei eraginkorragoak izateko modua galdetu diegu, haiek baitakite inork baino hobeto zein premia dituzten. Eta konpromiso bat dago: Bizkaiko inbertsio guztia Bizkaira itzuliko da".
Parte hartzeari dagokionez, gazteek ere politika publikoetan parte hartzea da xede nagusia. Rementeriak bereziki nabarmendu nahi izan du Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den ahalegina, ez bakarrik gazteentzako gauzak egiteari dagokionez, baina baita gauzak gazteekin egiteari dagokionez ere. Eta hiru jarduketa zehatz azpimarratu ditu: bi work cafe eta gazteei zuzendutako jai bat. Work cafe horietako lehenengoan, enpresak dituzten gazteak eta nazioarteko ekintzaileak harremanetan jarriko dira; maiatzean egingo da. Bigarrena, aldiz, belaunaldi artekoa izango da eta azaroan egingo da, enpresan, erakundeetan edo gizarte mugimenduetan pilatutako esperientzia gazteei jakitera emateko. Horri jai baten babesa gehitu behar zaio, Bizkaia Summer Jaia, ekainaren 22an Euskalduna Jauregian egingo dena.
Laguntzaren ardatzean, babesgabezia egoeran dauden adingabeak, nerabeak eta etorkin gazteak egoitzetan hartzeko ekimenak sartzen dira, baita errenta aitorpeneko kenkari bereziak ere, etxebizitza eskuratzeko. Horrez gain, kultur arteko integrazioa eta balioak lantzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak sartzen dira, eta gizarte bazterketa egoeran dauden pertsona eta familia gazteen gizarteratzearen eta laneratzearen babesa.
Munduarekin konektatzeari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiak kultur arteko elkarrizketa mesedetu eta euskararen erabilera sustatu nahi du gazteen artean. Aisiaren ardatzean, berriz, gazteen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetu gura dira, kirola eta portaera osasuntsuak sustatuz, besteak beste.
Saregileak eta Bizkaia Gazte Txartela
Gazteen Urtea aurkeztean, Unai Rementeria bi gazte-taldek lagunduta egon da, dagoeneko abian diren ekimen bana aurkeztu dutenak: saregileen figura eta Bizkaia Gazte Txartelaren diseinuan lan egiten ari den gazte-taldea.
Saregileak bi gazte dira, Estibaliz eta Endika, gazte jendea egoten edo biltzen den lekuetara joango direnak. Hau da, eremuko eragile bi dira, Bizkaiko eskualdeetan zehar ibiliko direnak, Bizkaiko gazte urtea agerian jarriz, dinamizatuz eta gizarteratuz gazteentzat esanguratsuak diren espazioetan. Lurraldeko gazteek egoteko, elkarrekin bizitzeko eta harremanetan sartzeko erabiltzen dituzten leku eta esparruetan egotearen, eta gainera beraien moduan egitearen, aldeko apustua da. Haien egitekoa gazteei entzutea, beraien eskaera eta kezka garrantzitsuenak Bizkaiko Foru Aldundiaren eskaintzarekin konektatzea, beti sortzen diren aukeren jakitun egongo den kontaktu-sare bat sortzea, proiektuak identifikatzea eta aukerak sortzea izango da.
Bizkaia Gazte Txartelari dagokionez, hura diseinatzeko lanean ari da Bizkaiko 7 talentu gazteko lantalde bat, diziplina askotakoa. Haren lana gazteak beraiei zuzendutako zerbitzu eta proiektuekin konektatzeko tresna bat sortzea da. Lantalde hau gazteen eskaera garrantzitsuenak eta konponbiderik onenak zeintzuk diren aztertzen ari da. Are gehiago, lantaldeak aurreratu du balitekeela behin betiko konponbidea ez izatea txartel bat. Xehetasunak uda baino lehen jakitea aurreikusten dugu.
ITURRIA: Bizkaiko Foru Aldundia eta EAJ-PNV
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25