Prentsa Aretoa

Berriak

2017/05/18

Rementeriak Gernikan bukatu du bizkaitarrei kontuak emateko egindako topaketen lehenengo zikloa

Ahaldun nagusiak eskualdean martxan dauden jarduketa garrantzitsu bi nabarmendu ditu: Autzaganeko tunelak eta Gaztelugatxeko San Juanerako proiektua

rss Ezagutzera eman
Rementeriak Gernikan bukatu du bizkaitarrei kontuak emateko egindako topaketen lehenengo zikloa

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria Gernikan egon da gaur arratsaldean, Busturialdeko auzotarrekin, eta, hala, amaitutzat jo du bizkaitarrei kontuak emateko gure lurraldeko eskualde guztietan aurreko urte amaieratik hona egin duen hamar topaketako zikloa. Bilbao, Basauri, Igorre, Durango, Santurtzi, Markina, Balmaseda, Leioa, Derio eta, gaur, Gernika: herri horietan egin dira aipatutako topaketa horiek, zeinak antolatu diren herritarren ideiak zein proposamenak entzun eta Aldundiaren proiektuak zenbateraino gauzatu diren azaltzeko.

Gaurko topaketan, eskualdean martxan dauden jarduketa garrantzitsu bi nabarmendu ditu Rementeriak. Lehenengo, Aldundia komunikazioetan egiten ari den hobekuntzak aipatu ditu, eta, bereziki, Autzaganeko tunelak. Bigarren, Gaztelugatxeko San Juanerako proiektua azaldu du. Ahaldun Nagusiak adierazi du proiektu hori Gaztelugatxerako eta haren ingururako proiektu integral bat dela, hobekuntza-obren plan bat baino gehiago, beraz. Gaineratu du plan integral bat nahi duela Aldundiak, alderdi hauek lantzeko: eremuaren kudeaketa, erretornu ekonomikoak, aldearen dinamizazioa, ingurumenaren babesa, turismoaren aldetik izan dezakeen indarra... Esan du San Juan Bizkaiarentzat garrantzitsua bada koherentea izan beharra dagoela eta etorkizunerako plangintza iraunkorra, serioa eta etorkizunekoa egin behar dela.

Gaur egun aztertze-fasean dauden baina datozen urteetan aurre egin beharko zaien beste zenbait proiektu ere aipatu ditu Rementeriak. Hala, Muxikako industrialdea, Guggenheim Urdaibai museoaren handitzea eta Sollubeko tunelak ekarri ditu gogora. Muxikako industrialdeari dagokionez, Rementeriak defendatu du Busturialdeak jarduera ekonomikoetarako lurra behar duela. Gogoratu du proiektu hori izapidetze-fasean geratu dela hainbatetan. Baina esan du orain dela unea aztertzeko zelan gauzatu litekeen industrialdea datozen urteetan. Esplikatu du ez dagoela denetarako dirua, baina beharbada gogoeta egin eta poligonoa faseka egin beharko litzatekeela, eskutik joan daitezen izan litekeen eskaria eta lurraren garapena.

Guggenheim Urdaibai museoaren handitzeari buruz, Rementeriak gogora ekarri du Guggenheim Bilbao Fundazioak datozen urteetarako duen plan estrategikoaren barruan dagoela proiektu hori, eta beharrezkoa dela gogoeta instituzionala eta politikoa egitea, ikusteko ea proiektua egokia den eta erabaki bat hartzeko, eta gaineratu du hori guztia hemendik lasterrera egin behar dela, modu diskretuan. Azkenik, Sollubeko tunelak direla eta, azpimarratu du Aldundia ez dagoela besoak tolestuta, baina gaineratu du proiektu horrek 240 milioi euroren kostua duela eta ezin izango dela legegintzaldi honetan gauzatu. Rementeriak adierazi du bi lan-ildo dituela Aldundiak: Europako funtsak lortzea proiektua osorik egiteko, edo, errealitatera egokituago dagoen bat egitea, gure baliabideekin egingarri dena. Esan du, baina, epe ertainean errealitate bihurtuta egon behar duela.

Bermeoko portua ere izan du hizpide Rementeriak, eta adierazi du erakundeek aztertu egin behar dituztela halako portu batek eskaini ditzakeen aukera guztiak. Haren iritzian portua inportantea da eskualdeko jarduera ekonomikoarentzat eta enpleguarentzat. Eta gehitu du Aldundia prest dagoela beste instituzio batzuekin batera lan egiteko gogoeta horretan eta bultzada bat emateko portuari.

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia