Prentsa Aretoa
Berriak
2017/09/27
Jon Andoni Atutxa: “Arazoei aurre egiteko, erronkak planteatzeko eta konponbideak bilatzeko gaude”
Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak enplegua, jarduera ekonomikoa, zerbitzu publikoen hobekuntza, eta Bizkaia moderno eta irekia aldarrikatu ditu herrialdearen etorkizunerako elementu gisa
2017.09.27 Jon Andoni Atutxa - Politika Orokorreko bilkura
MINTZALDIA - 2017/09/27
“Kontuan izan gaitzazu arazoei aurre egiten dien, erronkak planteatzen dituen eta konponbideak bilatzen dituen gobernua izaten jarraitzeko” hitz horiekin aurkeztu du Jon Andoni Atutxa Bizkaiko Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak (EAb) taldeko bozeramaileak gaur Gernikako batzar etxean egiten ari den Politika Orokorreko osoko bilkuran egin duen eskaintza. Zentzu berean baieztatu du Bizkaiko Ganberako EAJ-PNVko ordezkariek orain arte bezala defendatuko dutela “jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua izango dituen eta gure enpresa sarea indartzeko lana egingo duen Bizkaia”; “gizarte eta herrialde kohesioarekin eta denontzako aukera berdintasunarekin”; Bizkaia “modernoa, hurbila eta arduratsua, administrazio publiko eraginkor eta hurbilarekin”, eta “mundura konektatua eta irekia”; horiek elementu guztiak eskaini ditu Bizkaiko hiritargoaren bizitza kalitatea hobetzen jarraitzeko.
Atutxak gogoratu duenez, iragan uztaileko Bizkaiko Barometroaren arabera, hiritargoaren %76k adierazi zuen herrialdean oso ondo edo nahiko ondo bizi direla, lehen kezka jarduera ekonomikoa eta enpleguari eman beharreko bultzada diren arren. Iazko datuekin alderatuta “langabezian dauden 20.000 pertsona gutxiago daude” “eta hamalau hiruhileko jarraituan gure BPGak gora egin du”. 2018 urterako ere joera zentzu berean egitea aurreikusten delarik, Azaldu duenez “suspertze bidean gaude” baina “suspertze hau kalera iritsi behar da, etxebizitza guztietara. Pertsona horientzat guztientzat aukerak sortzeari ekin behar diogu eta kalitatezko enpleguak behar dira, egonkorrak eta duinak” baieztatu du.
EAbko bozeramaileak fiskalitateari buruz ere hitz egin du: “Oraingo legealdian Ganbera honetako gai garrantzitsuenetako bat izan da”. Zentzu honetan gogoratu du taldearen konpromisoa dela 2013an hasitako erreforma ebaluatzea eta erreforma hori hobetzeko neurriak proposatzea. Aurreratu duenez, “hurrengo asteotan” fiskalitateari buruz eztabaidatzeari ekingo zaio eta ildo beretik baieztatu duenez “Euzko Alderdi Jeltzalearen aldetik proposamenak egiteko eta ganbera honetako taldeekin eztabaidatzeko eta adosteko prest egongo gara, oreka puntu bat lortzeko. Inork ez dezala espero gu mutur bateko edo besteko proposamen maximalistak onartuko ditugunik”, ohartarazi du. “Gure helburua izango da fiskalitate egokia izatea Bizkaia lehiakorragoa izan dezagun; eta, horrekin batera, fiskalitate egoki bat, gure zerbitzu publikoak hobetzeko eta Bizkaia egiten dugun pertsona guztion bizitza kalitatea hobetzeko beharko ditugun baliabideak izateko” ezarri du.
Konponbideak
Autokritikak ere toki esanguratsua izan du bozeramaile jeltzalearen diskurtsoan. “Ahaldun nagusiak nahi baino astiroago doazen proiektuak ere aipatu ditu”, baina “Aldundi serioa dugu, aurpegia erakusten duena, egiten duena azaltzen duena eta baita egiten ez duena ere. Autokritika egiteko gaitasun horrek, zintzotasunak eta egiak, are konfiantza handiagoa sortarazten digute” baloratu du.
Rementeriaren gobernuaren inplikazioa azpimarratu du “gure herrialdean egoera larrian dauden enpresek beren jarduerarekin jarraitzerik izan dezaten”. “Denok ulertzen dugu ez dela hain zaila lantegi bat egun batetik bestera ixtea, baina enpresa berria zabaltzeak lan eta esfortzu handia eskatzen du. Horregatik, konbentzituta gaude foru gobernu hau, ahal izan duen neurrian, CEL, Naval eta antzeko enpresei laguntzen egon dela, baina ez bakarrik handiekin, handien inguruan dauden enpresa txikiekin ere egon da, beren jarduerarekin jarraitu ahal izan dezaten. Hori da arazoei aurre egitea eta konponbideak bilatzea” azpimarratu du.
Ez du ahaztu foru gobernuaren beste kezketako bat. “Ez gara kalitatezko enplegu nahikoa sortzen ari”, txirotasun tasa Bizkaian 2008ko mailara jaitsi den arren. Datu horrek adierazten du “lanpostu bat izateak, egonkorra eta kalitatezkoa ez bada, ez duela bizimodu duina izaten laguntzen”. Baina era berean azaldu duenez “foru gobernutik oso ekimen interesgarriak abian jartzen ari dira egoera horri buelta eman diezaiogun, besteak beste kontratu publikoetan klausula sozialak sartu dira eta enpleguaren kalitatea, aukera berdintasuna eta ingurumena zaintzeko ekimenak jarri dira abian. Hori da arazoei aurre egitea eta konponbideak bilatzea” zehaztu du.
Era berean aipatu du Aldundia eta EAJ-PNV Enkarterrietan bizi den egoeragatik kezkatuta daudela. “Konbentzituta gaude elkarlanean jarduteko, indarrak batzeko eta erakunde guztiekin lan egiteko planteamendua zuzena dela. Eta bai, bat egiten dugu zurekin, ‘konpondu nire arazoa’ oihukatzen denbora galtzen egon beharrean, elkarrekin lan egin behar dela, elkarrekin konprometitu behar dela. Indarrak batzea eta elkarlanean aritzea funtsezkoa da planteamendu horretan” ezarri du.
Etorkizun oparoa
Datuen arabera herrialdea iaz baino egoera hobean dago “baina ezin gara lasaitu; ezinbestekoa da lan egiten jarraitzea datorren urtean, 2018ko irailean, tribuna honetan datu hobeak ematen egon gaitezen, 2018ko Bizkaia 2017koa baino hobea dela esan dezagun. Baikorrak gara. Egingarria da” aurreratu du.
Zentzu honetan bat egin du ahaldun nagusiak etorkizunera begira planteatutakoarekin: “helburu bat daukagu, hurrengo belaunaldiei Bizkaia hobea uztea eta amets egiteko indarra izatea”. Horregatik, hauxe da momentua “epe ertainera planifikatzeko eta kudeatzeko eta epe luzera planifikatzeko eta kudeatzeko”. “Hurrengo belaunaldiei Bizkaia hobea uzteak ere inbertsio garrantzitsuak beharko ditu eta inbertsio horiek ondo pentsatu behar dira. Eta, jakina, bat egiten dugu zure gobernu jarduna gidatzen duten arau biekin:egiten dena ordaintzeko moduan egon behar dugu eta gure eguneroko bizimoduan onuragarria izan behar du” amaitu du.
Xede horrekin, EAJ-PNVk ekimenak aurkezten jarraituko du eta enplegua sortzea, jarduera ekonomikoa garatzea, zerbitzu publikoak hobetzea eta Bizkaia modernizatzea eta mundura irekitzea helburu izango duten erabakiak babestuko ditu.
Bideo erlazionatuak...
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25