Prentsa Aretoa
Berriak
2017/10/04
Euzko Abertzaleak taldeak Politika Orokorrari buruzko eztabaidatik eratorritako zortzi ebazpen proposamen onetsi ditu
Talde jeltzaleak lau ekimen eraman ditu iragan astean Bizkaiko Politika Orokorrari buruzko bigarren bilkuran eztabaidatzeko eta bozkatzeko, eta beste talde batzuekin adostu du beste lau proposamen onestea
2017.10.04 Jon Andoni Atutxa - Ebazpen proposamenak
MINTZALDIA - 2017/10/04
Euzko Abertzaleak (EAb) Batzarkide Taldeak PSE taldearekin batera lau ebazpen proposamen aurkeztu ditu eta beste 4 ekimen beste taldeekin adostu ditu gaur goizean Gernikako Batzar Etxean Politika Orokorrari buruz egin den bigarren bilkuran. Gaurko bilkuraren helburua, Bizkaiko Ganberaren araudiak ezartzen duenaren arabera, iragan asteazkenean Bizkaiko Politika Orokorrari buruz eginiko osoko bilkuratik eratorritako ekimenak eztabaidatzea eta bozkatzea izan da. Aurreko asteko bilkuran,hain zuzen, Unai Rementeriak Foru Aldundiak azken urtean eginiko kudeaketa lanaren berri eman zuen.
Kalitatezko enplegua bultzatzea lehenetsi beharreko gai jotzen du EAb taldeak, Jon Andoni Atutxa bozeramaile jeltzaleak aditzera eman duenez “Enplegua kualifikazio handiko sektoreetan sortzen ari da, eta beharrezko gertatzen da kualifikazio txikia izanik lan munduratzeko zailtasunak dituzten pertsona langabeei laguntzeko programak bultzatzea”. Hori dela eta, “lehenetsi beharreko elementu gisa identifikatu ditugu talde bereziei laguntzeko jarduerak garatzea, besteak beste lan munduratzeko eta gizarteratzeko arazoak dituzten pertsonentzat eta emakumeak kualifikatzeko eta birkualifikatzeko programetara bideratuak”. Jeltzaleen batzarkide taldeak Elkarrekin Podemos taldearekin adostu du jatorrizko ekimenari aurkeztu zaion transakzio-proposamena onestea, halako programetan parte hartzen duten taldeek lortutako emaitzen ebaluazioa indartzera begira. Halaber “lan munduratze esparruan egiaztatutako esperientzia duten eragile eta taldeekin lankidetzan jarraitzeko apustua egingo dugu” zehaztu du Atutxak.
EAb batzarkide taldeak aurkeztutako bigarren proposamenaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zaio behar besteko ekimenak abian jartzea Bizkaiko hiritargo osoa foru gobernuaren politiketara eta parte hartze eta ezagutzara hurbiltzeko, Administrazioaren eta hiritargoaren arteko harreman hurbilak izate aldera.
Politika Orokorrari buruzko osoko bilkuran ere Gaztelugatxeren garrantzia aipatu zen turismorako erakargarria den naturgunea dela gogoratuz. Azken hilabeteotan gune horretan bisitarien gorakada handia eman da eta argi geratu da hobekuntza lan batzuk egin behar direla bisitarien segurtasuna eta lasaitasuna areagotzeko. Hauxe da EAb taldeak onetsi duen hirugarren ebazpen proposamena, Bizkaiko Elkarrekin Podemos taldearen transakzio zuzenketa jaso duena. Ondorioz, Foru Aldundiari eskatu zaio “bestela ezin delako izan, Aldundia une honetan egiten ari den plana hasi baino lehenago egingo diren presazko esku hartze eta lanak biotopoa eta naturgunea errespetatuta egin daitezela”, baieztatu du Jon Andoni Atutxak.
Laugarren eta azken ebazpen proposamena, Euzko Abertzaleak taldeak aurkeztua, euskarari esparru digitaletan eman beharreko bultzadaren ingurukoa da. “Internetek eta teknologia berriak harreman pertsonalak eta komunikazioak aldatu ditu eta,ondorioz, ezinbesteko jotzen dugu internet sarearen baitan euskararen erabilera bultzatzea” gaineratu du Atutxak. Helburu horri begira, foru erakundeari eskatu zaio Bizkaiko herrialde bakoitzean Wikipedia bat bultza dezala, eta laguntza eta babesa eskatu ditu beren ‘herripedia’ propioa garatu nahi duten udalerrientzat.
Akordio gehiago
Bozeramaileak era berean adierazi du bere taldea transakzio-akordioetara iritsi dela “beste talde batzuek aurkeztutako ekimenen inguruan”. Talde mistotik hasita “Bizkaiko museo sarea osatzen duten bi elementuren inguruko konpromisoa berretsi dugu: Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa eta Arte Ederretako Museoa,alegia. Itsas Museoari dagokionez, une honetan egiten ari den proiektu estrategikoaren barruan, proiektuan museoaren irisgarritasun eta ikusgarritasunarekin zerikusia duten gaiak kontuan hartzea bilatzen dugu, museo honetan egiten den lana epe laburrean bultzatzera begira. Bigarren tokian, Arte Ederretako Museoari dagokionez, Aldundiari eskatu diogu, patronatuko beste kideekin batera, museoa handitzeko egon daitezkeen aukerak arakatzen eta baloratzen jarraitzea” azaldu du.
Halaber, EAbk Talde Popularrarekin beste transakzio-proposamen bi adostu ditu, bata da jarduera ekonomikoari buruzkoa eta bestea azpiegitura sareari buruzkoa. Alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zaio, Eusko Jaurlaritzarekin batera, 2017-2020 epealdirako Industrializazio Plana garatzen jarrai dezala “sektorea ardatz estrategikoa eta gure herrialdearen hazkunde eta garapenerako ezinbestekoa den aldetik bultzatzeko”. Beste alde batetik, azpiegituren inguruan baieztatu duenez “Batzar Nagusi hauetan, talde guztiak ari gara errepideen LAP berria egiteko lanean, gure bide azpiegituren eboluziorako ibilbide orri berritua izate aldera. Eta, argi eta garbi, errepideez gain beste mugikortasun elementu batzuk egon badaude, eta zentzu horretan esku hartzen jarraitu beharko dugu metroaren eta tren bidezko garraioaren esparruan” aurreratu du Atutxak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25