Prentsa Aretoa
Berriak
2017/12/27
Eusko Jaurlaritzaren “auzolan” jarrera azpimarratu du Lehendakariak herrialdearen erronkei aurre egiteko
Urkullu Lehendakaria buru izan da gaur Gabonetan ohi denez euskal gizarteari egiten zaion harreran
Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da gaur Gabonetan ohi denez egiten den harreran, non euskal gizartearen ordezkaritza zabal bat bertaratu den. Eusko Jaurlaritzak “auzolanaren” aldeko jarrerari eusten diola berretsi du Lehendakariak, herrialdearen erronkei aurre egiteko denon onurarako batera egiten den lanari, alegia. Hala, erronka horien artean aipatu ditu hezkuntza, erronka demografikoa eta gazteriari zuzendutako babesa, berrikuntza eta internazionalizazioa.
Urtero bezala, Lehendakaritzako atrioan egin da harrera, eta bertan bildu dira Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak eta hainbat gonbidatu, besteren artean, euskal instituzioetako arduradunak eta alderdi politikoetako, enpresa-elkarteetako eta sindikatuetako ordezkariak, eragile ekonomikoak eta sozialak, baita pertsona ugari ere kultura, unibertsitatea, kirola, hedabideak eta beste arlo batzuk ordezkatuz.
Eusko Jaurlaritzak bere jardueretan eta gizartearekin dituen harremanetan bere gain hartua duen “auzolan” kulturan oinarritu du Lehendakariak bere esku hartzea, eta gizarteari zuzenean entzun izan zaion hainbat adibide aipatu ditu, hain zuzen ere auzolan hori jasotzen dutenak, horien artean: Irisgarritasun Kontseilua, Beti On zerbitzua, Itxaropen telefonoa, famili elkarguneak, AKLIMA komunitatea edo prestakuntza-lantegiak minbiziaren aurka osasuna zaintzeko. “Aurten berretsi dudan espiritua da hori, Euskadi osoan zehar zabaldua dagoena; sailburu guztiek dakite zein garrantzitsua den niretzat gure ideiak eta proposamenak kontrastatzea, gizarteari zuzenean entzutea”, ziurtatu du.
Elkarlanaren aldekoa da Urkullu, hain zuzen ere herrialdearen erronkei erantzuteko ere, eta erronka horien inguruan lau multzo aipatu ditu: hezkuntzaren erronka, ebaluazioaren kultura bikaintasunaren eta etengabeko hobekuntzaren bidean barneratze aldera; erronka demografikoa eta gazteriaren aldeko apustua, kontziliazioa eta gazteen enplegurako sarbidea hobetzea ahalbidetuko duten neurrietan arreta berezia jarriz; berrikuntzaren eta digitalizazioaren erronka, ekonomiaren etorkizunaren “giltzarri” diren aldetik; eta internazionalizazioaren erronka eta Euskadi mundu globalera irekitzearena.
INDARRAK BATU
Oraingo zailtasunen eta arazoen jakitun, eta nahiz eta, berak ziurtatu bezala, “krisialditik irteten hasiak garen”, Lehendakariak “indarrak batzeko” eskatu du enplegu-aukerak gehitzea eta ekonomiaren susperraldia lortzeko, hori baita Eusko Jaurlaritzak duen lehentasun nagusietako bat hastear dagoen 2018rako, Gobernu Programaren euskarri diren beste hiru oinarriez gain: kalitateko zerbitzu publikoak, bizikidetza eta Autogobernuaren hobekuntza bermatzea. Gainera, gizarte-elkarrizketan aurrera egitea ere hartu du erronka gisa. “Gure konpromisoa da Euskadi elkarrekin eraikitzen jarraitzea, integritatearen, irekieraren, integrazioaren eta solidaritatearen oinarrien gainean”, amaitu du esanez.
Azkenik, Lehendakariak elkarrizketaren beharra aldarrikatu du, eta arazo politikoei irtenbide polikoak ematearen alde azaldu da. Zentzu honetan, Euskadik akordio barneratzailea lortzeko aukera duela ziurtatu du, Estatuarekin itun berri bat adosteko balioko duena, eta aldebiko harremana errespetatuko duena. Akordioaren helburua Autogobernua “sakontzea, eguneratzea eta egokitzea” izan behar da.
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25