Prentsa Aretoa

Berriak

2018/10/16

Itxaso Atutxa: “Sánchezekin aurrekontuen inguruan adostu duen akordioan ez dut Elkarrekin Podemos taldea Euskadiko inolako gairen alde egiten ikusi”

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak talde moreak neurri ezberdinak baliatzen dituela kritikatu du, eta gaitzetsi die Eusko Jaurlaritzari eskatzen dizkiola eskuduntzarik ez duelako ez dagozkion gauzak, Madrilen “hitz erdirik esaten ez duen bitartean”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Itxaso Atutxa, EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarreko presidentea, oso kritiko agertu da gaur goizean Elkarrekin Podemos taldeak 2019rako Euskadiko aurrekontuen inguruan erakutsi duen jarrerarekin, eta baieztatu du ez dituela ulertzen talde moreak Gasteizen eta Madrilen baliatzen dituen neurri ezberdinak. “Elkarrekin Podemos taldea ez dut ikusi Euskadiko gaiak defendatzen Sánchezekin adostu duen aurrekontuetan; lerro bakar bat ere, ezta koma edo puntu bakarra ere, Euskadiko gauzei buruzko hitz erdirik ez, orain horiek denak Eusko Jaurlaritzari erreklamatzen dizkion arren, baieztatu du argi eta sendo Onda Vascan emandako elkarrizketa batean.

Atutxaren esanetan “bitxia da Elkarrekin Podemosek Euskadin egiten dituzte eskariak Madrilen planteatutakoa baino handiagoak izatea, hemen eskatzen ari diren kontuak han erabakitzen diren arren”. Ildo horretatik aipatu ditu pentsioak eta La Navalen egoera. “Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari eskari argia egiten dio Espainiako gobernuarekin aurrekontuen inguruko akordioa izenpetu berri duenean, eta azken hau da eskumena duena, baina ez dio ezer eskatu”, txarretsi du. Era berean baieztatu du ez duela ulertzen “pentsiodunen ahotsa izatera eraman duen hori Pedro Sánchezi eskatu ez izana”. “KPIari buruz hitz egiten digute, jasangarritasun faktorea indargabetzeaz eta abarrez. Horri guztiari buruz besteok ere hitz egin dugu, besteok adostu dugu; eta orain Toledoko Itunean hartutako akordioez ari dira. Beraz, ez dago ezer berririk”, laburbildu du.

Euskadiko aurrekontuen negoziaketaz eta EH Bilduk Euskadiko kontuak babesteko aukeraz, Bizkaiko burukide jeltzaleak esan du atzera egin ahal izatea espero duela baina uste du koalizioak “azkenean beti bilatzen du aitzakiaren bat eta aurrekontuen inguruko edozein gairi buruzko gidoia antzezten du eta ez babesteko bidea bilatu ohi du beti”. PPri dagokionez, Atutxak esan du haien babesa lortzearren EAJ-PNVk ez duela Estatus Berriari buruzko akordioa apurtuko. “Besteren batekin adosteko oinarria ezin da izan hirugarren batekin lehenagotik dagoen akordioa apurtzea. Kasu horretan, Partido Popularrak ondo baino hobeto daki zer den guk hasiera-hasieratik lantaldean aurkeztuko genukeena, ez orain, baizik eta antzeko prozesuetan ere bai. Jakin daki gu ez garela ‘mendiratu’”, azaldu du.

Egoera honetan baieztatu du Euskadiko Aurrekontuak luzatu beharra ez litzatekeela “ezer zorigaiztoko” izango, baina “ahalegintzen jarraitu beharra dago, oraindik baten batekin akordio batetara iristeko aukera egon badagoelako”. Autogobernu Lantaldearekin gertatzen den bezala “lanean jarraitu behar dugu, are adostasun zabalagoa lortzera begira”.

ESTATUKO AURREKONTU OROKORRAK

Izapide bidean dauden Estatuko Aurrekontu Orokorrei dagokienez, Bizkaiko burukideak baieztatu du EAJ-PNV “kolaboratzailea” izango dela negoziatzeko orduan. “Gure aldetik ez da zaila izango, jarrera kolaboratzailea erakutsiko dugu, baina ez da merkea izango; eta ez emaztegai edo senargai garestia garelako baizik eta herri honek Euskal Agenda erreklamatzen jarraituko duelako, 2017 eta 2018ko aurrekontuekin egin genuen bezala”.

Bizkaiko jeltzaleen buruak adierazi du Estatuan Pedro Sánchezen inbestidura babestu izanak esan nahi zuela EAJ-PNVren ahalegina “ez zela egun bakar batean amaituko”, baizik eta legealdia amaitzeko eta egonkortasuna ahalbidetzeko asmoa zegoela”. “Horretarako ere beharrezkoa da aurrekontuak ez eragoztea: Gaur egun ez daukagu Aurrekontu horren paper bakar bat ere. PSOE eta Podemosen arteko akordioaz prentsan argitaratu dugunetik harago,ez dugu xehetasunik ezagutzen”, azaldu du. Bere ustetan agiri honek “asmo politikoak diru aurrekontu bati buruzko irizpideak baino gehiago, eta horiek behar bezala formulatu beharko dira ministro andreak aurkeztu orduko”. “Atzo esan zuen lehenengo deia guri egingo zigula. Espero dut dei hori gaur bertan jasotzea, baina oraindik lan handia daukate Aurrekontuak egin baino lehen”, gaineratu du.