Prentsa Aretoa

Berriak

2018/11/13

Larrabetzuko EAJ-PNVk Miguel Ángel Gaztelu Barrena aukeratu du Alkatetza berreskuratzeko

“Prestatuago eta gaituago gaude kudeaketa eredua aldatzeko eta larrabetzuarren bizitza kalitatea hobetzeko” baieztatu du hautagaiak, Txorierriko udalerri horretan EAJ-PNV benetako alternatiba dela konbentzituta

rss Ezagutzera eman
Larrabetzuko EAJ-PNVk Miguel Ángel Gaztelu Barrena aukeratu du Alkatetza berreskuratzeko

ARGAZKIA JAITSI

Larrabetzuko Udaleko EAJ-PNVren udal taldeko gaurko bozeramaile Miguel Ángel Gaztelu Barrena aukeratu du Larrabetzuko Uri Batzar jeltzaleak, 2019ko udal hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendako burua izan dadin, herri horretako alkatetza berreskuratzea xede. “Ilusioz beteta” agertu da haugataia planteatzen zaion erronkaren aurrean eta konbentzituta dago EAJ-PNV dela benetako “alternatiba”. “Prestatuta eta gaituta gaude kudeaketa eredua aldatzeko eta larrabetzuarren bizitza kalitatea hobetzeko”.

EAJ-PNVko hautagaiak oposizio lanetan eman dituen hiru urte hauen balantzea egin du, eta EAJ-PNVren jarduna gidatu duen helburu nagusia ekarri du gogora: “Larrabetzu herrian oposizio eraikitzaile eta irmoa egitea, beti Larrabetzuren alde eginez, adostasuna eta eztabaida onuragarriak ahalbidetuaz. Gure jarrera eraikitzailea da, elkarrizketa zalea eta oso zorrotza gobernu taldearekin. Horrek denak eraman gaitu gobernuaren jardunean nabarmen eragitera”. “Hainbat proposamen aurrera ateratzea lortu dugu, hauen artean hainbat lan egin ahal izatea ekarriko digun inbertsio plana: herrigunean behar dugun aparkalekua, erromesen aterpetxea, udaletxea birgaitzeko lanak, Guda Zibilari buruzko interpretazio zentroa…”, esan du.

Gazteluren helburua da hurrengo legealdian ere “herritarren beharrei erantzuteko proiektuak lantzea, zerbitzu publikoak hobetuz eta handituz eta inbertsioei aurre eginez, baina udal sarreren oinarria tasen igoera neurrigabea izan gabe, behar ez diren gastuak saihestuz eta sarrera iturri berriak bilatuz”.

Miguel Ángel Gaztelu Barrena Filosofian eta Letretan lizentziatua da eta Ikastetxeen Zuzendaritzan Masterra egin zuen Mondragon Unibertsitatean. Kirikiño Ikastolako zuzendaria izan da eta Txorierriko Mankomunitateko presidenteordea da. 57 urte ditu, ezkonduta dago eta bi alaba ditu. “Aitaita naz dagoeneko, beste gauzetarako denbora kentzen didan ume batena; baina libre ditudan minutu guztiak ematen dizkiot. Harro egoteko moduko gauza da familian beste maila bat igo izana”, esan du harrotasunez hautagai jeltzaleak. Bere udalerria biziki maite duela aitortu digu, “bizitzeko leku ideala da: euskalduna, pertsona gazteez betea eta dinamikoa; herritarren aldetik oso parte hartze handia ematen da eta oso errespetatuak dira ingurumena eta pertsona nagusiak. Baina aldi berean, gero oso zorrotza da eta gero eta zerbitzu gehiago eta hobeak eskatzen ditu”.