Prentsa Aretoa
Berriak
2019/03/09
Ortuzarrek aste honetan Euskaditik kanpaina egiten ibili diren Sánchez eta Casadori ohartarazi die: “Ez dezatela ahaztu norengatik dagoen bakoitza dagoen tokian”
EBBko presidenteak euskal hiritargoari eskatu dio Madrilera EAJ indartsua eramatea bertan euskal interesak defendatzeko, besteak beste Euskaltzaindiak jasotzen duen diru-laguntza eta, behar denean, erabaki garrantzitsuak hartzeko, zentsura mozioaren aurrean gertatu zen bezala
2019.03.09_Andoni Ortuzar. Arrigorriaga
HITZALDIA - 2019/03/09
Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, bi mezu argi zabaldu ditu gaur goizean. Lehenengoa, euskal hiritargoari. “Oso garrantzitsua da EAJk Madrilen talde bat izatea. Talde indartsua, legealdi honetan gure bost botoei `txispak´ atera dizkiena. Argi eta garbi erakutsi dugu gu tinko eta sendo jarraitzen dakigula erabaki larriak hartu behar direnean. Ahal duen eraginik handiena izaten jarraituko duen taldea, Euskadirentzat merezi duen guztia ateraz eta Madrilen pausu sendoak emanez euskal interesak defendatzeko”. Bigarrena, Espainiako gobernuburu Pedro Sánchezi, eta Partido Popularreko buruari, Pablo Casadori, aste honetan, biak kanpaina egiten ibili direlari Euskadin zehar. “Legealdi honek ezer erakutsi izan badu, hori izan da EAJren indarra. Eta, bestela, Sánchezek eta Casadok pentsa dezatela norengatik dagoen bakoitza dagoen tokian. Neurri handi batean, guk, EAJkook hemen Euskadin hartu ditugun erabakiengatik”. Ortuzar Arrigorriagan izan da gaur, maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan EAJ-PNVk Paduran aurkeztuko dituen hautagaitzak jende aurrean aurkezteko egin duen ekitaldi politikoan. Aurkezpenak ehun bat alderdikide eta alderdizale jeltzale batu ditu, bertan izan direlarik Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea eta Padurako udal eta foru taldeak osatuko dituzten emakume eta gizonak. Han izan dira Josu Beaskoetxea (Arrankudiaga), Sonia Rodríguez (Arrigorriaga), Asier Iragorri (Basauri), María Pérez (Etxebarri), Fernando Izagirre (Galdakao), Iñaki Xabier Cuadra (Orduña), Ainara Apraiz (Orozko), Ekaitz Mentxaka (Ugao-Miraballes) eta Carlos Idirin (Zeberio) –Arakaldon eta Zaratamon barne hauteskunde prozesuak egiten ari dira oraindik–.
Ortuzarrek Sánchezen eta Casadoren bisitak kokatu ditu “enara-politikarien garaian: habia Madrilen daukate, baina urtero, hauteskundeak datozenean, ehizan datoz gure inguruetara”. Biei txarretsi dienez “Berdin die horiei Euskadiren interesak, Moncloako eserlekuak baino ez die axola”. Eta biei gogoratu die apirilaren 29an beste talde politiko batzuekin hitz egin beharko dutela Gobernua eratu nahi badute “eta orduan gogoratuko diegu eta aterako diegu hemendik enaren antzera egin dituzten agerraldietan esan duten guztia. EAJren botoak nahi badituzte ahalegin handiz irabazi beharko dituzte. Momentuz, euskal agenda ikas dezatela”.
EBBko presidenteak apaltasuna eskatu dio Pedro Sánchezi eta gogora ekarri dio bakarrik ezin izango dituela atera lege dekretu bidez aurrera atera nahi dituen erreforma sozialak “hauteskunde hatsa darie eta hori ez da disimulatzen erraza. Sánchez presidenteak ahaztu du eskuinekoak ez direla izango dekretu horiek geldiaraziko dizkionak, baizik eta gu, EAJkoak”. Jeltzaleen buruak deitoratu du “informazio falta, inprobisazioa eta zelan baztertu gaituzten” eta Sánchezi eskatu dio “iragarpen gutxiago egitea eta apalagoa izatea, 85 hori direlako, 85, eta 176 egin arte asko gehitu behar direlako”. Ezin delako bestela izan, Ortuzarrek Sánchezi txalotu dio Euskaltzaindiara egin duen bisita. “Bazen garaia! Espainiako presidente bat Euskaltzaindia bisitatzen. Hori bai, aukeratua bada, lehenengo egunetik gogoratuko diogu, koherentea izan dadin. Ondo da bisitan etortzea, aurre-kanpainan bada ere, baina gero… esana eta egina bat etor daitezela. Orain arte, Euskaltzaindiak Madriletik jaso dituen laguntza bakarrak guri esker jaso dituelako, EAJk Madrilen aurrekontuei eginiko zuzenketengatik. Beti bezala, EAJ, hor, beharrezko izanez, ekintzaile izanez, gauzak konponduz. Horregatik behar dugu talde indartsu bat Madrilen”.
Ortuzarrek hitz batzuk esan ditu Pablo Casadok Iruñean A-28ko hauteskundeetan elkarrekin aurkeztera begira, UPNrekin akordioa izenpetzeko egin duen bisitaren inguruan. “Duela hiru hilabete elkarren kontra zebiltzan eta orain akordioa egun pare batean itxi dute. Zergatik? Ez daukatelako argi nola joango zaien. Beldur dira Ciudadanosek eta Vox-ek botoak kenduko ote dizkieten, baina benetan asaldatzen dituena gu gara, EAJ. Badakizue abertzaleei buruz zer esan duten. Ez dute onartzen Nafarroako aldaketa. Kanpokoak bagina bezala tratatzen gaituzte, atzerritarrak gure etxean. Mende bat Nafarroan politika eginez, eta horiek etorri dira guri esatera ezin garela han egon? Antza denez, euskaldun eta progresista sentitzen diren nafarrek ez daukate eskubiderik”, salatu du.
Ekitaldi hasieran, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak hiritargoari eskaini dio “lantalde indartsu, sendo eta zentratua” eta “etorkizunerako proiektu bat Padura eta Bizkaiko herri bakoitzarentzat”, beste batzuek “zalantzak eta itsas laminen kantua” eskaintzen dituzten bitartean. “Eusko Alderdi Jeltzaleak baino ez du eskaini seriotasuna eta aldaketa; herri honen zerbitzura lan eginez ehun urtetik gorako ibilbidea egin duen Alderdiaren seriotasuna”, eta “ehun urteko proiektuaren seriotasunetik, beharrezko dugun aldaketara; pertsonen aldaketa, jende berria, aire freskoa”, esan du. “Hona hemen esaten dudana egiaztatzen dutenak: eskualde honetako 11 udalerrietan, gutxienez, 6 aurpegi berri aurkeztuko ditugu”, esan du; “prestakuntza duen jendea, ilusio handiarekin, lantaldean aritzen dakiena, bat egiten duena”. “Nire esker ona guztiei, etorri direnei eta datozenei, bihotzez”, eskertu du. “Katea ez da eten; eta ez da etengo” eta “berme hori EAJ-PNVk baino ez du eskainiko”.
Gaurko ekitaldian izan da Sonia Rodríguez, Arrigorriagako alkategaia, eta bertan batu direnen aurrean esan duenez “lantaldearekin elkarlanean, gure hiritargoaren ametsak errealitate bihurtu nahi ditugu, lan arduratsu, garden eta eraginkorra eginaz, hurbiltasuna eta zintzotasuna erakutsiaz”. Era berean azaldu ditu EAJ-PNVk hiritargoari aurkeztuko dizkion proiektuetako batzuk. Euskara eta Komunikazio zinegotziak aditzera eman duenez “udaletxe zaharrean hasi ditugun lanak amaituko ditugu, gazteriarentzako zerbitzuei lehentasuna emanez”; “kirol instalazioak eraberritu eta egokituko ditugu”; “350 aparkaleku baino gehiago egingo ditugu Abusun eta Cascon”, eta “etxebizitza berriak eraikitzea ahalbidetuko dugu, askeak eta babes ofizialekoak”, “gazteriak bere bizitza proiektua Arrigorriagan garatzerik izan dezan”, aurreratu du.
Asier Iragorri izango da Basaurin Andoni Busquetek utziko duen aginte makila hartuko duena. Basauriko zerrendaburuak bere hitzaldian azpimarratu du azken legealdi honetan Basaurik oso aurrerapauso nabarmena eman duela “baina erronka batzuk geratzen zaizkigu are gehiago aurrera egin ahal izateko; zortzi urte daramatzagu Basauriren alde eginez, eta berdin jarraituko dugu”, adierazi du. Gaurko Gizarte Ekintzako zinegotziak hitzeman duenez “aurrera egingo duen herria nahi dut, pertsonak zaintzen dituena, eta horretarako ahalbidetu ditugu gazteriaren enpleagarritasuna, lan munduratzea, udalerriko enpresa nagusiekin egin bideratu beharreko elkarlana, enpresa eta merkataritza alorreko proiektuak eta jarduera ekonomiko berriak bultzatzea”. Era berean aurreratu duenez “San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hirigintza Birsorkuntza garatuko dugu egoitza gune berriekin eta berdegune eta aisia gune berriekin eta tren geltoki irisgarriarekin”, aldi berean “jarraituko dugu auzoen modernizazio prozesuan inbertitzen eta oinezko eta txirringetarako ibilbide sarea zabaltzen”, aurreratu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25