Prentsa Aretoa

Berriak

2019/05/02

Itxaso Atutxak baieztatu du EAJ-PNVk proiekturik onena duela Getxorentzat eta Bizkaiko udalerri guztientzat

Udal hauteskundeetan talde jeltzaleak Getxon aurkeztuko duen hautagaitza aurkezteko egin den ekitaldian, BBBko presidenteak nabarmendu duenez “lantalderik onenak hiritargoaren zerbitzura jarri ditugu, agendarik onenak lideratzeko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Lantalde bat gara; lantalde batua, helburuak argi dituena. Etorkizunerako proiektu bat daukagu Bizkaia osoarentzat Getxorentzat eta herri guztientzat”. Argi bezain sendo mintzatu da gaur Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidente andrea, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan EAJ-PNVk Getxon aurkeztuko duen hautagaitza aurkezteko egin den ekitaldian. Burukide jeltzaleak aurreratu duenez, EAJ-PNVk agenda bat dauka herri bakoitzarentzat eta ondo prestatutako lantaldeak ditu agenda horiek garatzeko eta lideratzeko, eta “berme hori guk baino ez dugu emango, Euzko Alderdi Jeltzaleak”. “Ikusten dugu gu garela politikagintzan geratzen den alderdi serio bakarra; lantalde sendo eta batu bakarra politika munduan. Gure herrietan eta gure pertsonetan soilik pentsatzen duen bakarra. Getxoren alde egin nahi dugu, Uribe Kostaren alde, Bizkaia eta Euskadiren alde”, baieztatu du. “Seriotasuna eta aldaketa eskaintzen ditugu; herri honen zerbitzura ehunetik gora urte eman izanak uzten duen seriotasuna” eta mendeurrena duen proiektuaren seriotasunetik “beharrezko dugun aldaketa eskaintzen dugu, denbora berrietara egokitu beharra dagoelako”. “Harrotasun osoz esan dezakegu erreleboa daukagula. Beste behin ere, gizarteari hainbat aurpegi berri eskaini ahal dizkiogu, aire freskoa”, azaldu du.

Bizkaiko burukideak adierazi du udalerrietatik egiten den lanari esker osatu ahal dela Euskal Agenda izenez ezagutzen duguna “iragan igandean hiritargoak hautestontzietan berronetsi zuen proiektua”, esan du. Zentzu honetan, Atutxak berriro eskertu du hiritarren parte hartzea eta oso pozik agertu da EAJ-PNVk hauteskundeetan lortutako emaitzengatik. Ildo beretik nabarmendu duenez “euskal gizartea konturatu da hauteskunde horiek oso garrantzitsuak zirela Euskadirentzat” eta esan du berebizikoa dela euskal politika egitea Euskal Agenda horren alde. “Programa bat daukagu euskal hiritargoak berronetsi duena, Euskal Agenda, eta Estatu ereduaren inguruko debatea ere hor dago. Hori da euskal hiritargoak iragan igandean berretsi zuena eta EAJ-PNVk mahai gainean jarriko duena”, aurreratu du. Ildo beretik azaleratu du EAJ-PNV hitz egiteko prest dagoela “adosteko eta irtenbide politikoak lortzeko”; “gure nortasunaren ezaugarria da”, argitu du. 

Bizkaiko jeltzaleen burua taula gainean izan da Amaia Agirre eta Imanol Landarekin, Agirreren lantaldea osatuko duten emakume eta gizonak aurkezteko egin den ekitaldian.

“Hazi, bizi, lan egin eta gozatu” izan dira Amaia Agirre Getxoko alkategai jeltzalearen diskurtsoaren lau ardatz nagusiak. Imanol Landa gaurko alkate eta iragan igandeko hauteskundeez geroztik aginte makila utziko duen senatari berriaren hitzak eskertu ondoren, hautagaiak zera nabarmendu nahi izan du: “hiritargoari eskaintzen diogu lantalde prestatua eta sendoa, hurrengo legealdian Getxoren alde zorroztasun eta erantzukizun osoz lan egingo duten pertsonek osatua”.

Agirrek aditzera eman duenez “HAZI egin nahi dugu Bizkaiko badiako eta inguruetako hiririk onena izan dezagun kirol praktikarako eta gazteek inguru osasungarria izan dezaten”. Era berean “pertsonak lehentasun izango diren Getxon BIZI nahi dugu, beren udalerriaren etorkizunaren protagonista izan daitezen”. Zentzu berean hitz egin du nagusien egoitza berriaz eta gazteentzat egingo diren etxebizitzez, Bizkaiko Foru Aldundiarekin egingo den elkarlanarekin egingo direla gogora ekarriz. “LAN EGITEKO Getxo udalerria nahi dugunez, ekintzailetzaren alde egingo dugu” eta “berrikuntza ekonomikorako zentroa egingo dugu, kultura,kirola, turismo eta zerbitzu profesional aurreratuen sektorean balioa sortzeko zentroa, hain zuzen”. Amaitzeko Agirrek aurreratu du talde jeltzaleak egin nahi duen Getxo herrian bilatuko dutela “getxotarrak eta bisitariak elkarren artean gozatzea, kultura udalerriaren nortasun ikurtzat hartuta eta Euskadiren abangoardia kulturalean jarriz”. Zentzu horretan aipatu ditu Muxikeberri eta Punta Begoñako galeriak “bi proiektu handi dira, gure kultura, gure nortasuna eta gure ondarea balioesten eta indartzen dutenak. Amaitzeko nabarmendu duenez “Getxon hazi, bizi, lan egin eta gozatu nahi badugu, ezinbestekoa da udalerriko elkarteekin lankidetza eta elkarlana bideratzea. Denekin egon nahi dugu, denekin hitz egin nahi dugu, elkarrekin lan egin dezagun, denon arteko Getxo herria eraiki dezagun”, esan du,bere burua lan horretarako eskainiz.