Prentsa Aretoa
Berriak
2019/05/21
EAJ-PNVk euskal hiritargoa deitu du “etorkizunera begiratzera Euskadira gatazka bila datozenei kasurik egin gabe”
Ortuzarrek Barakaldon txalotu du Amaia del Campok herri horretako Udalean egin duen lana eta kritikatu ditu azken egun hauek “Ezkerraldea eta Meatzaldea” estigmatizatzen eman dituzten kanpoko alderdi eta hautagaiak
20190521_Andoni Ortuzar. Barakaldo
MINTZALDIA - 2019/05/2120190521_Iñigo Urkullu. Barakaldo
MINTZALDIA - 2019/05/2120190521_Izaskun Bilbao Barandica. Barakaldo
MINTZALDIA - 2019/05/2120190521_Unai Rementeria. Barakaldo
MINTZALDIA - 2019/05/2120190521_Amaia del Campo. Barakaldo
MINTZALDIA - 2019/05/21
Argazkiak...
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Ezkerraldea eta Meatzaldea da bere eskualdea eta gaur, Andoni Ortuzarrek Barakaldon zabaldu ditu bi mezu, bata eskualderako eta bestea Euskadi osorako. Tokiko egoeraz, EBBko presidenteak kritikatu ditu azken egun hauetan kritika politikotik harago joateko asmoz Ezkerraldera hurreratu diren alderdiak eta hautagaiak, “eskualde hau estigmatizatzera etorri dira, gure inguru hau azpimundua balitz bezala, lumpena”. Era berean aldarrikatu du Amaia del Campo alkateak Barakaldoko Udalean azken lau urteotan egin duen lanaren balioa. Barakaldoko Udala azken aldi honetan igaro da “Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin” gatazka hutsean egotetik, herri honetako erakundeekin elkarlanean aritzera, eta begi bistan dauden emaitzak lortzera. Baina jeltzaleen buruak argi baino argiago hitz egin nahi izan dio euskal hiritargo osoari, Euskadiko herri bat, Ugao-Miraballes, Espainiako eskuineko talde politikoren batek gatazka eta borroka eragiteko gune bihurtu nahi duela ikusirik, eta lasai egoteko eta gizalegez jokatzeko deia egin du Herria “alde bateko edo besteko erradikalen eskuetan ez uzteko”. Ortuzarrek gaur hitz egin du Barakaldoko Herriko Plazan egin den ekitaldi politikoan. Gaurko honetan ondoan izan ditu Izaskun Bilbao Barandica, CEUS Europa Solidarioaren aldeko Koalizioaren zerrendaburua; Bizkaiko ahaldun nagusi eta berrautaketara aurkezten den hautagai, Unai Rementeria, eta Barakaldoko alkate eta EAJ-PNVren alkategai, Amaia del Campo.
“Euskadi indarkeriaren parke tematiko bihurtu nahi dutenak beren betiko bidera itzuli dira”, ohartarazi du Ortuzarrek. “Riverak eta bere kuadrillakoek ekitaldi bat egingo dute Ugaon ostegunean. Han ez dute udalerako hautagairik aurkezten, baina probokatzera datoz. Berriro ere terrorismoaren biktimak erabiliz, badator boto bila. Gatazka Euskadin, botoak Espainian. Lotsagarria da biktimen mina eta euskal gizartearen mina horrela erabiltzea. Herri hau izan da ETAren zentzugabekeriaren berrogeita hamar urteak sufritu dituena”. Probokazio honen aurrean, jeltzaleen buruak erantzun gizalegezko eta baketsua ematea eskatu du. “Ez ongi etorririk ezta kontra-omenaldirik ere. Euskadik elkarbizitza behar du, bakea eta elkarrizketa. Euskadik etorkizunari begiratzea behar du. Gure herria ezin dugu utzi alde bateko edo besteko erradikalen eskuetan. Eta ez dugu utziko”, baieztatu du.
Hauteskundeetara itzuliz, Ortuzarrek salatu du hainbat direla azken egun hauetan “gure herrien izen ona zikintzeko asmoz” Ezkerraldean eta Meatzaldean lurra hartu duten alderdi eta hautagaiak. Eta hau ez dut esaten EAJko buru gisa, baizik eta eskualde honetako herritarra naizen aldetik. Harrotasun osoz esaten dut, gainera. Ni ez naiz kexatzen gobernuan daudenak kritikatzeagatik, zilegi da, guk ere egiten dugu. Bai kexatzen ari nahiz eskualde hau estigmatizatzen ari direlako, azpimundua izango balitz bezala, lumpena. Fragak Urdeetara egiten zituen bisita haietan bezala. Errespetua eskatzen diegu hemen bizi ez direnei eta bisitan datozenei. Sasi-ezkerreko klixeekin eta sasi-langileen hitzontzikeriarekin datoz, baina buzoa ez dute sekula santan jantzi eta Koipe lodia edo ebaketa-likidoa zer den ere ez dakite. “Ezkerraldeak eta Meatzaldeak laguntza behar dute, planak eta proiektuak behar dituzte, kalitatezko enplegua behar dute, hazkunde ekonomikoa behar dute, eta horretan ari da EAJ”. Horri ekin dio azken lau urteotan Amaia del Campok. “Amaiarekin, Barakaldok normaltasuna lortu du gainerako erakundeekin izan beharreko tratuan. Aurreko alkate sozialistak beti zeuden gatazka hutsean Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Amaiak argi baino argiago zuen. Barakaldorentzat onena zela gainerako erakundeekin era koordinatuan lan egitea Barakaldoren onerako. Horrela egin du eta herriak onerako nabaritu du. Amaiak Barakaldoren interesak defendatzen ditu, beti eta erakunde guztietan egiten du kemenarekin, buru zuzenarekin, ezkerreko eskua erabiliz, erantzukizunez, proiektu egingarriak aurkeztuz, asmo lorgarriekin, konpromisoekin, erantzukizunak hartuz”. Amaitzeko, EBBko presidenteak gogoratu du gaurko alkateak 2015eko aurreko hauteskundeak 52 botorengatik irabazi zituela. “Boto bakoitzak balio du igandean. Zenbat eta parte hartze handiagoa, orduan eta hobeto Barakaldoko interesetarako eta baita EAJrentzat eta Amaia del Camporentzat”, animatu du.
Iñigo Urkullu lehendakariak Barakaldon adierazi du EAJ-PNV dela ekintzen alderdia. “Talka plan bat onartu dugu Ezkerraldea edo Meatzaldea moduko guneen biziberritze sozial eta ekonomikoa bultzatzeko, azken krisialdi latzaren eragin kaltegarriak nabarmen sufritu dituztelako”. Lehendakariaren esanetan, EAJ-PNVk plan bat dauka eta plan honek aurreikusten ditu “ekintzak, inbertsioak eta enplegua”. “Alokatzeko etxebizitza publikoak gazteentzat; etxebizitzak eta eraikinak eraberritzeko laguntzak; langabeak kontratatzeko planak; gazteentzako enplegu programak; Indartu egitasmoa, inbertsioak egingo dituzten edo enplegua sortuko duten enpresentzat, edo Industrialdeak eraberritzeko Plana”. “Gaur bertan -iragarri du- Gobernu batzordean onartu dugu egoera txarrenean dauden guneetan enplegua sortzeko lan programa, eta 20 milioi euroko aurrekontua aurreikusita dago horretarako. Ekainean, BECen egingo da Estatu mailako konbentzio industrialik handiena. 1.300 enpresa batuko dira bertan eta 4.0 industriako azken berrikuntzak erakutsiko dituzte… Ekintzak, inbertsioak, enplegua”, amaitu du.
Bat eginik, “enplegua, enplegua eta enplegua”
Izaskun Bilbao Barandica, Europako Parlamentuko diputatuak, gaurko ekitaldian hitza hartu du eta balioan jarri du EAJ-PNVk lantalde gisa jarduteko daukan gaitasuna. “Talde bat, leku guztietan gauza berbera esaten duena” eta Europaren martxa lotu du udalen eta toki erakundeen funtzionamenduarekin. Bilbaok era berean nabarmendu du EAJ-PNVk Barakaldo Europarekin konektatzera dedikatzen dela eta elkarlanean landutako gaiak ekarri ditu gogora lan horren adibide gisa: ontziolei horren kalte handia egiten zien ‘tax lease’ delakoaren inguruan egin den lana, BEC-i emandako babesa, lindanearen arazoa, hiri adimendunaren mugikortasuna edo gazteen enpleagarritasuna hobetzeko programak. “Toki esparrutik igotzen ari gara digitalizazioaren trenera, robotikaren eta fabrikazio prozesu adimendunen trenera. Hori da etorkizunerako giltza. Ekintzen giltza, ekimenen giltza. Elkarrizketaren eta akordioaren giltza. Lana eta karpetak zalaparta eta pankarten aurrean”, adierazi du.
Unai Rementeria, EAJ-PNVk Bizkaiko ahaldun nagusirako aurkezten duen hautagaiak, ekitaldi berean hitza hartu du enpleguaz aritzeko “hori delako Bizkaiarentzat daukagun proiektu handia” eta herrialde honetan bizi-kalitate onari eusteko eta hobetzeko bermea. “Enpleguarekin, dena da egingarria. Enplegua, enplegua eta enplegua. Nik enplegua eta bizitza kalitatea ikusten dut itsasadarreko proiektuan, tunelean, BEC-en, herriko merkatariak eta autonomoak babesteko ekimenetan. Enplegua da eta izango da Bizkaiko talde-proiektu handia. Hori bai, enplegu egonkor eta duina, kontratu luzeak eta soldata duinak. Hori da gizarte honek etorkizunera begira daukan bermerik onena. EAJren eskutik, enplegua eta bizi-kalitatea egongo dira”, azpimarratu du gogora ekarriz gaur egun duela lau urte baino 30.000 langabe gutxiago daudela, horietako 8.000 Ezkerraldean. Era berean aurreratu du eskualde honetan jarduera ekonomikoa suspertzeko eta lanpostu berriak sortzen laguntzeko abian jarriko duen proiektuetako bat, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Teknologia Parkea, hain zuzen, 60 milioi euroko inbertsioaren bidez 50 enpresa ezarri ahal izatea eta 2000 lanpostu sortzea ahalbidetuko duelarik.
Barakaldoko alkate eta berrautaketara aurkezten den hautagai, Amaia del Campok, era berean adierazi du amaitu berri dena “legealdi gogorra” izan dela “lehenengo hilabeteetan ikusi genuen gure Udalaren benetako egoera, aurreko arduradunek ezkutatu zigutena”, baina “eseri egin ginen, egoera aztertu genuen eta erabaki bat hartu genuen: Barakaldo ezin zen geldirik geratu”. “Hitza bete dugu eta Barakaldo bikaina eraikitzea dut helburu, hiri segurua, kalitatezko enplegua sortuko duena, pertsonak eta auzoak helburu dituen Udalarekin”, baieztatu du. Zentzu berean aldarrikatu duenez “hori da igandera begira jokoan duguna, aldaketa finkatu ahal izan dadila. Benetan diotsuet buru belarri arituko garela gaur zuen aurrean hitzemango ditugun konpromisoak betetzeko. Uste osoa daukagu herri honetan, Barakaldok mugiarazten gaitu eta horregatik zuen konfiantza eskatzen dizuet horren maite dugun Barakaldo herria eraikitzen jarraitzeko”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25