Prentsa Aretoa

Berriak

2019/10/11

Aldundiak Bizkaiko mugikortasun iraunkorra eta garraio publikoaren etengabeko hobekuntza sustatuko ditu

Sailaren helburuen artean nabarmentzen dira Txartel Bakarra lortzearen aldeko apustua tarifak integratzeko sistemaren ezarpena bultzatuz, eta inpaktu txikiko edo inpakturik gabeko garraio-sistemak sustatzea, hala nola, bizikletaz edo oinez egindako joan-etorriak

rss Ezagutzera eman
Aldundiak Bizkaiko mugikortasun iraunkorra eta garraio publikoaren etengabeko hobekuntza sustatuko ditu

ARGAZKIA JAITSI

Miguel Angel Gomez Viar, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak, agerraldia egin du gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan, berak eskatuta, datozen lau urteetarako bere kudeaketaren ildo estrategikoak aurkezteko.

"Helburuak dira mugikortasun jasangarrirantz aurrera egitea eta kalitatezko garraio publikoaren etengabeko hobekuntzan lan egiten jarraitzea, Bizkaiko herritarrak harro senti daitezen", nabarmendu du. Bi gauza horiek, bai Bizkaibusen eguneroko kudeaketatik, bai Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Zuzendaritza berritik, mugikortasun-politiken diseinuan kontuan hartzen dira, hala egungo erabilerei dagokienez nola etorkizuneko bilakaerari dagokionez.

"Beharrezkoa da joan-etorriak egiteko modu jasangarri eta efizienteak lehenestea, oinezkoak, bizikletak edo garraio publikoa izatea gorabehera, eta ingurumenean inpaktu handiena duten horien gainean arrazionalizazio-neurriak ezartzea". Azken batean, motorrik gabeko desplazamendu-modu berrietara egokitutako mugigarritasun-eredu malgu eta iragazkorra sortzea da xedea, hori lortzeko espazio eta azpiegitura egokiz hornituta.

TXARTEL BAKARRA ETA MBA

Garraio publikoaren arloko helburuen artean, besteak beste, Gomez Viarrek Txartel Bakarra lortzearen aldeko apustua aipatu du, horrela tarifak integratzeko sistemaren ezarpena bultzatuz; eta Mugikortasunaren Bizkaiko Agintaritzaren (MBA) zeregina garatzen jarraitzea, Euskadiko Garraio Agintaritzarekiko (EGA) koordinazioa indartuz, mugikortasun-politika jasangarriak gauzatzeko funtsezko erakunde gisa.

"Biharko datuek ez, gaurko datuek adierazten digute Bizkaiko garraio publikoaren erabiltzaileek operadore desberdinak aukeratzen dituztela garraioaren beraren erosotasunaren eta eraginkortasunaren arabera". Hori dela eta, funtsezko zeregin gisa nabarmendu du garraiobide desberdinen artean intermodalitatea sustatzea, zerbitzu publikoaren iraunkortasuna eta eraginkortasuna ahaztu gabe.

Garraioen arloko titularrak ziurtatu du, halaber, garraio publikoaren arloko Mugikortasun Iraunkorreko edozein ereduk funtsezko lau zutabetan oinarrituta egon behar duela: sozialki arduratsua izatea kolektibo guztien mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko; ekonomikoki bideragarria izatea; kalitatezkoa eta teknologikoki aurreratua izatea, ingurumeneko estandar onenak lortzeko. Azken alderdi hori bermatzeko, iragarri du datozen lau urteetan, Bizkaibuseko flotan dagoeneko sartuta dauden ibilgailu hibridoen funtzionamendua aztertuko dutela, eta ondorio horiek etorkizuneko berritze proiektuetara eramango dituztela, jasangarrienak direnen alde egiteko.

Zehatz esanda, "Bizkaibuseko flotan ibilgailu hibridoak pixkanaka sartzen jarraitzea, arreta berezia jarriz eredu guztien ontasunak eta ezarpenaren eraginkortasuna testatzeko eta aztertzeko".

BIZIKLETA BIDEZKO MUGIKORTASUNA

Mugikortasun Iraunkorraren arloan, sailaren beste "zutabeetako" bat, Gomez Viarrek legegintzaldi honetarako helburu nagusi gisa nabarmendu du "kostu sozial txikienak dituzten garraiobideak eta intermodalitatea sustatzea, eta, bereziki, inpaktu txikiko edo inpakturik gabeko garraio-sistemak sustatzea, hala nola bizikletaz edo oinez egindako joan-etorriak".

Horretarako, honako hauek zehaztu ditu: bizikletentzako mugikortasuna sustatzeko politikak abian jartzea eta bizikletentzako bideen eta atsedenlekuen hobekuntza; oinezkoen, txirrindularien eta motordun moduen arteko bateragarritasuna ahalbidetuko duten neurriak aztertzea ibilbideak eta espazioak partekatzen dituzten lekuetan; mugikortasun aktiboa sustatzeko kanpainak bultzatzea osasun-zerbitzuekin eta udalekin koordinatuta, mugikortasun mota bakoitzak osasunean, ingurumenean, lurraldean eta abarretan duen eraginaz kontzientziatzeko; garraio publikoaren edo motorrik gabeko moduen bidez eskura daitezkeen aisialdirako eremuak zabaltzea; eta, era berean, lanlekura iristeko planak bultzatzeko modua ikustea: garraio-modu eraginkorragoen erabilera sustatzera bideratutako neurriak proposatzea, autoaren erabilera arrazionalagoa sustatzea eta lantokira joateko beharrizana murriztea.

"Ikusten duzuenez, mugikortasun iraunkorreko eredu bat garatzearen alde egiten dugu, gizarte batek askatasunez mugitzeko dituen beharrizanak asebetetzeko gai izango dena, iritsi, komunikatu, merkaturatu edo harremanak ezarri ahal izango dituena, baina derrigorrez horregatik beste giza balio batzuk, oinarrizkoak diren ingurumenekoak edo ekologikoak, egungoak edo etorkizunekoak,  sakrifikatu gabe".

Azkenik, Gómez Viarrek APARKABISA aipatu du, eta baieztatu du agintaldi honetan aurrekoan hasitako hobetze-prozesuari eutsiko zaiola. Prozesu horren ondorioz, teknologiak berritu eta teknologia berriak ezarriko dira sail guztietan. Zehazki, ibilgailuak azkar kargatzeko gune bat jarriko da, gasez (GLP eta GNC) eta elektrizitatez hornitzeko zerbitzuguneekin.

ITURRIA: BFA