Prentsa Aretoa

Berriak

2019/10/14

Foru Ogasunaren bi helburu nagusiak bultzatuko ditu Batuz-ek: iruzurraren aurkako borroka eta zergadunari laguntza ematea

Ogasun eta Finantzetako foru-diputatuak, José María Iruarrizagak, bere sailaren legegintzaldiko plana aurkeztu du. Plan horrek 2019-2023 aldirako helburu nagusi gisa jasotzen du zergadunari ematen zaion laguntza hobetzen jarraitzea eta zerga-iruzurraren aurkako borrokan baliabideak zabaltzea. Bietan garrantzi berezia hartzen du Batuz plataforma martxan jartzeak, 2021ean erabat abian egongo baita.

rss Ezagutzera eman
Foru Ogasunaren bi helburu nagusiak bultzatuko ditu Batuz-ek: iruzurraren aurkako borroka eta zergadunari laguntza ematea

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Sailak 2019-2023 legealdi honetako helburu nagusiak zehaztu ditu; besteak beste, zergadunari ematen zaion laguntza hobetzen jarraitzea eta iruzur fiskalaren aurkako borroka indartzea. Hala adierazi du Jose Maria Iruarrizaga foru diputatuak Legealdiko Plana Bizkaiko Batzar Nagusietako ogasun batzordearen aurrean aurkeztu duenean; bertan, sailaren lehentasunezko helburutzat ezarri du, halaber, zerga-politika justu, progresibo, ekitatibo eta lehiakorrean aurrera egitea; aurrekontu publiko eraginkor eta iraunkor bat egitea; eta etengabe eguneratzen ari den katastroa izatea.

Zergadunari laguntzeko lehen helburu hori lortzeko bereziki garrantzitsua izango da Batuz ezartzea. Sistema horren bidez, Bizkaiko Foru Ogasunak proposamen bat emango die jarduera ekonomikoak egiten dituzten 100.000 zergadun ingururi BEZaren eta PFEZaren edo sozietateen gaineko zergaren aitorpenetarako. Iruarrizagak adierazi duenez, datozen hilabeteetan Foru Ogasunak 2021erako aurreikusitako sistema ezartzeko arau proposamenak aurkeztuko ditu Batzar Nagusietan.

Iruzurraren aurkako borrokan funtsezko elementua denez, Batuzek aukera emango du enpresen eta autonomoen tributazioa osorik kontrolatzeko, edozein dela ere horien tamaina edo eragiketa-bolumena, eta euren salmenta-eragiketa guztiak Ogasunari aitortzen zaizkiola ziurtatuko du. Horretarako, dagoeneko definitu dira bete behar dituen zehaztapen teknikoak, eta hainbat proba egin dira sistema eragile informatikoetan ondo funtzionatzen duela egiaztatzeko.

IRUZUR FISKALAREN AURKAKO BORROKA 

Zerga-iruzurraren aurkako borrokaren arloan Ogasun eta Finantzetako diputatuak nabarmendu du komenigarria dela zerga-arloko garrantzia duen informazioa lortzea, beste administrazio eta eragile batzuekin hitzarmenak formalizatuz; Auditoria Informatikoaren  Unitateak informazioa biltzeko jarduketak eginez; edo trukerako nazioarteko akordioak ustiatuz Bizkaiko zergadunek aitortu gabeko ondasunak eta eskubideak atzemateko atzerrian. Nazioarteko fiskalitatearen esparruan, Nazioarteko Fiskalitatearen eta Transferentzia Prezioen Unitateak bere jarduketak bideratuko ditu zergen ordainketa  saihesteko finantza-ingeniaritzako edozein mekanismo aurkitzera.

Iruarrizagak, halaber,  adierazi du 2020ko urtarrilaren 1ean zerga-bilketaren araudi berria jarriko dela indarrean, zerga-zorrak ordaintzeko finantza-zailtasun iragankorrak dituzten zergadunentzako ordainketa-gerorapenen eskaera eta emakida sinplifikatzen dituena, eta, aldi berean, zenbateko handiagoko geroratzeen gaineko kontrola indartzen duena. Ordaintzeko betebeharra betetzen ez duten zergadunen zerga-zorrak biltzeko, Foru Ogasunak ikuskatzaileak eta ikuskapeneko lan-metodoak sartuko ditu zordun handien diru-bilketaren kudeaketan, ordainketa-geroratzeetan eta hartzekodunen konkurtsoetan.

ZERGA-POLITIKA BIDEZKOA ETA LEHIAKORRA 

Ogasun Sailaren legegintzaldiko planaren lan-ildo nagusietako bat zerga-politika zuzen, progresibo, ekitatibo eta lehiakorrean aurrera egitea da, ongizate-estatua, elkartasuna eta justizia soziala bermatuko dituena eta, aldi berean, Bizkaiari berrikuntzan, ekintzailetzan eta talentuaren erakarpenean erreferentziazko lurralde gisa kokatzeko aukera emango diona. Ildo horretatik, Foru Ogasunak aurreko bi legegintzaldietan egindako zuzeneko zergen erreformen emaitzak ebaluatuko ditu, eta gogoeta egingo du gizarte-aurreikuspen osagarria orokortzea, ekintzailetza sustatzea edo langileek enpresan parte hartzea bezalako gaiei buruz.

Era berean, Iruarrizagak azpimarratu du zerga figura berriak sartu behar direla Ekonomia Itunean, hala nola finantza jarduerei dagozkienak edo izaera digitaleko jardueren ondoriozkoak.

Aurkezpenean Ogasun eta Finantzetako diputatuak beste helburu orokor batzuk ere aipatu ditu, besteak beste katastro eguneratua izatea edo aurrekontu publiko eraginkor eta iraunkor bat egitea, Foru Aldundiaren beharrizanei erantzuna emango diena eta zorpetze garbia zero izango duena.

SAILAREN OSAKETA

Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Saila honako hauek osatzen dute: Ogasuneko Zuzendaritza Nagusia (Iñaki Alonso da horren arduradun nagusia); Finantza, Aurrekontu eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusia (Aitor Cobok zuzentzen duena); Katastroaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusia (Maite Asensio); eta Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboa (Felix Ayarza). Era berean, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren menpe daude zuzenean José Rubík zuzentzen duen Idazkaritza Nagusi Teknikoa eta Estatuko Loteria eta Apustuen Estatu Sozietatea,  Humberto Perearekin.