Prentsa Aretoa
Berriak
2020/03/25
Euskal Taldea alarma egoera luzatzearen alde agertu da, eta Ganberaren babesa lortu du, Espainiako Gobernuak astero neurrien betepen mailari buruzko azalpenak eman ditzan
Mikel Legardaren esanetan, adituen gomendioei men eginez, "oraingoz indarrean dauden neurriek bere horretan jarraitu behar dute", eta laguntza sozialak eta ekonomikoak "norabide onean doazen urratsak" direla esan du, baina neurri horiek zabaltzea proposatu du
EAJ-PNVren Euskal Taldeak baiezko botoa eman du gaur alarma-egoera luzatzen duen Dekretuari, eta konbentzituta esan du "oraingoz indarrean dauden neurriek bere horretan jarraitu behar dutela"; izan ere, adituen gomendioei jarraituz, goranzko joera geldiarazteko".
EAJ-PNVren Euskal Taldeko diputatu eta bozeramaile ondoko Mikel Legarda Kongresuan izan da gaur, eta bertan aditzera eman duenez, "Herritar garen aldetik, ahalegin handiena egin behar dugu zorroztasun osoz jokatzeko", eta gaineratu duenez "esfortzurik handiena gure adinekoen egoitzetan eta osasun-sisteman egin behar dugu, baliabide-gabeziak eta asistentzia-gabeziak konpontzera begira". Nazioarte mailan material sanitarioen fluxuen antolamendua, ahal dela, orain arte baino zorrotzagoa izan behar da”. Ildo beretik nabarmendu duenez “sen onez eta orekaz jardun behar dugu krisi honi aurre egiteko, bere ondorioak gainditzeko eta egoera sozial eta ekonomikoa egonkortzeko, enpresak, lanpostuak eta egoera ahulenean daudenak galtzaile irteten ari baitira", gaineratu du.
Nolanahi ere, eta egoera honi aurre egiteko aurreikusi diren euste-neurriekin arrazoizko epe batzuetan eragin positiborik hautemango ez balitz, Legardak ziurtatu du "ebaluazioan jaso beharko litzatekeela, benetan bete eta errespetatu ote diren ala ez".
Hain zuzen ere, ebaluazioari, jarraipenari eta kontu-emateari dagokion aldetik, Euskal Taldeak indarrean dagoen alarma-dekretuari ebazpen-proposamen bat aurkeztu dio, gaurko bilkuran eztabaidatu da eta Ganberaren babesa jaso du. Hain zuzen ere, EAJ-PNVk defendatzen duenez, egoera honetan, "zentzudunena da Espainiako Gobernuak Ganbera honetan orain arte ezarri diren neurrien aplikazio-mailari buruzko informazioa idatziz, egituratuta eta astero ematea, bai eta krisi poliedriko honi aurre egiteko neurrien eraginkortasunari eta efizientziari buruzko balorazioa egitea ere". Legardak esan duenez, informazio hori "ezinbestekoa da Kongresuak bere sustapen- eta/edo kontrol-funtzioak egin ditzan eta, hala badagokio, Gobernuaren jarduketak baliozkotzeko edo behar diren baimenak emateko". Ildo beretik, Euskal Taldearen ustez, "Malgutasunez aztertu beharko litzateke salbuespenezko neurri iragankorrak hartzea", Ganberak baliabide telematikoen bidez funtzionatzea ahalbidetzera begira.
Bestalde, Legardak pandemiaren ondorioz sortu den krisia arintzeko neurri ekonomiko eta sozialak jasotzen dituzten hiru Errege Lege Dekretuei Euskal Taldeko diputatuek emandako aldeko botoa justifikatu du, "Norabide onean egindako urratsak direlako", baina gaineratu du "pandemiak izan duen bilakaeraren arabera, egokitu egin beharko direla", eta "eraginkorrak izan daitezen, ez da soilik azkartasuna eskatuko, ez baita begi bistatik kendu behar etorkizunera begira egoera berroneratzeko plan bat beharko dela” krisialdi hau denboran luzatu daitekeelako. Edozein kasutan, Legardak Osokoari aurkeztu dizkio EAJ-PNVk proposatzen dituen “ohar osagarri” batzuk, “tsunami honi” aurre egin ahal izateko.
Horien artean, "Osasun-krisiak eragindako ondorio sozial eta ekonomikoen eraginez egoera ahulenean geratu diren pertsonentzat aldi baterako berme-errenta publikoa" ezartzeko aukera dago. Bereziki kontuan hartu dira, beste kolektibo batzuen artean, zaintzaileak, etxeko langileak eta banakako errentariak.
EAJ-PNVren Euskal Taldeak autonomoentzako, ETEentzako eta mikroETEentzako neurriak ere proposatu ditu, hala nola fakturazioaren ehunekoa handitzera bideratutakoa, aparteko prestazioa jaso ahal izateko. Izan ere, Euskal Taldearen iritziz, "Diru sarreren %25arekin biztanleriaren gehiengo batentzat ezinezkoa da bizitzea eta jarduerari eustea". Era berean, EAJ-PNVk proposatu du kolektibo horientzat moratoria bat ezartzea beren lokalen eta negozioen alokairuak ordaintzeko edo lokal horien hipotekak ordaintzeko, bai eta beren jarduerarako ezinbestekoak diren ondasunak erosteko maileguak ordaintzeko ere. Era berean, eskatzen du zergen ordainketa geroratzeagatiko/zatikatzeengatiko berandutze-interesak ez aplikatzea, zerga-zorra geroratzea muga-eguneratutakoan hileko beste hainbeste kuotatan sartzeko aukeraren kalterik gabe. Edo abal publikoak, likidezia bermatzeko, batez ere autonomoen eta ETEen kolektibo horietara bideratzea, likidezia-arazo larrienak dituzten sektoreak direlako, eta abal horiek KOIren hitzarmenen bidez izapidetzea autonomia-erkidegoetan dauden elkarrekiko berme-sozietateekin, horiek baitira beren lurraldeetako produkzio-sarearen errealitatea ondoen ezagutzen dutenak.
Euskal Taldeak Gobernuari eskatzen dio, halaber, "ERTEak ahalik eta azkarren izapidetzea, horren mende baitago jende gehiegiren lasaitasuna eta biziraupena", esan du Legardak. "Baita ere", esan du, "Gobernuak enpresetan ezarri beharreko zaintza neurriak zorroztu ditzala, ikuskaritza eta prebentzioaren bidez, kutsatzeak saihesteko neurriak bete daitezen".
Diputatu jeltzaleak, halaber, "Erakunde guztien erantzun koordinatuaren beharra aldarrikatu du Europakoa barne, pertsonengan eta ekonomian eragin negatiboak arintzeko", eta gaineratu du "neurri sanitario, sozial eta ekonomikoek modu orekatu eta dinamikoan elkarreragin behar dutela". "Bakarrik azkarrago joaterik dago, baina elkarrekin urrunago iritsiko gara eta, gainera, inor atzean utzi gabe”, ezarri du.
Azkenik, jakinarazten dugu Euskal Taldeak baiezko botoa eman duela ondorengo bi Errege Dekretuen bozketan: 4/2020 Errege Lege Dekretua, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 52.d) artikuluan lanera ez joateagatik aurreikusten den kaleratze objektiboa indargabetzen duena eta 5/2020 Errege Lege Dekretua, nekazaritza eta elikaduraren arloan premiazko neurri jakin batzuk hartzen dituena.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25