Prentsa Aretoa

Berriak

2020/06/13

Pandemiaren ondorioei aurre eginez EAJ-PNVk “Euskadi zutik jartzeko” hartu duen erabakia helarazi nahi diote Urkulluk eta Ortuzarrek gizarteari

‘Euzkadi Zutik ¡Saldremos!‘ izango da talde jeltzaleak uztailaren 12ko Euskadiko Hauteskundeetara eramango duen goiburua

rss Ezagutzera eman
Pandemiaren ondorioei aurre eginez EAJ-PNVk “Euskadi zutik jartzeko” hartu duen erabakia helarazi nahi diote Urkulluk eta Ortuzarrek gizarteari

ARGAZKIA JAITSI

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Aurrera egingo dugu”; “Euskadi zutik jarriko dugu berriz ere”; “Indarra, ilusioa, borondatea eta proiektu bat ditugu krisi hau gainditzeko”. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Iñigo Urkullu Lehendakariak euskal gizarteari helarazi dizkiote talde jeltzalearen kemena, indarra eta erabakimena, Covid-19aren pandemiak eragin duen krisia gainditzeko beharko den lan erraldoiari ekin ahal izateko. Ortuzarrek eta Urkulluk hitza hartu dute gaur goizean, indarrean dauden segurtasun neurri guztiak betez EAJ-PNVk egin duen Aberri Batzarrean. Kasu bietan, lehen hitzak dedikatu dizkiete Covid-19aren eraginez hil diren pertsonei eta beren senideei. Halaber, Urkulluk, uztailaren 12ko Euskadiko Hauteskundeetarako Arabako zerrendaburuak, hurrenez hurren Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburu diren Leixuri Arrizabalagarekin eta Bakartxo Tejeriarekin batera, aurkeztu du talde jeltzaleak hauteskunde kanpaina honetara eramango duen goiburua: “Euskadi Zutik ¡Saldremos!”.

Iñigo Urkullu Lehendakaria konbentzituta agertu da eta esan du Euskadik gaur egungo egoera delikatutik irteten jakingo duela, eta bere baikortasuna argudiatu du arrazoi sendoak eskainiz. “Autogobernu sendoa eraiki dugulako, orain arte bizi izan dugun krisialdirik handienean eta larrienean funtzionatu duen eredua delako. Autogobernua dira gure erakundeak, estres proba larri hau gainditu dutenak. Autogobernua dira Osakidetza, Ertzaintza, Lanbide, Lanbide Heziketa Duala, DSBEa eta gure gizarte babesa. Gure hezkuntza sistema da. Autogobernua da Ekonomia Ituna. Orain arte eutsi diogu eta hemendik aurrera ere aurrera egingo dugu. Balore sendoak ditugu. Gizarte zibil aktibo eta aktibatua daukagu, ulertzen duelako konpromisoa hartu behar dela eta elkarrekin lan egin behar dugula. Erakunde hurbilak ditugu, baita gizarte solidarioa ere. Aurrera egingo dugu”. Urkulluk autokonplazentziatik aldendu nahi izan du, baina beharrezko eta egoki jotzen du “ona dena eta funtzionatu duena aitortzea eta baloratzea. Konformismorik ez, auto-exijentzia eta konpromiso partekatua. Talde-lana eta kolaborazioa. Hauxe da Euzko Alderdi Jeltzalearen eredua: erakunde sendoak, gizarte konprometitua eta proiektu argia krisi hau gainditzeko”. Lehendakariak EAJren ereduan sakondu nahi izan du “pertsonei begiratzen dielako”, “eta pertsona asko daude txarto pasatzen ari direnak. Politika egiten dugu pertsona bakoitza erdigunean jarriz, gehien behar duenari arreta emateko konpromisotik abiatuta, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-babesaren funtsezko zerbitzuekin, euskal erakunde guztiekin ahalegin horretan elkarrekin lan eginez. Ez dugu inor atzean utziko. Suspertze ekonomikoari eta enpleguari begiratzen dion eredua da. Duela lau urte esan genuen langabezia %10etik jaitsiko genuela. Iaz helburu hori lortu genuen. Berriro ere lortuko dugu. Gure lehen konpromisoa da eta jarrera hori bera erakutsi dugu Ahaldun Nagusiekin egin dugun bileran. Erantzun bateratua eskainiko dugu epe ertain eta luzerako. Eredu bat partekatzen dugu, baita abiapuntua eta estrategia ere. Hazkunde jasangarria eta enplegua. Etorkizun globalari begiratzen dion eredua. Euskadi trantsizio sozialaren eta osasun-trantsizioaren lehen lerroan, trantsizio energetikoaren eta ingurumenaren trantsizioaren lehen lerroan. Hori da Ahaldun Nagusiekin ere partekatu dugun estrategiaren xedea”. “Indarra, ilusioa eta konfiantza daukagu gure proiektuan eta etorkizunean”, amaitu du.

Ortuzarrek aitortu du pandemia honek “kinka larrian” jarri duela mundu osoa, “baita gure lehen mundu buruaski eta harroa ere”, gure “gabeziak eta zaurgarritasun globala” agerian geratu direlako. Horren ondorioa da “gizarte gisa beldurra sentitzen hasi garela. Zer gertatuko ote da orain? Egoerari buelta ematea lortuko al dugu? Beldurrak airean jarri dituen galderak dira”, baieztatu du Ortuzarrek. “Baina gizarte bat ezin da beldurrez egon. Ez dugu beldurraren mende egon nahi. Beldurrak kikildu egiten zaitu eta orain inoiz baino aktiboago egon behar dugu. Baina lezioa ere ikasi behar dugu”. Zentzu berean, jeltzaleen buruak uste du “ezbehar gogor honek aukera bikaina ematen digula ikasteko eta aldatzeko, gizarte gisa dauzkagun harremanak eta gure egitura publiko eta sozioekonomikoak indartzeko. Euskal herriak aukera hau baliatzen jakin behar du aldatu behar dena aldatzeko eta hobetu behar dena hobetzeko. Halako pandemia bat berriro gertatzen bada, Herri gisa hobeto prestatuta egon gaitezen egoerari aurre egiteko orduan. Eta horretara dedikatuko gara buru belarri Euzko Alderdi Jeltzalea osatzen dugun emakume eta gizon guztiok. Erakundeetan daudenak eta Alderdia zuzentzen dugunok. Ez dago beste lehentasunik: Euskadi zutik jartzea, denon aurrean aurrera egin dezagun”. Ortuzarren hitzetan, “Jaurlaritza eta Aldundiak lanean jarri dira dagoeneko, Euskadiren Aldeko Jarduera herri hau berreraikitzeko, Euskadiren Aldeko Jarduera gure gizartea suspertzeko, Euskadiren Aldeko Jarduera gure hezkuntza, gure politika sozial eta ekonomikoak indartzeko, Euskadiren Aldeko Jarduera enplegua sortzeko. Euskadiren Aldeko Jarduera izango da EAJK beharrizan guztiei emango dien erantzuna, euskal gizarteak Covid-aren ondoren izango dituen beharrei aurre egiteko. Hori da gure helburua, gure xedea: Euskadik eta euskal herritarrek zer behar duten beldurra galtzeko eta etorkizuna irabazteko. Hori izango da gure jarduera”. Horregatik guztiagatik, Ortuzarrek gaurko hitzaldia amaitu nahi izan du euskal hiritarrek gaur egun egiten dituzten galderei erantzuna emanez: Zer gertatuko ote den? Guri zer gertatuko zaigun? Egoera honetatik irtetea lortuko ote dugun? “EAJren erantzuna zein den? Bai, egoera honetatik irtengo garela. Berriz ere, Euskadi zutik jarriko dugula eta aurrera egingo dugula”.

Batzarrean hitza hartu aurretik, Urkulluk, Arrizabalagak eta Tejeriak hauteskunde garaian jeltzaleen egoitzako fatxadan jarri ohi den lona erraldoiaren aurkezpena egin dute. Lonan aurkezten da talde jeltzaleak uztailaren 12ko Euskadiko Hauteskundeetara eramango duen goiburua: ‘Euskadi Zutik. ¡Saldremos!’. Krisialdi latz honen ondoren datorkigun etorkizuna zalantzak eta ziurgabetasunez beteta dago. Ez da erraza izango, pandemia honek gure bizimodua kinka larrian jarri duelako. Hainbat gauza daude betiko aldatu dituenak… baina beste batzuk ez dira aldatuko. Ez da aldatu arazoei aurre egiteko orduan daukagun jarrera. Euskadin, betidanik, hazi egiten gara arazoak datozenean. Zutik jartzen gara, beti. ‘Euskadi Zutik’ goiburuak jarrera hori islatzen du eta EAJ-PNVk hurrengo hauteskunde kanpainan erakutsi nahi du. Herri oso baten jarrera da, lehenago geunden egoerara itzultzeko eta, ahal badugu, are egoera hobeago batera iritsi ahal izateko. ‘Saldremos’ esatean ez dugu itzulpenik egin nahi, kontzeptu osagarria baita. Erronka honi aurrera egin nahi diogu baikortasunez, oztopo guztiak gainditzen jakingo dugulako, orain arte bezala.