Prentsa Aretoa

Berriak

2026/10/06

Gamiz-Fikako EAJ-PNVk egindako lanaren balioa nabarmendu du: legegintzaldi hasieran hartutako konpromisoen %100 gauzatuta edo martxan daude

Alderdi jeltzaleak plangintzan eta egintzetan oinarritutako kudeaketa nabarmendu du, udalerriko zerbitzuak, auzoak eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko proiektuekin.

Ezagutzera eman
Gamiz-Fikako EAJ-PNVk egindako lanaren balioa nabarmendu du: legegintzaldi hasieran hartutako konpromisoen %100 gauzatuta edo martxan daude

ARGAZKIA JAITSI

Gamiz-Fikako EAJ-PNVk legegintzaldi honetan udal-gobernu jeltzaleak egindako lanaren balantzea egin du, eta hasieran hartutako konpromisoen betetze-maila nabarmendu du: %100 gauzatuta edo martxan daude. Jeltzaleen arabera, balantzeak argi erakusten du gobernatzeko modu jakin bat: emandako hitza betetzea, plangintza egitea eta proiektuak egitasmo hutsetatik errealitate bihurtzeko lanean aritzea.

Urte hauetan, EAJ-PNV buru duen Udalak aurrerapausoak eman ditu udalerriaren egunerokoan eragin zuzena duten hainbat arlotan, bai Gamizen, bai Fikan. Besteak beste, Fikako pilotalekua berritu da, bi guneetako hilerrietan hobekuntzak egin dira, landa-bideetan eta argiterian jarduketak gauzatu dira, haurrentzako guneak eta espazio publikoak hobetu dira, eta HAPOaren zein saneamendu-sarearen garapenean ere aurrera egin da.

“Zerbait egiteko konpromisoa hartzen dugunean, aurrera eramateko ardura ere geure gain hartzen dugu. Gaur esan dezakegu hartutako konpromisoetako asko errealitate direla eta %100 martxan daudela. Proiektu batzuk amaituta daude, eta beste batzuek aurrera jarraitzen dute, argi zehaztutako plangintza bati jarraituz, errealitate bihurtu arte”, adierazi du Gamiz-Fikako EAJ-PNVk.

Martxan dauden proiektuen artean, Gamizko biribilgunea nabarmentzen da. Horretarako, Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean jardun du, eta dagoeneko behin betiko proiektua eta beharrezkoak diren sektoreko baimenak eskuratuta ditu. Era berean, Ibarra auzoko uholde-arriskua duten eremuak hobetzeko jarduketak aurrera doaz, eta obrak lizitatu ahal izateko beharrezko urratsak prestatzen ari dira.

Legegintzaldi honetan egindako kudeaketak, gainera, hasieran ezarritako konpromisoetatik harago joateko aukera eman du. Udalak Auzo-taxi zerbitzua jarri du martxan Gamiz-Fika eta Mungiaren artean; enplegu-planen bidez, 12 pertsona kontratatu dira; ludoteka jarri da abian, eta osasun-zentroetan hobekuntza berriak egin dira. Horrez gain, energia-eraginkortasuna hobetzeko neurriak bultzatu dira, aparkaleku berriak sortu dira, udal-igerilekuetan hobekuntzak egin dira, eta San Pedro de Atxispe ingurunea zein Burdin Hesia berreskuratu eta balioan jartzeko lanak ere egin dira.

“Lan asko egin dugu, baina ez gara programa betetzera mugatu. Behar berriak antzematen eta horiei irtenbideak bilatzen jarraitu dugu. Hori da EAJ-PNVren konpromisoa: herritarrengandik gertu egotea, entzutea eta baliabide publikoak Gamiz-Fika hobetzeko erabiltzea”, azpimarratu du alderdi jeltzaleak.

Ildo horretan, udal-gobernua mugikortasunarekin, irisgarritasunarekin, ur-hornidurarekin eta espazio publikoen hobekuntzarekin lotutako proiektu berriak ere garatzen ari da. Horien artean, bigarren mailako ur-sarea berritzeko hiru proiektu nabarmentzen dira, guztira 600.000 eurotik gorako inbertsioa izango dutenak. Era berean, Fikan irisgarritasuna hobetzeko eta trafikoa baretzeko lanak, bai eta San Pedro de Atxispen zubi berria eraikitzeko proiektua ere, aurrera doaz.

Gamiz-Fikako EAJ-PNVren ustez, balantze honek erakusten du kudeatzea udalerriaren beharrak proiektu bihurtzea dela, eta proiektuak egitate bihurtzea. Talde jeltzaleak gobernatzeko modu baten alde egiten du: “oinak lurrean izanda, baina aurrera begiratzeko gaitasunarekin”, herritarren zerbitzuak eta aukerak hobetzeko konpromisoari eutsiz.

“Gure konpromisoek aurrera jarraitzen dute, eta horietako asko dagoeneko errealitate bihurtu dira. Baina ez dugu hor gelditu nahi. Gamiz-Fikak erronka berriak ditu aurrean, eta horiei erantzuteko lanean jarraituko dugu, legegintzaldi honetan aritu garen hurbiltasun eta erantzukizun berarekin”, amaitu du Gamiz-Fikako EAJ-PNVk.

 

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!