Prentsa Aretoa
Berriak
2026/10/06
Bizkaitarren etorkizuna blindatzera begira Ahaldun Nagusiak proposatu dituen lau akordioetan aurrera egiteko ekimenak aurkeztu ditu gaur talde jeltzaleak
Talde jeltzaleak gaurko osoko bilkuran zehaztu ditu pertsonen zaintzan, lurralde-kohesioan, aukeretan eta elkarbizitzan aurrera egiteko hitzemanda dituen konpromisoak. Joan den urriaren 30eko Politika Orokorreko Osoko Bilkuraren ondoren talde jeltzaleak ebazpenen eztabaidan planteatutako proposamenek gazteria, gazteen emantzipazioa eta gizarte-kohesioa dituzte ardatz nagusi. Batzar Nagusiek Lea Artibai eta Enkarterri eskualdeetan landa-garraio publikoaren zerbitzua indartzeko eskatu diote Aldundiari, sakabanatuta dauden herriguneak eta auzoak eskualdeburuekin lotzeko.
Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJ-PNVren Batzarkide Taldeak talde sozialistarekin adostutako bost ebazpen aurkeztu ditu gaurko bilkuran. Jesus Lekerikabeaskoa taldeko bozeramaileak azpimarra jarri du proposamen horien abiapuntu den adostasun mailan; izan ere, ganbera osatzen duten 31 batzarkidek, %60k baino gehiagok, adostasun hori zabaltzeko borondatea eta prestasuna adierazi dute.
Lekerikabeaskoak lau itunetan biltzen diren ebazpenak aurkeztu ditu: "zaintzak, lurraldea, aukerak eta elkarbizitza". Aldi berean, "foru erakundeari planteatzen zaizkion aginduak" direlarik.
Proposatutako lehen itunari dagokionez, zainketen ingurukoa delarik, talde jeltzaleak abiapuntutzat ezarri du Bizkaiak Europako zaintza sistemarik onenetakoa eraiki duela. Aurten, Aldundiak 893 milioi euro bideratu ditu gizarte-zerbitzuetara, agintaldi hasieran baino 157 milioi gehiago. Hala ere, errealitateak hainbat neurri hartu beharra planteatzen du, gero eta adineko pertsona gehiago eta horiek zaintzeko pertsona gutxiago baitaude. Neurri horien artean dago EtxeIKT sistema zabaltzen jarraitzea, gaur egun 8.000 adineko baino gehiago artatzen baititu eta 7.555 zaintzaileri laguntzen baitie. Gaineratu duenez, bide beretik jarraitzeko, baliabideak aurreratu dira belaunaldi ezberdinetako pertsonak artatzeko zentroak izan daitezen, beste erakunde batzuekiko lankidetza indartuz. Ildo beretik aipatu du egoitzak eta eguneko zentroak klimatizazio-irizpideetara egokitzeko beharra.
Lurralde-kohesioari buruzko bigarren itunari dagokionez, talde jeltzaleak defendatzen du pertsona baten bizitokiak ez lituzkeela haren aukerak edo bizi-aukerak kaltetu behar. Lekerikabeaskoak dio bizkaitarren arteko ezberdintasunak murriztu egin direla azken urteotan, eta garraio publikoa defendatu du lurralde-kohesioa indartzeko elementu gisa. Hain zuzen ere, aurkeztutako beste ebazpen baten arabera, Foru Aldundiari eskatu zaio tarifa-sistema integratu baterantz migratzeko; tarifa-tarte gutxiago ezarriz eta arian-arian tarifatuz, erabiltzaileen erabileraren eta errentaren arabera. Bide beretik jeltzaleen beste proposamenak dira urrutien dauden herriek metropoliarekin duten lotura hobetzea, Bizkaibuseko ibilgailuen deskarbonizazioarekin jarraitzea, errepide sarearen argiztapen eraginkorra eta bidegorri sarea garatzen jarraitzea.
Gainera, EAJ-PNVk eta talde sozialistak adostutako transakzio-zuzenketa baten bidez, Batzar Nagusiek Lea Artibai eta Enkarterriko eskualdeetan landa-garraio publikoaren zerbitzua indartzeko eskatu diote Aldundiari, biztanleria-guneak eta auzo sakabanatuak eskualde-buruekin lotzeko. Zerbitzu berri hori agintaldi hau amaitu baino lehen aktibatzea dago aurreikusita eta Bizkaibusen sarean sartuko da. Barik txartelarekin erabili ahal izango da, tarifa- eta doakotasun-baldintza berberekin.
Bizkaitarrek beren bizi-proiektuak garatzeko dituzten aukerei dagokienez, diskurtsoa etxebizitzan oinarritu da nagusiki.
Lekerikabeaskoa erakunde bakoitzak eskura dituen tresna guztiak erabiltzearen alde agertu da, etxebizitza errazago eskuratze aukerak izan ditzaten. Aldundiak zerga-politika baliatzen du horretarako; izan ere, etxebizitza ordaintzeko diru gehien bideratzen duen erakundea da: 339 milioi euro, aurreko urtean baino 59 milioi gehiago. Laguntza horiek 266.369 pertsonak jaso dituzte, eta horietatik 63.000 36 urtetik beherakoak dira. Ahalegin nagusia politika fiskala garatzea da, gazte eta familientzako neurri berrietan sakontzeko. Adibide gisa, hainbat neurri aipatu ditu, hala nola etxebizitzak eraberritzeko ekimenak bultzatzea eta eraikinak egoera ahulenean dauden gazteentzako zuzkidura-apartamentu bihurtzea, birgaitze eta eraikuntza jasangarriko teknikak irakatsiz. "Etxebizitza, enplegua eta autonomia proiektu bakar batean" amaitu du.
Laugarren ituna, bizikidetzarena, Bizkaiko gizartearen aniztasuna aprobetxatzean oinarritzen da nagusiki, belaunaldi gazteenen bitartez komunitate kohesionatuagoa sortzeko. "Gazteek Bizkaian jarraitzea nahi badugu, horretarako aukerak sortu behar ditugu; enplegua, etxebizitza eta bizikidetza", azaldu du EAJ-PNV taldeko bozeramaileak.
Nabarmenak...
GAMIZ-FIKA
2026/10/06
LEKEITIO
2026/10/05
AJANGIZ
2026/10/05
TRAPAGARAN
2026/10/02
SANTURTZI
2026/10/01
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
BILBO
2026/06/08
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












