Prentsa Aretoa

Berriak

2020/07/14

Jaurlaritza albait arinen eratu beharra aldarrikatu du Ortuzarrek “iraila hasieran neurriak har ditzan ekonomian eta osasun eta gizarte alorretan”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak oso balorazio ona egin du U-12ko hauteskundeen emaitzez: “Gure helburua zen Herrialde bakoitzean eserleku bat irabaztea, eta lortu egin dugu”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur planteatu du denbora ez dela pasatzen utzi behar, Eusko Jaurlaritza albait arinen eratzera begira eta iraila hasieran “ekonomian, osasunean eta gizarte arloan” Euskadik beharko dituen neurriak har ditzan Covid-19aren krisiari aurre egitea xede. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, EAJ-PNVko buruak baieztatu du berak ez duela baztertzen PSE-EErekin koalizioa osatzeko formula berriz editatzea, hautestontziek esan dutelako hori dela gobernatu behar duen “ardatza”. Ortuzarrek era berean esan du hurrengo legealdian talde jeltzaleak EH Bildurekin hitz egingo duela esparru guztietan talde horrek “oposizioa zentzuz egitea erabakitzen badu”, oraindik ikusteke dagoen zerbait , jarrera hori ez baitzaie kanpainan antzeman, beldurra “arduragabeki” elikatu dutelako eta etengabe EAJ-PNVren kontra egin dutelako “oso gogor eta oldarkortasun handiz”.

Ortuzarrek baieztatu du datorren ostiraletik aurrera, hilak 17, behin betiko boto zenbaketa ezagututakoan eta eserlekuen banaketa behin betikoa egindakoan, Eusko Jaurlaritza osatzeko lanari ekingo zaiola. Ortuzarren aburuz prozesuak “arina“ izan beharko luke “herria ez dagoelako luzaro itxaroteko moduan. Iraila hasierarako, Eusko Jaurlaritzak martxan egon behar du eta esku artean izan behar ditu neurriak esparru ekonomikorako, arlo sozio-sanitarioan eta gizarte arloan, osasun krisiari, berragertzeei eta iraila amaieran edo urriaren hasieran etor daitekeen egoerari aurre egiteko”. Jeltzaleen buruaren esanetan EAJ-PNVk “Eusko Jaurlaritzak azken lau urteotan egindako lanaren analisi positiboa egin du” eta ,beraz, Exekutiboak ez luke derrigorrez jeltzaleek soilik osatutakoa izan behar: “Ona litzateke Jaurlaritza sendo bat, indar hori Legebiltzarrean ere erakusteko, eta gobernuaren jardunak legebiltzarreko izapidea arin igaro ahal izatea”, baieztatu du. Ortuzarrek era berean esan du hautestontziek argi eta garbi esan dute “Gobernuan gaur dagoen ardatza” izango dela “herri hau gobernatuko duena” eta aurrean “oposizioa egiteko alternatibak” egongo direla, eta ez Gobernua osatzekoak”.

EH Bilduk jaso dituen emaitzez galdetuta, hauteskundeak irabazteko helburua adierazi zuen arren eta EAJ-PNVk baino 100.000 boto gutxiago jaso zituelarik, Ortuzarrek futbol arloko adibide bat ekarri nahi izan du gogora: “Ondo dago Champions League-an sartzen lortu izana ospatzea, baina Ligak bakar batek irabazten du eta Liga EAJ-PNVk irabazi du. Bilduk nahi duen irudikeria ikus lezake, baina Eusko Legebiltzarrean indarren banaketa bat dago. EAJ-PSE gobernua eratzen bada. Gobernu horrek gehiengo Nagusia izango du eta Bilduren alternatibak ezerezean geratuko dira”. Ezker Abertzaleak gehiengo alternatiboak osatzeko aukerak neurtzera begira iragarri duen harreman errondaz galdetuta, EBBko presidenteak adierazi duenez” Bilduk nahi beste erronda egin ditzake, baina politikan koherentzia balore bat da. Eta EH Bilduk atzo egin zuen planteamenduak ez zuen koherentziarik izan, minutu bakar batek ere ez luke iraungo. Gurekin eraiki nahi du parte subiranista eta besteekin soziala. Baina besteak subiranistaren antitesia dira. Pentsatzen ahal du Bilduk, PSOEk eta Podemosek beraiei alternatiba progresista emango dietela erabakitzeko eskubideaz hitz egin gabe?”, galdetu du, eta jarraian esan du “irreala” dela. Era berean hitz egin du Ortuzarek Vox-ek lortu duen eserlekuaz, eta esan du Euskadiko alderdi politikoak ergelak izango liratekeela “beren zentzugabekeriei edo iskanbila mediatikoei kasu egingo bagenie, Madrilen gertatzen den bezala”.