Prentsa Aretoa
Berriak
2020/07/21
EAJ-PNVren “haserrea” adierazi du Ortuzarrek, Espainiako gobernuak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa deitzeari uko egin diola ikusita
EBBko presidenteak Sánchezi esan dio hobe duela “EAJ-PNVrengana ate joka ez etortzea”, Euskadiko erakundeei eman arte krisiari aurre egiteko beharko diren Aurrekontuak diseinatzeko beharko duten ziurtasun finantzarioa: “Ez gara dirua eskatzen ari, soilik eskatzen dugu zorpetzeko gaitasuna eta orain arte adostutakoa betetzea”
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVren haserrea eta ezinegona erakutsi ditu gaur, Espainiako gobernuak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa deitzeari uko egin diola ikusita, foro horretan adostu beharko delarik Euskadiko erakundeen zorpetzea Covid-19ak eragin duen krisiari aurre egiteko planak diseinatzeko orduan. Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, jeltzaleen buruak gogora ekarri du uztailaren erdia behin gaindituta, Euskadiko erakundeek oraindik ez dakitela zer nolako gaitasun finantzarioa izango duten datorren urteko Aurrekontua diseinatzera begira. “Gertatzen ari denak ez du batere zentzurik”, deitoratu du Ortuzarrek, zuzentzen duen alderdiak, EAErentzat eta Nafarroarentzat diru gehiago erreklamatu beharrean, zorpetzeko gaitasun handiagoa eskatzen duela argi utzirik, hau da, komunitate horiek biek ordainduko duten zorpetzea. Horregatik, Pedro Sánchezi ohartarazi dionez “hobe du EAJ-PNVrengana ate joka ez etortzea” egoera hau onerako konpontzen ez den bitartean,eta iragarri du Euskal Taldeak `ezetza´ bozkatuko duela Berreraikitzeko Plana izenekoak planteatzen dituen lau blokeetatik hiruren bozketan. Plan hori bihar bertan bozkatuko dute Diputatuen Kongresuan.
“Haserre gaude Espainiako gobernuaren aldetik ematen ari den erantzun faltagatik eta Euskadiko erakundeei ematen dioten tratuagatik”, esan du Ortuzarrek. “Diru-bilketan %20ko jaitsiera eman da, eta horren aurrean jakin behar dugu Euskadiko erakundeek hurrengo hilabeteetan eta urteetan zorpetzeko izango duten gaitasuna krisiari aurre egin ahal izateko, eta hori dena Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostu beharra dago. Kontuak egiten hasi behar dugu irailean Aurrekontuak prestatzen hasteko, baina gure zorpetzea zenbaterainokoa izan daitekeen jakin ezean, gure gastu muga -20koa izango da, eta hori ikaragarria izan daiteke. Hori ez da erakunde bat tratatzeko modua, ezta `lehentasunezko bazkide´ jotzen denarekin aritzeko modua ere. Ez dugu ulertzen Pedro Sánchez eta bere Gobernua zergatik ari diren horrela. Ez da ulergarria, guk ez diegulako dirurik eskatzen: guk eskatzen duguna da guk geuk ordainduko dugun zorpetze muga hitzartzea, faktura ez diogu Espainiako gobernuari pasatuko, beste autonomia erkidegoek egiten duten bezala”. Buruzagi abertzalearen esanetan “ez da onargarria gaur egun halako egoera batean egotea. Haserre gaude, ez gaude konforme. Ezin dena da `bazkide estrategiko´ izatea botoak emateko, baina dagokiguna ez ematea akordioek ezartzen dutena betetzeko, eta bereziki gai honen inguruan. Lehenagotik hitz eginda geneukan eta akordio bat daukagu izenpetuta. Ezin da eskatu eta ez eman. Ez dugu aparteko gauzarik eskatzen, baizik eta gurekin zorpetze muga bat adostea, euskal herritarrok ordainduko duguna,alegia. Gertatzen zaigunak ez du zentzurik. Beraiek ere Kongresura ekarri behar dute gastu muga eta, guk gurea ezagutzen ez dugunez, besteena gustuko ez dugula esango dugu”.
Eusko Jaurlaritza berria eratzera begira PSE-EErekin hasi diren negoziaketez galdetu diotenean, Ortuzarrek azaldu du ordezkaritza jeltzaleak sozialistari adierazi diola “formula ideala izango dela koalizio gobernua, gainerako erakundeetan dagoenarekin bat etorriz eta, gainera, horrek are sendotasun eta egonkortasun handiagoak emango lituzkeelako”. Gobernuaren egiturari dagokionez, Ortuzarrek esan du azken lau urteotan “gauzak ondo joan direla” eta, krisiaren ondorioz “helburuak berrezarri” beharko diren arren, “kontinuismoaren eta egonkortasunaren” alde agertu da.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25