Prentsa Aretoa
Berriak
2020/07/29
Autonomia Erkidegoen parte hartzearekin, “Ekonomiaren oinarriak eraldatzeko orduan” Europako funtsek ematen dituzten “aukerak baliatzea” eskatu du Estebanek
Gaur bertan Kongresuan egin den osokoan, Euskal Taldeko bozeramaileak erreklamatu du Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa berehala deitzea Euskadiko eta Nafarroako erakundeen zor eta defizit mugak ezartzera begira, eta Sánchezi eskatu dio “babesak finkatzea eta kideekiko jarrera aldatzea, bozketa bakoitzean zabuka ibili beharrean”
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur eskatu du Europako akordioak eskaintzen duen “aukera baliatzea” “ekonomia bultzatzeko gaitasuna duten sektore berriak sustatzera begira”, ekonomiaren beraren oinarriak produktibotasunera bideratuz; eta, horretarako, “funtsezko” jo ditu lankidetza publiko pribatua eta Autonomia Erkidegoen parte hartzea.
Diputatuen Kongresuan gaur goizean egin den osoko bilkuran, Estebanek balioetsi du “lehen aldiz, Europa zorpetu egingo dela eta bonoak aterako dituela etorkizuneko defizitak era mankomunatuan eta EBren aurrekontuen bermeekin finantzatzeko” eta, horregatik Europa mailan adostu den akordioaz esan du “erabat iraultzailea” dela Europako erakundeetan. Bozeramaile jeltzaleak, alabaina, Sánchezen Gobernuari ohartarazi dionez “funts hauek ez dira izango diru-banaketa hutsa” eta BPGaren jaitsierari aurre egiteko ere ez dute balioko, Europatik emango den dirua bideratu beharko delako “etorkizunean egingo diren proiektu zehatzetara” eta lankidetza publiko eta pribatuaren bidez bideratu beharko direlako Autonomia Erkidegoen parte hartzearekin. “Orain arteko berbera egitera itzultzen bagara, betikoa proposatzen badugu dirua betiko gauzetan gastatzeko, Bruselak `ez´ esango du”, azaldu du.
Estebanek era berean nabarmendu duenez Europako Batasunetik helduko den diru hau “ez da bihar goizean iritsiko”, kopuru osoaren %70 2021an eta 2022an helduko delako eta gainerako %30 2023an, irizpide ezberdinen arabera. Horregatik berretsi duenez “berehala ekin behar zaio lanari, zorpetzea baliatuz”, albait arinen Covid-19ak eragin dituen osasun krisia eta krisi ekonomikoa atzean uzteko. Horretarako, berriro ere erreklamatu du Ekonomia Itunaren eta Hitzarmenaren Batzorde Mistoa deitzea, Euskadiko eta Nafarroako erakundeei zor eta defizit mugak ezartzea ahalbidetzeko. “Harrigarria da Euskadiko eta Nafarroako erakundeei, transferentzien mende egon beharrean beren zerga-bilketaren mende daudenei, urteko aurrekontuak prestatzen joateko orduan planteatzen zaien panorama ezagutu ahal izatea eta planifikazioa egitea eragoztea. Guztiz bidegabea da”, amaitu du eta ildo beretik gogoratu duenez “zorpetzeko baimenak diru-bilketan eman den beherakada osoa estali beharko du” eta “ez gara dirua eskatzen ari, baizik eta zorpetu ahal izatea”.
Halaber, Estebanek Espainiako gobernuari ohartarazi dio konfiantza gehiegi edo “euforia” erakusten ari dela Europa mailan akordioa adostu ondoren. “Diru horrek ez ditu konponduko Estatuak betidanik izan dituen arazoak, pandemia baino lehenagotik zituenak, ondoren existituko direnak eta Ganbera honetan sarritan agertzen direnak”, nabarmendu du. Eta ohartarazpen bate gin nahi izan dio Sánchezi: “Bada garaia Gobernuaren helburua izan ez dadin errepideko hurrengo bihurgunea gainditzea; une honetan, hurrengo bihurgunea, Aurrekontua da. Bada garaia Gobernuaren helburua horren mediatikoa izan ez dadin eta etorkizunean pentsatzen has dadin, norabidea jarrita boterean jarraitzeko helburua betetzetik harago, gutxiengo egoeran dagoela onartuta. Eta parlamentuan dituen babesak finkatzea bilatu behar du kide dituenei bestelako jarrera erakutsiaz, bozketa bakoitzean zabuka ibili beharrean. Horrek eskatzen du konpromisoak hartzea eta errealitate gordina onartzea”.
Amaitzeko, bozeramaile jeltzaleak erreklamatu du “sektore batzuetan ABEEak gaur ezarri diren epetik harago luzatzea” atzo enplegu alorrean ezagutzera eman ziren datu “beldurgarriak” ezagutu ondoren; eta, gogoratu duenez, “esperientziak erakusten du urtez urte Espainiak Europako funtsak exekutatu gabe uzten dituela proiektu faltagatik edo proiektuen desegokitasunagatik, edo erabakiak hartzerako orduan burokrazia gehiegi dagoelako edo erabakiak geldoegi hartzen direlako”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25