Prentsa Aretoa

Berriak

2020/09/30

Bizkaiak Euskaraldiarekin bat egin du eta herritarrak ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu

Bizkaiko Foru Aldundiak gonbita egin die Bizkaiko herritar guztiei azaroaren 20an hasiko den Euskaraldiaren bigarren edizioan parte har dezaten

rss Ezagutzera eman
Bizkaiak Euskaraldiarekin bat egin du eta herritarrak ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu

ARGAZKIA JAITSI

Bilboko Koral Elkarteko 'Euskeria' abesbatzak Aita Donostiaren 'Zeruan eder ilargia' abestiarekin hasi da Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua buru izan duen ekitaldia, eta bertan, euskaraz hitz egiteko, partekatzeko eta lan egiteko konpromisoa berretsi du Foru Aldundiak.

Ibone Bengoetxeak azaldu duenez, "guztion ardurea da euskara indartzea, sustatzea, zabaltzea eta zaintzea. Danon ardura da, gutariko bakoitzarena. Gaur alkartu garean entitateetako ordezkariok bat egiten dogu Euskaraldiarekin. Bat egiten dogu, eta gainera Bizkaiko gainontzeko entitateak, eta herritarrak animatu gura doguz eurak be bat egin dagien. Ekitaldi publiko honegaz Bizkaiko herritarrei gonbitea luzatu gura deutsegu, parte hartzera animatu gura doguz. Orain bi urte 80.000 lagunek hartu gendun parte Bizkaian, 16 urtetik gorakoen %8a alegia. Oso datu ona da baina hobetu daikegu zifra hori. Bizkaitarrok euskararen erabilera handitzeko erronkari aurre egin gura deutsogula erakutsiko dogu".

Atxikimendu ekitaldian 50 bat ordezkari politiko, ekonomiko, sozial eta kultural izan dira, besteak beste. Hala, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta zenbait erakundetako ordezkariak izan dira bertan: Athletic, Mendifilm, Bizkaiko museoak, Eudel, Euskalit, unibertsitateak, euskaltegiak, BOS, Euskaltzaindia, komunikabideak, arte eszenikoetako pertsona ospetsuak, euskara, merkataritza eta industria arloetako elkarteak eta finantza arloko ordezkariak.

Euskaraldiaren bigarren edizio honetako berrikuntza gisa, aurtengoan posible da Euskaraldiaren praktika sozialak irauten duen 15 egunetan %100ean euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen duten enpresetan edo hainbat erakundetan kokaturik dauden talde naturalek ekitaldiarekin bat egitea. Euskararekiko konpromiso hori hartzen duten talde horiei 'arigune' deitzen zaie. Foru Aldundian ehundik gora 'arigune' abian jartze aldera, Foru Aldundian euskararen erabilera sustatzen modu aktiboan diharduten 500 bat langilek parte hartzen dute. Horietako asko eta asko ERAMIAK izeneko foru erakundean euskara normalizatzeko programan murgildurik daude. Langile horietako bik, kolektiboaren ordezkari gisa, "Arigune" figura berri horren irudia ikusarazteko ardura izan dute gaur goizean egindako ekitaldian. Onintza Enbeitak, bere aldetik, 'Ahobizi'ren rola irudikatu du bertso baten bidez eta Eder Aurre diseinatzaileak 'Belarriprest'en rola jokatu du bertatik bertara egindako diseinu baten bidez.

ITURRIA: BFA