Prentsa Aretoa
Berriak
2020/10/06
Aldundiak 10 milioi euro inbertitu ditu abiadura handiko Interneterako konexioak Bizkaia osora zabaltzeko
Unai Rementeriaren ustez, Bizkaiko udalerri guztietara banda zabal ultra-azkarra zabaltzea Aldundiaren proiektu garrantzitsuenetako bat da, udalerrien eta pertsonen arteko berdintasuna sendotzen duelako
Bizkaiko Foru Aldundiak 10 milioi euroko inbertsioa egin du Interneteko konexio ultra-azkarrak lurralde osora irits daitezen. Inbertsio hori Bizkaia Aurrera Planaren digitalizazio-planaren barruan dago, eta lurraldeko eskualde guztietako 96 udalerritan banatutako 7.620 atariraino eramango da banda zabala. Atari horiek gaur egun ez dute konexio mota hori, eta operadoreek ere ez dute aurreikusten konexio hori izan dezaten egin beharreko inbertsioak egitea. Kasu guztietan, biztanle-gune sakabanatuetako atariak dira, landa-eremuetakoak edo eremu periferikoetakoak. Guztira, 602 jarduketa-eremu dira, eta erantsitako mapan kontsulta daitezke, Aldundiaren webgunean (www.bizkaia.eus).
Unai Rementeria ahaldun nagusiak inbertsio hori Aldundiarentzat proiektu garrantzitsuenetako bat bezala aurkeztu du, Bizkaiko pertsonen arteko eta udalerrien arteko berdintasuna are gehiago sendotzea dakarrelako. Bide horretan, digitalizazioa bultzatzearen garrantzia azpimarratu du; izan ere, Internet pertsonen, enpresen, enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen aliatu handia da, baita hezkuntza hobea eta bizi-kalitatea lortzeko ere.
Rementeriak esan duenez, digitalizazioaren aldeko apustua bat dator Europar Batasunak ezarritako lehentasunekin, eta, beraz, Aldundiak Europako Next Generation funtsetara aurkeztuko du proiektua.
300 mega simetriko merkatuko baldintzetan
Banda zabala ez duten azken atarietara zabaltzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntza baterako deialdia egin du, lehiaketa publikoaren bidez, azpiegitura digitalari ekiteko behar den gastuaren % 90 ordaintzeko. Telekomunikazioen konpainia operadoreei zuzendutako dirulaguntza horrek hamar milioi euroko zuzkidura du.
Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak zehaztu duenez, operadoreek baldintza batzuk bete beharko dituzte dirulaguntza jasotzeko. Baldintza horien artean, honako hauek nabarmendu daitezke:
- Gutxienez 300 mega simetrokoko konexioa (igotzeko eta jaisteko) eskaintzea, datuak mugarik gabe transferitu ahal izateko.
- Biztanle askoko eremuetako merkatu-eskaintzen antzeko baldintza ekonomikoetan.
- Alta-eskaerei hamar eguneko epean erantzutea, gehienez ere.
- Zerbitzua etetea dakarten gorabeheren % 95 24 ordu baino gutxiagoan konpontzea.
Dirulaguntza ez dago soluzio teknologiko jakin bat hedatzearen baldintzapean, betiere ezarritako baldintzak betetzen baditu.
Baldintza horietan, 7.620 atarietako bakoitzean banda zabala 2023ko ekaina baino lehen zabaldu beharko da. Behin diru-laguntza esleituta, lanak urte honen amaieran edo 2021aren hasieran hastea aurreikusten da; beraz, abiadura handiko konexioa pixkanaka iritsiko da atari horietara, lanek aurrera egin ahala.
Era berean, nabarmendu behar da dirulaguntza esleitzeko ezarritako baldintzen artean, operadore onuradunak diruz lagundutako azpiegituretarako handizkako sarbidea eskaini beharko diela hala eskatzen duten gainerako operadoreei, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ezartzen dituen baldintzetan. Horrela, erabiltzaileek hainbat operadoreren artean aukeratu ahal izango dutela bermatzen da, Interneteko konexioa egokien iruditzen zaien eskaintzarekin kontratatzeko.
Proiektu honen aurkezpenean, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak azpimarratu du Aldundiaren Digitalizazio Planak Bizkaiko pertsona guztien artean kalitatezko konexio digitala sustatzen duela. Horregatik, foru diputatuaren ustez, "proiektu hau bultzada bat izango da etorkizunari begiratzen jarraitzeko, udalerriekin batera lanean jarraitzeko erronkari begira, pertsonen zerbitzura egon daitezen, kalitate-, hurbiltasun-, modernitate- eta berrikuntza-baldintzetan, eta, aldi berean, lurralde-kohesioa bermatuz".
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25