Prentsa Aretoa

Berriak

2020/10/27

Garamendi Sailburuak gobernu digitalaren estrategia bat ezarriko du administrazioan eta transferentziek herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetuko dituztela azpimarratu du

Olatz Garamendi Sailburuak legegintzaldi honetako jarduera-ildo nagusiak aurkezteko Legebiltzarrean egindako agerraldian administrazioaren modernizazioari bultzada emango diola esan du eta, gainera, administrazio digital, erraz, parte-hartzaile eta garden baterantz aurrera egiteko neurri-sorta bat iragarri du

rss Ezagutzera eman
Garamendi Sailburuak gobernu digitalaren estrategia bat ezarriko du administrazioan eta transferentziek herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetuko dituztela azpimarratu du

ARGAZKIA JAITSI

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean, bere sailak datozen lau urteetan izango dituen jarduera-ardatz nagusien berri emateko. Araubide Juridikoko sailburuorde Sabino Torre, Erakunde Harremanetarako sailburuorde Jone Berriozabal, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Polentzi Urkijo eta Funtzio Publikoko sailburuorde Jose Maria Armentiarekin batera, Garamendik 2020-2024 legegintzaldi honetarako bere jarduera-ildoak eta helburuak azaldu dizkie legebiltzar taldeei.

Bere hitzaldian, Garamendik legegintzaldi honetarako bi helburu nagusiak azpimarratu ditu: Administrazio publikoa modernizatzea eta Gernikako Estatutua amaitzea, transferentziak itxita. Sailburuak bi erronka horiek euskal herritarren ongizatearekin eta garapenarekin lotu ditu, eta pertsonak Eusko Jaurlaritzaren eta, bereziki, bere Sailaren politiken eta helburuen erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu du.

Euskal gizartearen zerbitzura egongo den administrazioa diseinatzen jarraitzeko beharra nabarmendu ondoren, Sailburuak administrazioa humanizatzearen aldeko apustua egin du, herritarrengana hurbilduz, sinplifikatuz, eraginkortasuna areagotuz, parte-hartzaileagoa eta, aldi berean, gardenagoa bihurtuz. Garamendik gogorarazi duenez, Covid-aren pandemiak eragindako osasun, gizarte eta ekonomia krisiak inoiz baino nabarmenago utzi du administrazioa modernizatzeko beharra, eta horretarako, pertsonen eta administrazioen arteko harremanak digitalizatu behar dira.

Sailburuak gobernu digitalaren euskal estrategia ezartzeko konpromisoa hartu du, administrazio publikoan kudeaketa-eredu berriak eta administrazio publikoei eragiten dien gobernantza publikoaren kultura berri bat bultzatzeko. Hori guztia erakunde eta organismo publikoen arteko lankidetza eta koordinazio-esparru batean.

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Olatz Garamendik iragarri du bere sailak adimen artifizialeko plan pilotu bat bultzatuko duela administrazioaren esparruan, eta azpimarratu du garrantzitsua eta beharrezkoa dela Administrazio Publikoaren esku dauden datuen erabileran aurrera egitea, zerbitzuak diseinatzeko eta datu publiko horiek jarduera ekintzaileetarako erabil ditzaketen enpresetan eta herritarrengan berrikuntza sortzeko.

Administrazio digitalerantz aurrera egiteko, Sailburuak aurreratu du laguntza-deialdiak sustatuko dituela gaur egun aukera hori ez duten landa-eremuko biztanleguneetan banda zabaleko sareak zabaltzeko. Hiriguneei dagokienez, eremu horretako eten digitala eta, oro har, eten digital pertsonala murrizteko konpromisoa hartu du. Arlo horretan ere, plan hau gauzatzeko printzipio inspiratzailea elkarlaneko gobernantza izango da, kasu honetan aldundiekin eta euskal udalerriekin.

FUNTZIO PUBLIKOA

Administrazioa eta gobernantza publikoa modernizatzeko prozesuak Administrazioaren barne-eraldaketa dakar, enplegatu publikoak ardatz hartuta. Sailburuak konpromisoa hartu du Administrazio Orokorreko 2021-2024 Enplegu Plan berri bat bultzatzeko, bai eta Administrazio Orokorreko Kidegoak eta Eskalak Antolatzeko Legea aldatzeko lege-proiektua ere, langile publikoen antolamendua eta egituraketa eguneratzeko balioko duena.

Garamendik Administrazio Orokorreko sindikatuekin elkarrizketa soziala bultzatzeko konpromisoa hartu du, eremu horretan konpontzeke dauden arazoei bide emateko, langile publikoen baldintzak hobetzeko akordioak lortzeko helburuarekin.

Plantilla zahartuak eta bitartekotasun-tasa altuak dituen Administrazio Publikoaren errealitatea ikusita, Olatz Garamendi buru duen Sailak, lau urtean, 10.000 plaza baino gehiagoko Enplegu Publikoaren Eskaintza gauzatuko du, eta horrek plantillak berritzea ahalbidetuko du. Plazen %45, gutxienez, 35 urtetik beherakoek beteko dituzte, eta horrek ere administrazio digitalerako igarobide atseginagoa eragingo du.

Olatz Garamendik Administrazioan genero-berdintasuna sustatzen jarraituko du. Administrazio publikoko gehiengo feminizatutik abiatuta, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak administrazio-unitateetako erantzukizun handieneko lanpostuetan emakumea sartzea sustatuko duten ekintzak bultzatuko ditu.

AUTOGOBERNUA

Autogobernuaren helburua euskal herritarren bizi-kalitatea eta garapena eta ongizatea hobetzea dela kontuan hartuta, gure eskubideak, gaitasunak eta eskumenak erabiliz, Olatz Garamendi Sailburuak konpromisoa hartu du Estatuak eskumen autonomikoak birzentralizatzeko egiten dituen prozesuen aurrean autogobernua defendatzeko, pandemiako Garai hauetan ere bai.

Ildo horretan, bide judizialetik edo faktikotik, Estatuko oinarrizko legeak zabalduz edo Estatuari erreserbatu gabeko funtzio betearazleak esleituz egin daitezkeen eskumenen inbasioen aurrean autogobernua defendatuko duela iragarri du. Ildo horretan, Garamendik aurreratu du bere Saila prest dagoela eskumenen higadura horiek nabarmenduko dituzten txostenen bilduma bat egiteko. Txosten horiek Eusko Legebiltzarrera bidaliko dira, legebiltzar taldeek hala eskatzen badute.

Kasu horietan, Olatz Garamendik Estatuarekiko elkarrizketa eta hitzarmena izango ditu oinarri, baita Gernikako Estatutuan jasota dauden eta Eusko Jaurlaritzari transferitu gabe dauden 30 eskumenak Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko orduan ere. Era berean, Euskadik negoziazio-egutegi bat adostuta dagoela nabarmendu du, eta, besteak beste, eskumen hauek izango dituela: interes orokorreko portuak, aireportuak, Bizi Gutxieneko Diru-sarrerak (IMV), langabezia-prestazioak, EAEko hiru kartzelak (Zaballa, Martutene eta Basauri) eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa. Gernikako Estatutua legegintzaldi honetan amaitzeko konpromisoa berritu du Sailburuak.

Azken gogoeta gisa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak autogobernua eta gobernantza publikoa aipatu ditu aro digitalean. Lurralde fisikoa subiranotasun eremu gisa desagertuz doan mundu honetan, eta espazio birtualari lekua utziz, Sailburuak ohartarazi du lurralde birtual berri hau Estatuaren eskumenaren mende dagoela. Olatz Garamendiren esanetan, horrek hausnarketa sakona eta aditua eskatuko du duela lau hamarkada eraikitako eskumen sisteman izango duen eraginari buruz.

Iturria: Irekia