Prentsa Aretoa
Berriak
2020/10/30
Trobika eta Larrauri tartean hobekuntza integrala egiten ari diren lanak
Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak azpimarratu duenez, jarduera honek Mungialdea osoari eta Bermeo eta Bakioko irisgarritasunari mesede egingo die.
Bizkaiko Foru Aldundiak abenduan amaituko ditu BI-631 errepidearen Trobika eta Larrauri tartean hobekuntza integrala egiteko lanak; obra horietan 5.079.778 euro inbertitu ditu. Hobekuntza lanak bidearen 2,5 kilometrotan egin dira, 19+700 kilometro-puntuaren eta 22+200 kilometro-puntuaren artean, Mungiako saihesbideko biribilgunearen eta Larrauri auzoaren artean.
Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak azpimarratu duenez, jarduera honek Mungialdea osoari eta Bermeo eta Bakioko irisgarritasunari mesede egingo die; izan ere, obrak nabarmen handituko ditu errepide honetan dabiltzan milaka erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna, Larrauriko hiri-eremuko trafikoa baretzen laguntzeaz aparte, ingurune osorako irisgarritasuna berrantolatzea ahalbidetuko baitu.
Era berean, Ager Izagirrek, Mungiako alkateak, azpimarratu duenez, seguru gaude jarduera honek Larrauri auzoko bide-segurtasuna hobetzen lagunduko duela, hirigunearen esparruan trafikoa lasaiagoa izango delako.
BI-631 errepidea foru errepideen oinarrizko sarearen parte da eta jarduketa egin den tartean 12.424 ibilgailu daude egunero, batez beste; horietatik 400 ibilgailu inguru astunak dira. Obra egiteko epea 16 hilabetekoa izan da eta bost jarduketa nagusitan banatu da.
Mungiako saihesbideko biribilgunerako sarbidea
BI-631 errepidea Mungiako saihesbideko biribilgunean amaitzen da, autobiaren azken zatian, eta biribilgune horretatik aurrera, hau da, hobekuntza-lanak hasi diren tokitik aurrera, errepideak errei bat du noranzko bakoitzeko Larrauri auzora iritsi arte.
Lehenengo jarduketa Mungiako saihesbideko biribilgunean egin da, eta trazadura hobetzea izan da, eremuko istripu-tasa murrizteko. Horretarako, galtzadaren zabalera murriztu da eta biribilgunerako sarbideak aldatu dira, bertara sartzen diren ibilgailuen abiadura murrizteko; izan ere, normalean, bide-zati hori igarotzen duten ibilgailuen abiadura handia izaten da. Gainera, autobiatik sartzeko seinaleak ere areagotu eta hobetu egin dira eta biribilgunetik gertu zarata-bandak jarri dira.
Era berean, aldatu egin da Trobikako gurutzeko erreiaren sarrera eta zuzeneko errei bat sortu da Bermeo-Bilbo mugimendurako, zirkulazio handieneko erreia dena, zuzeneko sarbidetik biribilgunera sartzen diren ibilgailuen kopurua murriztuz. Bidearen segurtasuna indartzeko, jarduketa horrek Trobika erreka bideratzen duen ubidearen zatia estaltzea eragin du, bai eta erdibitzaile bat sortzea ere, biribilgunearen eta Trobika poligonorako sarbidearen arteko tartean bi noranzkoak bereizteko.
Trobika-Elorduigane tartearen trazadura hobetzea
Bigarren jarduketan, poligonorako sarbideen eta 20+0900 kilometro-puntuan dagoen gainaren arteko zatian, trazadura hobetu da bihurguneen erradioa handituz. Era berean, lur-erauzketak, lubetak eta aldaketak egin dira Elorduigane urbanizazioan dauden etxebizitza eta finketarako sarbideak konpontzeko.
Bidegurutzea hiri-tartean
Hirugarren jarduketa-eremuak sestra-aldaketa eta BI-3108 errepidearekiko bidegurutzearen sorrera hartzen ditu barne. Tarte horrek hiri-izaera du etxebizitzak hurbil daudelako eta Elorduiganerako sarbidea dagoelako. Jarduera honetan sestra-aldaketa hobetu da eta horrek bidegurutzearen ikuspena errazten du. Gainera, bide-zatiaren seinaleztapena eta balizak hobetu dira.
Trazadura hobetzea Elorduigane-Larrauri tartean
Era berean, birmoldaketaren laugarren gunean, bidegurutzearen amaieran hasi eta Larrauriko hiri-tartearen hasieran amaitzen dena, jarduketak errepidearen ezkerraldeko trazadura hobetu du.
Biribilgune berria Larraurin
Azken jarduketaren oinarria Larrauri auzoko sarreran biribilgune berri bat egitea izan da. Esku-hartze horren bidez Foru Aldundiak errepide horretako segurtasuna hobetzeko eta hirigunearen hasieran trafikoa baretzeko jardun du, biribilguneek trafikoa lasaitzen baitute eta maniobrak errazten baitituzte, ezkerrerako bira-mugimenduak lehentasunezko mugimendu bihurtuz. Era berean, hobetu egin da galtzadaren ezkerreko ertzean dauden etxebizitzetarako sarbidea, bai eta eskuineko ertzean dauden bidearen eta nabearen sarbidea ere; azken hori biribilgunearen irteeran, Bilborako noranzkoan, ezkerrera biratzeko errei baten bidez konpondu da.
Gainera, bidearen 2,5 kilometrotan egin diren lanek seinale bertikalak eta horizontalak eta euste-sistemak hobetzen dituzte, eta errepide horren erabiltzaileen segurtasuna indartzen dute.
Aurreko hobekuntzak
Jarduketa horrek 2019ko maiatzean BI-631 errepideko 5,7 km-ko tartean egin zen jarduketa osatzen du; orduan Aldundiak milioi erdi euro inbertitu zituen. Zati hori 23+800 (Bidebietako biribilgunea) eta 29+510 (Bermeoko udal-mugartetik gertu) kilometro-puntuen artean dago, eta zirkulazioaren batez besteko intentsitatea eguneko 10.907 ibilgailukoa da; horietatik 350 ibilgailu astunak dira. Inguruko bide-segurtasuna hobetze aldera, bigunguneak eta alde kaltetuenak saneatu ziren eta, horrez gain, hormigoi bituminosoa zabaldu zen agregakin siderurgikoarekin, eta seinale horizontalak eta bertikalak berritu ziren.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25