Prentsa Aretoa

Berriak

2020/11/30

Itxaso Atutxa: “EAJ-PNVren herrialde exekutiba berriak euskal gizartearen aniztasunaren isla argia dira”

BBBko presidente aukeratu berriak Elkarrekin Podemos-i gogoratu dio talde jeltzaleak Madrilen Iglesias Presidenteorde egiteko eman zuen babesa ez zitzaiola ez “kasposo” ezta demokrazia eskaseko iruditu

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Itxaso Atutxa, iragan larunbatean Bizkaiko EAJ-PNVko alderdikideek Bizkai Buru Batzarreko presidente aukeratu zutenak, gaur goizean baieztatu du iragan urrian abiarazi zen barne prozesuaren ondorioz asteburuan egin ziren herrialde batzarrak “euskal gizartearen aniztasunaren isla argia” direla. Era berean, zorroztasun osoz kritikatu ditu Elkarrekin Podemos-IU taldeko hainbat ordezkarik Irungo udalean adostu duten gobernu akordioaz geroztik egin dituzten adierazpenak. Elkarrekin Podemosi txarretsi dio talde jeltzaleak Iglesias Gobernuko Presidenteorde egiteko eman zuen babesa ez zitzaiela iruditu ez “kasposo, ezta demokrazia eskaseko” ere.

Atutxak bere hirugarren agintaldiari ekingo dio BBBren buruzagitzan eta gaur goizean Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan hitz egin du talde jeltzaleak herrialde guztietan egin duen barne hauteskunde prozesuaz. Atutxak berretsi du agerian geratu dela EAJ-PNVren baitan batasuna eta lasaitasuna direla nagusi, erakundeetan egin beharreko lanean murgilduta dagoela nabarmenduz. Oraingo honetan egin behar izan den prozesua bereziki “zaila” izan da “Covid-19ak ahalegin handia egin behar izatea ekarri duelako, eta horregatik nire esker onik beroena alderdikide guztiei”, une oro bermatu delako barne araudiak betetzea eta, gainera, segurtasun neurri guztiak bete egin direlako. “Beste behin ere, agerian geratu da Alderdi honen indarra , eta batez ere, alderdikideak prest daudela herri honen etorkizunean erabakigarri izaten jarraitzeko”. Eta berean nabarmendu nahi izan du “alderdikideen artean parekidetasunaren alde egiten den apustua” eta azpimarratu du burukideek profil askotarikoak direla, alderdi pertsonalean zein profesionalean. “Zalantzarik barik, euskal gizartearen aniztasunaren isla argia dira”, baieztatu du

PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Irungo Udalean lortu duten akordioaz galdetuta, BBBko presidenteak nabarmendu duenez “politikagintzan akordioak eman egiten dira eta zilegi dira”, baina larriena da Pilar Garridok talde moreko Euskadiko koordinatzaile eta Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak “logiko eta demokratikoa Euskadin ezkerreko gobernua egotea” dela esanez egin dituen adierazpenak. “Zer errespetu erakusten die emakume honek azken hauteskundeetan EAJri botoa eman dieten 400.000 pertsonei? Uste dut baieztapen horren larritasuna beraiek halako akordioak lortzeko izan dezaketen aukera baino handiagoa dela”, kritikatu du. Isabel Salud talde horretako kideak atzo egin zituen adierazpenak ere txarretsi ditu Atutxak. Saludek esan zuen Euskadiko erakundeetan “EAJren hegemonia `kasposoarekin´“ amaitu beharra zegoela. “Ematen du Espainiako idazkari nagusi Pablo Iglesias Gobernuko presidenteorde egiteko behar ziren botoak ez zitzaiela horren `kasposo´ edo demokrazia eskaseko iruditu”, gaitzetsi dio.

Amaitzeko, Atutxak defendatu du Euskadin kontuak negoziatzeko aukera egon badagoela, EAJ-PNVk eta PSEk “erakutsi “dutelako gehiengo absolutua duten arren, beti “negoziatzeko aukera” eskaintzen dutela. Testuinguru honetan gogoratu du Elkarrekin Podemosek aurreko legealdian “erakutsi zuela mahai baten inguruan eseri ahal dela, eta aurreko Aurrekontuetan jarrera eraikitzailea izan zuen”. Baina “EH Bildurekin beti daukat zalantza berbera. Negoziaketaren puntu batean, nolabaiteko zorabioa sentitzen dute EAJrekin akordioetara iristeko orduan. Alderdi Sozialistarekin egin dezakete, baita Podemosekin ere; ejertzitoa, abiadura handiko trena eta koroaren aurrekontua jasotzen dituen Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu ahal dituzte, baina gero, etxean, hurbileko gaietan, ematen du maitasuna askoz garestiago dagoela”.