Prentsa Aretoa

Berriak

2021/04/07

Andoni Ortuzarrek eta Yolanda Díazek Sabin Etxean egin duten bileran aztertu dituzte krisitik ateratzeko eta enplegua sortzeko beharko diren erreformak

EBBko presidentea, Joseba Aurrekoetxea burukidea eta Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Esteban bi orduz batzartu dira gaur arratsaldean Espainiako gobernuko hirugarren presidenteorde eta Lan eta Ekonomia Sozialeko ministro andrearekin eta Joaquín Pérez Rey Enplegu eta Ekonomia Sozialerako Estatuko idazkariarekin

rss Ezagutzera eman
Andoni Ortuzarrek eta Yolanda Díazek Sabin Etxean egin duten bileran aztertu dituzte krisitik ateratzeko eta enplegua sortzeko beharko diren erreformak

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek gaur arratsaldean hartu du, Sabin Etxean, Espainiako gobernuko hirugarren presidenteorde eta Lan eta Ekonomia Sozialeko ministro andre Yolanda Díaz. Topaketa honek ireki du Díazek alderdi politikoetako ordezkariekin egin nahi duen elkarrizketa errondarako atea, Hirugarren Presidenteorde bilakatu denez geroztik. Ministro andreak berak nahi izan du esandako errondako lehen kontaktua EAJ-PNVko ordezkari nagusiekin izatea eta topaketa Sabin Etxean egitea. Adeitasun eta lankidetza giroan bi orduz luzatu den bilera berean parte hartu dute EBBren Antolakuntza Arloko burukide arduradun Joseba Aurrekoetxeak, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Estebanek eta Enplegu eta Ekonomia Sozialerako Estatuko idazkari Joaquín Pérez Reyek.

Díazek ordezkari jeltzaleei aurkeztu dizkie bere egin berri duen Hirugarren Presidenteordetzaren eta zuzentzen dituen Ministerioaren ardatz estrategiko nagusiak. Erantzukizun hau, zalantzarik gabe, berebizikoa izango da Covid-19aren pandemiak eragin duen krisitik ateratzeko lanari ekiteko orduan beharko diren erreformak erabakitzerako eta abian jartzerako orduan, baita kalitatezko enplegua sortzeko, bereziki gazteentzat. Lan eta Ekonomia Sozialeko ministro andreak bere Ministerioak planteatzen duen egutegi legegilea azaldu die ordezkari jeltzaleei.

Ortuzarrek, Aurrekoetxeak eta Estebanek, beren aldetik, gobernuko ordezkariei adierazi diete EAJ-PNVk betidanik erakutsi duen jarrera ona denon indarrak bateratzera begira eta krisitik ateratzeko atazari ekiteko orduan beharko den bultzada politikoa emateko. Ordezkari jeltzaleek Díazi eta Pérez Reyri azaldu diete EAJ-PNV prest dagoela Partido Popularrak, gehiengo osoa baliatuta, 2012an atera zuen Lan- erreformaren alderdirik kaltegarrienak aldatzeko, onartu zenean Euzko Alderdi Jeltzalearen kontrako botoa jaso zuela nabarmenduz.