Prentsa Aretoa
Berriak
2021/11/08
Sustapen Ekonomikoaren aurrekontua % 22,3 hazi da susperraldia bizkortzeko eta enpresei zerbitzu berriak eskaintzeko
Ekonomia Sustatzeko sailaren aurrekontua 79,5 milioi eurokoa da. 10 eurotik 7 lurralde osoko ekintzaileentzako eta enpresentzako dirulaguntza eta zerbitzuetarako dira.
"Ekonomia Sustatzeko Sailak plan bat aurkeztu du, lurralde gisa landu behar dugun enpresa-eraldaketa bizkortzeko apustu argiarekin, lurralde-oreka sustatuz. Bertan, digitalizazioa eta iraunkortasuna dira garapen-palanka nagusiak, zeharkako jarduera-ardatzekin batera, hala nola ekintzailetza, berrikuntza, nazioartekotzea edo enpresen eta eragileen arteko lankidetza, bai eta genero-berdintasuna bultzatzea ere". Horrela laburbildu du Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuak Batzar Nagusietan 2022rako prestatutako aurrekontuen helburua.
Ainara Basurkok banan-banan zehaztu ditu lurraldeko jarduera ekonomikoa suspertzeko eta hazteko diseinatutako kontuen ardatz eta partidak. Horrela, Ekonomia Sustapenak bi foku dituen aurrekontua planteatzen du: alde batetik, legegintzaldi osorako diseinatutako esparruari eta helburu estrategikoei eustea, Bizkaia lurralde berritzaile, talentu, erakargarri, konektatu eta orekatu gisa duen posizionamendua indartzeko. Eta, bigarrenik, Covid-aren ostean 2021ean hasitako berrabiarazte-planari eustea, trantsizio digital eta energetikoa bizkortzeko jarduerak indartuz, bereziki.
Berrabiarazte-plana
Aurrekontuko 10 eurotik 7 ekintzaileentzako eta enpresentzako dirulaguntza eta zerbitzuetarako dira. Diputatuak jarduera ekonomikoa bultzatzeko plan bat iragarri du, Bizkaiko 1.000 enpresa txiki eta ertainetara iritsiko dena zuzeneko laguntzen bidez. "Eta espero dugu profesionalizazioa, digitalizazioa eta trantsizio berdea bultzatzeko jarduerak lurralde osoko 5.000 enpresa gehiagotara iristea, eskualdeko eta sektoreko eragileen bitartez".
2022ko aurrekontuan, 2021ekoaren aldean, ekintzaileentzako eta enpresentzako laguntza- eta zerbitzu-programetarako partidak % 22,5 handituko dira. Eta zuzeneko laguntza horien guztien % 52, 29 milioi euro inguru, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira, eta % 48 sailak bere esku jartzen dituen balio erantsiko zerbitzuak. Diputatuak egindako kalkuluen arabera, emandako euro bakoitzeko gutxienez 3-5 euro mobilizatzen dira enpresetan.
Bizkaia ekiteko eta hazteko lekurik onena
Guztira, ekitaldi honetan 32 milioi euro bideratuko dira ekintzailetzarekin lotutako jardueretara, balio-kate osoa indartuz.
Zehazki, 16,7 milioi erabiliko dira inkubazioan, azelerazioan, zerbitzuen prestazioan eta nazioarteko konektibitatean, ekintzailetza aurreratuaren esparruan. Hau da, ekosistema ekintzailea garatzen jarraitzeko. Aurrekontuek 5,3 milioi euro aurreikusten dituzte enpresa-proiektu berritzaileak garatzeko laguntza- eta funts-programetarako, eta milioi bat euro gehiago emakumeen ekintzailetza eta kultura ekintzailea eta zientifikoa bultzatzeko.
Sustapen Ekonomikoko sailak aurten ere talentua kudeatzeko politiketan jarriko du indarra, 3,5 milioi euroko inbertsioa eginez talentua garatzeko, erakartzeko eta atxikitzeko ekimenetan.
Berrikuntza eta lehiakortasuna
Zifra handietan, aurrekontuek 32 milioi euro (guztizkoaren % 40) bideratzen dituzte enpresa-sarearen berrikuntza eta lehiakortasuna laguntzera. Atal honetan, berrikuntzako, nazioartekotzeko, inbertsioko, lankidetzako, barne-ekintzailetzako edo ETEen kudeaketa hobetzeko proiektuei laguntzeko programak nabarmentzen dira. Trantsizio digitala eta berdea errazteko diseinatutako programak ere biltzen ditu, baita ezagutza-zentroen eta enpresen arteko transferentzia teknologikorako mekanismoak hobetzea ere.
Ekonomia Sustatzeko Sailak Bizkaiko proiektu estrategiko handiei (EIC, AIC, NIC edo CFAA) laguntzen jarraituko du.
Bizkaia erakargarria eta konektatua
Kanpo sustapenerako eta turismorako aurrekontua 9.022.000 eurokoa da ekitaldi honetan, eta turismo-estrategia berria abian jartzeko ekintza eta erronka ugari eta bereziki indartutako gobernantza-eredu bat biltzen ditu.
Diputatuak lurraldearen eskaintza erakargarria izan dadin lan egitearen garrantzian jarri du arreta, eta bisitarien fluxuak modu orekatuan hobetzea nahi du, sektorearen susperraldia ahalbidetzeko. Ildo horretan, Bizkaiko udalerri eta eskualdeekin, elkarte profesionalekin eta sektoreko enpresekin gaur egungo lankidetza mantentzeko eta estutzeko deia egin du.
ITURRIA:BFA
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25