Prentsa Aretoa

Berriak

2022/01/15

EAJ-PNV doluz dago gaur Félix Ormazabalen heriotzagatik. Abertzale konprometitua izan zen, bai eta erreferente nagusi ere askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren aldeko borrokan

Familia jeltzaleak gorazarre egin nahi dio gaur Araba Buru Batzarraren presidente, Arabako foru ahaldun nagusi eta Eusko Jaurlaritzako sailburu izan zenari. Ormazabal gaur zendu da 81 urterekin

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNV doluz dago gaur Félix Ormazabalen heriotzagatik. Abertzale konprometitua izan zen, bai eta erreferente nagusi ere askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren aldeko borrokan

ARGAZKIA JAITSI

Familia jeltzaleak gorazarre egin nahi dio gaur Araba Buru Batzarraren presidente, Arabako foru ahaldun nagusi eta Eusko Jaurlaritzako sailburu izan zenari. Ormazabal gaur zendu da 81 urterekin

EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizonok doluminez gaude gaur Félix Ormazabal Askasibarren heriotzagatik. Arabako buru jeltzale historikoa Araba Buru Batzarraren presidente izan zen, Arabako ahaldun nagusi, Eusko Jaurlaritzako sailburu eta, gauza guztien gainetik, pertsona ona, bere herriarekin konpromiso sendoa hartu zuen gizasemea, erreferente Gasteizen, Araban eta Euskadin, askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren aldeko borrokan. Duela hamarkada bat inguru politikagintza aktibotik erretiratu zelarik, 1988tik 1995ra bitartean ABBren presidente izan zena gaur zendu da, larunbata, 81 urte zituela, eta oinordetza gisa utzi digu Arabako eta Euskadiko politikagintzan egin duen ibilbide luze eta oparoa, beti herrikideen zerbitzura eta pertsonen bizimodua hobetzera dedikatua.

Araian jaioa (Araba), Ormazabal Zuzenbidean eta Teologian lizentziatu zen. Arabako nekazaritzaren eremuari lotuta, UAGAtik (Arabako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna) bizitza politikorako jauzia egin zuen II. Euskal Kontseilu Nagusiko kide izateko. Eusko Jaurlaritza berrezarri ondoren, Ormazabal Nekazaritza eta Arrantza sailburu izan zen 1980 eta 1988 artean. 1988tik aurrera, EAJ-PNVren barne-bizitza zuzendu zuen Araban, eta Araba Buru Batzarreko buru izan zen bi agintalditan jarraian, 1995era arte, Eusko Legebiltzarreko eserlekuarekin batera. 1995eko uztailaren 13an Ormazabal Arabako ahaldun nagusi izendatu zuten, eta ardura hori lau urtez bete zuen. 2000ko lehen hamarkadan utzi zuen politika aktiboa, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saileko Kirol Portuetako zuzendari izan ondoren.

EAJ-PNVk gogoan izan nahi du gaur Félix Ormazabal, eta hunkituta eta errespetu osoarekin egin nahi du, itzal handia utzi baitu EAJren baitan, jelkide ugarik beren dolumin adierazpen eta mezuekin erakutsi duten bezala.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak ere atsekabe handiz hartu du Félix Ormazabalen heriotzaren berria. “Gizon ona zen, bere herriarekin konpromiso sendoa izan zuena. Félixen bizitza oparoa izan da, eta bere izaera apal eta diskretuagatik ezagutua izan da beti, egon den leku guztietan aztarna emankorra utzi duelarik. Ormazabalek konpromiso sendoa hartu zuen bere herriarekin baina, oso bereziki, justizia sozialarekin. Diktadura amaitu zenetik, demokraziaren eta langileen eskubideen aldeko borrokan erreferente izan zen Gasteizen eta Araba osoan, eta Arabako Foru Aldundian, Eusko Jaurlaritzan eta Eusko Alderdi Jeltzalean erantzukizun publiko handiak bete zituen. Egin duen ibilbide osoan Félixen ahalegina izan da politika gizatiarrago egitea. Bere herrian sustrai sendoak zituen pertsona joan zaigu, hitz bakoitzak esan nahi duen guztiarekin. Munduko hiritarra zen, baina oinak Araiako zelaietara eramateko grinaz bizi zen. Goitik beherako abertzalea joan zaigu eta gizalegez eta ontasunez jarduteko irakaspena da utzi digun oinordetza, gu ere izan gaitezen bere urratsetatik jarraitzeko gai.Goian bego”.

Araba Buru Batzarraren egungo presidente José Antonio Susok ere Ormazabal gogoratu eta omendu nahi izan du. Susoren hitzetan “goizean goiz, Aldundira iristean, bere ohiko biorritmo baxuarekin baina kikara pare bat kafe beltz hartuta eta ducado-zigarro batzuekin, energia nahikoa izan ohi zuen lankideekin iluntzera arte aritzeko, presarik gabe eta beti bere Araba maitea ezpainetan. Ni, orduko diputaturik gazteena nintzelarik, maisuaren kontseiluetatik ikasi nuen. Ormazabalek zuzendu zuen Euskadiko nekazaritza eta elikadura sektorearen transformazioa, gaur egun ezagutzen duguna ekarri duena. Erreferente izan zen, modu batean edo bestean, lehen sektorearekin zerikusia izan dugunontzat. Zure lanak, Félix, denboran iraungo du”, gogoratu du hunkituta ABBren presidenteak.

Iñigo Urkullu Lehendakaria ere “hunkituta” agertu da Felix Ormazabalen heriotzaren berri jasotzean. “Miretsi eta errespetatu dudan pertsona handia izan da, bere ezagutzagatik eta dedikazioagatik, beti Arabaren eta Euskadiren alde, baita bere jarreragatik, diskrezioagatik eta talde espirituagatik ere. Berarekin printzipio eta balioak partekatzen nituen, eta harengandik animoak jasotzen nituen ikusten ginen bakoitzean, normalean emaztearekin batera. Berari eta bere senitartekoei doluminak eskaintzen dizkiet, atsekabean lagun. Beti izan dut eta izango dut gogoan. Goian bego!”

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Félix Ormazabalen heriotzak eragin dion tristura sakona erakutsi du. Diputatuaren esanetan Ormazabal “oso pertsona ikasia zen, uste sendoak zituen, bai eta ideia argiak ere, eta bihotzez maite zituen Araba eta Euskadi osoa”. Ahaldun nagusi gisa egin zuen ibilbideaz, Arabako egungo lehen agintariak nabarmendu du Felix Ormazabalekin Arabak bultzada handia ezagutu zuela. “Lau urteko agintaldia bete zuen, benetan emankorra, eta zalantzarik gabe Arabak gaur arte izan duen garapenaren oinarriak ezarri zituena.