Prentsa Aretoa
Berriak
2022/01/30
2021eko Sabino Arana Sariak: gizartearekiko elkartasuna eta konpromisoa
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu jauna buru izan dela, euskal gobernuko sailburu, erakundeetako ordezkari eta herrialdeko politika-, kultura- eta gizarte-arloko pertsona ezagun ugari izan dira kultura-ekitaldian
Mireia Zarate. 2021 SABINO ARANA SARIAK
MINTZALDIA - 2022/01/30
Oharra: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Sabino Arana Fundazioak Sabino Arana Sarien XXXIII. edizioa ospatu du gaur, urtarrilak 30 dituela, Bilboko Arriaga antzokian. Bertan, Luis Ugalde josulagun euskal-venezuelarra, Amaiur herriko Gaztelu elkartea, Luis Maria Bengoa kazetaria, CD Bidasoa kirol-elkartea, Basque Culinary Center eta Aita Mari migratzaileak erreskatatzeko ontzia saritu dituzte.
Fundazioaren Patronatuko kideek lagunduta, Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek banatu ditu sei sariok. Aurreko 32 edizioetan, beste 180 pertsonak, elkartek eta erakundek jaso dute Fundazioaren aintzatespena.
Aita Mari erreskate-ontziaren lan humanitarioa; Luis Mari Bengoa kazetariak zabaldutako gure balioen eta tradizioen sustapena; Basque Culinary Centerren prestakuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustua; gure memoria historikoaren zaintza, Amaiur Gaztelu Elkartearen eskutik; CD Bidasoa kirol-elkarteak egindako euskal eskubaloiaren eta Euskadiren sustapena eta hedapena nazioartean; eta Luis Ugalde josulagunaren gizarte-konpromisoa eta bidegabekerien salaketa izan ditugu nagusi Arriaga antzokian egindako ekitaldian.
Sari-banaketaren hasiera-ekitaldian, Mireia Zaratek oroitzapenezko eta omenezko hitzak eskaini dizkie “izurritearen bi urte hauetan utzi gaituzten pertsona guztiei”, eta bertaratutakoak gogatu ditu “aurtengo saridunen balioak ozen aldarrikatzeko: elkartasuna, eskaintza, konpromisoa, eskuzabaltasuna, ekintzailetza, ausardia, sustraiak eta oroimena”. “Esandako balioak bereziki azpimarratu nahi ditugu gaur egun, pandemiak eragin digun larritasunari eta itoaldiari aurre egiteko eta izurritea bera gainditzeko sendagarririk onenak direlako. Norberekoikeriaren, populismoaren edo demagogiaren aurkako txertorik onenak dira”, azpimarratu du.
Sabino Arana Fundazioaren presidenteak eskerrak eman dizkie, era berean, “pandemiaren ondorioei erantzuteko ahaleginak eta bi egin dituzten erakunde guztiei” bai eta zerbitzua emateko konpromisoa eta bokazioa erakutsi duten profesional guztiei, bereziki “pertsonek eta familiek pairatutako mina arintzen lagundu duten guztiei”.
Luis Ugalde
Agertokira igo den lehenengoa Luis Ugalde josulagun bergararra izan dugu, azken 65 urteotan Venezuelan bizi den gizarte-ekintzaile eta eredu moral eta politikoa. Ugaldek saria jaso du bere gizarte-konpromisoagatik eta justiziaren defentsagatik, betiere herritarren ahotsa entzuten eta errespetatzen duen gizarte demokratiko baten alde jardun duela.
Aita Ugaldek adierazi duenez, Fundazioak “duela 65 urte etxetik joan zen semeari eman dion sariak kontuak ematera behartu du”. Horren harira, Iñigo Loiolakoak eta Frantzisko Xabierkoak, hau da, euskaldun unibertsalenek, “Jesusen lagun izateak merezi duela” irakatsi ziotela adierazi du.
“Gipuzkoarrarengandik Nazaretekoaren ikaspenak jaso nituen: bizitza beste baten alde ematen duenak, galtzen duela dirudien arren, irabazi egiten du. Frantzisko Xabierkoak, ostera, indiar, txinatar eta japoniar ezezagunei emandako anaien arteko besarkada profetikoaren bidez, erakutsi zidan maitasuna unibertsala dela, distantziak laburtzen dituela eta horma arrazista guztiak eraisten dituela. Gizateriarekin senidetzen irakatsi zidaten jas handiko euskaldun bi haiek, muga guztietatik harago”, adierazi du.
Bere jatorriaz eta euskal baserriaz ere mintzatu da. “Bihotz eta suzko baserri hartan, zailtasunen aurrean amore ez ematen ikasi nuen, hau da, zailtasunei lan eta tinkotasunez aurre egiten. Horregatik, kontu-emate honetan, aitortzen dut den-dena zor diedala Moyua Torre baserriko nire sustraiei, 8 anai-arrebak, gurasoek, aitona-amonak eta osaba-izebek osaturiko familia handiari. Sustraiak eta enborra, gerora Ignaziok eta Xabierrek Jesusen izerdiz txertaturikoak, guztiok argitzen eta, Venezuelako lurretan, gari-alea baikinen ereiten eta mugarik gabe birsortzen irakatsi digutenak, ororen gainetik maitatzeko eta zerbitzatzeko” esan du Ugaldek.
Amaiur Gaztelu Elkartea
Amaiur herriko alkate Isabel Aleman Amaiurren altxaturiko monolitoaren laburpen historikoa egiten hasi da, eta gogoratu du “herritarren ekimenez eta garaiko euskal erakundeen laguntzaz” eraiki zela.
Monolitoak, Euskal Herriak bezala, diktaduraren gau luzea pairatu behar izan zuen, eta eraitsi ere egin zuten, “Amaiurrek darakutsan memoria historikoa ezabatu nahian”. 1982an, Gaztelu Elkartea eratu zen monumentua eta haren esanahia berreskuratzeko.
Alkateak nabarmendu duenez, “XXI. mendean, gure Herriaren memoria zientzian oinarritzen dugu”, eta horregatik, ikerketa zientifikoak lagun ekin diete Amaiurko gazteluaren eta bertako inguruaren arkeologia- eta musealizazio-lanei. Zientziak ez du nahitaez isolamendua esan nahi, eta Amaiur horren adibide garbia da. Ildo horretan, “Amaiurren, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako ikasle eta herritarren artean “auzolanean” lan egin dela” adierazi du.
Amaitzeko, alkateak esan du “gure arbasoen historia ezagutu behar dugula, herri gisa aurrera egin ahal izateko. Amaiur Gaztelu Elkarteak memoria historikoa berreskuratzeko ildoari atxikita lan egiten du.
Luis Mª Bengoa
Luis Mari Bengoa kazetariak, hainbat hamarkadatan herri-kirolen ahotsa eta aurpegia izandakoak eta gure sustraiak, lurreko ekoizkinak eta ohiturak aldezten eta sustatzen etengabeko aldarria egin duenak, gurasoei eskaini dizkie lehen berbak eta saria bera, hau da, “eguneroko ikasgaia dakarren unibertsitate honetako aurreneko maisu-maistrei, nabarmenei, eta bidean lagundu dioten lagun eta kolaboratzaile ugariei.
Bengoak gogora ekarri ditu Arabako nekazari eta abeltzainekin batera Europatik barrena egindako lehen bidaiak, lanbide-elkargoak, jatorri-deiturak, azokak berreskuratu eta berriro ere abian jartzeko haziak izan zirelako eta, bestetik, herri-kirolen aldeko borroka etengabea. “Lehen sektorea indartu behar dugu. Ahalegin handiak egin ditugu eta egiten ari gara, baina kontuan izan behar dugu guztion babesa behar dela. Landa-eremua zaintzen ez badugu, batek daki zein egoeratan bukatuko den. Aberri batek bere elikagaiak behar ditu; horixe da oinarria”, adierazi du.
“Herri batek buruaskia izan behar duelako ustean jardun izan dut beti, lehen sektoretik hasita, aldiak behin eta berriro errepikatzen direneko historian bizirauteko funtsezkoa delako... Horregatik, zaindu ditzagun gure arbasoak, herri zaharrenetako bat gara, horretara behartuta gaude. Gure arbasoek egin zuten moduan, apaltasunez eta irmotasunez, begirunez eta elkarlanean, oinak lurrean jarrita, gure lehen sektoreak, gure landa-eremuak egiten duen bezala”, nabarmendu du.
CD Bidasoa
Europako Kopa batek, Europako Errekopa batek, bi Asobal Ligak, bi Errege Kopak, Asobal Kopa batek eta Errekopa batek distira ematen diote Bidasoa kirol-ekartearen palmaresari, hots, “60 urteko historian, eskubaloia gure herrialdean sustatzen eta Irun, Bidasoaldea eta Euskadi nazioarteko kirol-ingurumarian hedatzen eta lekutzen lagundu duen klubari”.
Mintzaldian, kirol-elkarteko presidente Gurutz Aginagaldek herriarekiko konpromisoa azpimarratu nahi izan du. “Herriko kluba da eta herriaren zerbitzuko dago”, esan du Aginagaldek. “Guztiz aintzat hartzen dugu gure haurren prestakuntzan; izan ere, gure lehen taldean aritzeko jokalariak trebatzeaz gain, herriko familiek ematen dieten hezkuntzan laguntzea baita gure betebehar nagusia”, azpimarratu du.
Gainera, CD Bidasoa kirol-elkartearen presidenteak balioa eman dio “pandemia betean, kirol-taldeek gizartearentzat egiten duten eragite-lanari”.
“Ez da erraza izaten ari krisi honetatik irtetea, baina pixkanaka-pixkanaka ateratzen ari gara. Berriz ere, zaleek, erakundeek eta babesleek, norabide berari lotuta, ilusioz beteriko etorkizuna erakutsi digute”, gaineratu du.
Harrobiarekin egiten ari diren lana ere nabarmendu du. “Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Iparraldeko jokalariak ere baditugu harrobian lanean. Euskadi osora zabalik lan egiten jarraituko dugu, Irundik Europara begira eta, agian, 60 urte hauetan egin dugun guztia arrakastaz lortuta”.
Basque Culinary Center (BCC)
Mondragon Unibertsitatearen eta euskal erakundeen arteko aliantzaren ondorioz, proiektu hau duela hamarkada bat jarri zen abian, eta hain denbora laburrean, eredugarri bihurtu da nazioartean prestakuntzan, berrikuntzan, ikerketan eta gastronomiaren sustapenean. Joxe Mª Aizega zuzendariak adierazi duenez, BCCk garatu duen berezko nortasunak ez dauka zerikusi handirik ohiko erakunde akademiko batekin. “Gure nortasuna askoz ere lotuago dago berrikuntzarekin eta gastronomiari buruzko begirada garaikidearekin, eta uste dut apostolu bihurtu garela horretan, sustatzaile irmo”.
COVIDaren eraginari dagokionez, adierazi du “izurriteak lagundu, babestu, jagon eta bultzatu gaituzten pertsona guztiez jabetzeko balio izan digula... Harrigarria da ikustea lankidetzaren bidez gai izan garela hainbeste proiekturi gogotik ekiteko eta, are gehiago, ekimen berriak abiarazteko”.
Era berean, erakundeak datozen urteetarako finkatu dituen erronkei buruz hitz egin du: “sortu dugun ekosistema hobetzen eta berritzen jarraitzea; gure jakintza eta eskarmentua partekatzea nazioarteko garapen eta aliantzen bidez; eta ekosistema zabaltzea eta erakunde irekiago eta globalago bihurtzea, proiektu berri baten bidez: Gastronomy Open Ecosystem, berrikuntzan eta ekintzailetzan oinarritutako estrategia zabala, alderdi digitala eta fisikoa landuta, Donostian beste eraikin bat altxatuko dugula”.
Aita Mari
Azkenik, Nerea Machado Salvamento Marítimo Humanitario-Aita Mari elkarteko kideak gogorarazi du proiektua martxan jarri zenetik sei erreskate-misio egin dituztela (gaur egun, zazpigarrena garatzen ari dira), eta 714 pertsona erreskatatu dituztela. Sariak “giza eskubideen aldeko elkartasun-borroka nekaezina eta etengabea” aitortu nahi du, eta “Mediterraneoan egunetik egunera bizi den egoera tamalgarria ikusarazten duela”.
“Baina gu ez gaude han inoren salbatzaile”, argitu du Machadok. “Ama Lurra guztiona da, eta gizaki orok askatasunez mugitzeko aukera izan beharko luke, Giza Eskubideek aldarrikatzen duten bezala, eta euskaldunok nolabaiteko esperientzia dugu kontu horretan. Zoritxarreko egoera hori salatzeko ere bagaude gu han. Oinarrizko eskubideen urraketa nabarmen hori mundu guztiari ikusarazteko. Gertatzen ari dena oharkabekoa izan ez dadin”, adierazi du.
Horretarako, Nerea Machadoren ustetan, “beharrezkoa da nazioek akordioak lor ditzaten adostasun komunera iristeko”, eta “gizabanakoak, gizateria bera, euren interesen gainetik jar ditzaten”. “Oso berri ona litzateke Aita Mari beharrezkoa ez dela jakitea”, adierazi du.
Mediterraneoko uretan, erreskate-ontziaren zazpigarren misioa garatzen ari den Aita Mari ontziko presidente Izaskun Arriaranekin izandako zuzeneko konexioak eman dio amaiera ekitaldiari, elkartasun-mezua zabalduta.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu jauna buru izan dela, euskal gobernuko sailburu, erakundeetako ordezkari eta herrialdeko politika-, kultura- eta gizarte-arloko pertsona ezagun ugari izan dira kultura-ekitaldian, besteak beste, EAJ alderdiaren EBBko presidente Andoni Ortuzar, Bilboko alkate Juan Mª Aburto, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiak, Unai Rementeria eta Ramiro Gonzalez, hurrenez hurren, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Jose Maria Guibert eta Vicente Atxa, hurrenez hurren…
Nerea Reparaz kazetariak gidatu du ekitaldia, eta Verdini Dantza Taldeak egin girotu du emanaldia.
Iturria: Sabino Arana Fundazioaren Prentsa Bulegoa.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25