Prentsa Aretoa

Berriak

2022/02/09

Itxaso Atutxak adostasun zabala aurreikusten du Hezkuntza Legearen inguruan

BBBko presidentearentzat “oso garrantzitsua” da etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemaren inguruan akordio zabala lortzea eta posible ikusten du Elkarrekin Podemosek akordioarekin bat egitea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, Hezkuntza Legeak adostasun politiko handia lortuko duela uste du, eta garrantzi handia aitortu dio itun berriaren inguruan gehiengo zabala emateari. Hezkuntzako euskal lege berriaren oinarri izango denaren lehen zirriborroa Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza lantaldean aurkeztu berritan, EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu akordioa lortzeko prest agertu ziren atzo. Honen harira, Atutxa baikor agertu da eta Elkarrekin Podemos batzeko aukera ere ikusten du.

Bizkai Buru Batzarreko presidente andreak Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan eman duen elkarrizketan esan bezala, akordioak “garrantzitsuak dira bizitzako edozein esparrutan” eta politikan, “ezin beharrezkoagoak”, gizartearen onurarako izango diren neurriak aurrera ateratzeko. Bere aburuz, hezkuntza da, “garrantzitsuenetarikoa, garrantzitsuena ez bada ere”. “Ikusi dugu hezkuntzak berak zein garrantzia handia daukan gizarte hobe bat sortu eta eraikitzeko, eta gure haur eta nerabeen etorkizuna lantzeko”, azaldu du. “Uste dut atzo jakin berri izan genuen akordioa ildo honetatik doala. Adostasun zabal hori aurreikusten dugu, eta hori beti da ona”, azpimarratu du.

Are gehiago, balizko gehiengo hori oraindik ere zabalagoa izan daitekeela uste du, egingarri ikusten baitu Elkarrekin Podemos itun berriarekin bat egitea. Burukide bizkaitarrak gogora ekarri duenez, itunpeko ikastetxeen doakotasuna da mahai gainean dagoen auzietako bat. “Elkarrekin Podemosek ikusi behar du herri honetako errealitatea itunpeko eskolen inguruan Estatuan dagozan beste errealitate batzuengandik asko urruntzen dela. Proposatzen den hezkuntza-sistema honekin denak bat egiten dute. Horrek herri honen aniztasuna erakusten du”, aldarrikatu du.
Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreren transferentziaz galdetuta, Itxaso Atutxa baikor agertu da eta “aste honetan ez bada, hurrengoan argituta egongo” dela adierazi du. “Garrantzitsua zen zalantza barik geratzea ez zela epe zehatz baterako transferentzia egingo. Ez dago eperik transferentzietan; osokoak izan behar dute eta betirako”, eutsi dio. Hori behin zehaztuta, orain “ikusi behar dugu Eusko Jaurlaritza egiten ari den ikerketa horretan zer argitzen den. Baina, badirudi bide onetik doala”.

Elizaren baitan eman diren abusuak ikertzeko atzo Kongresuan Euskal Taldeak erregistratutako ekimenaren harira ere mintzatu da BBBko presidente andrea. “Beharrezkoa da istilu eta ika-mika politikoak aldera batera uztea benetako zehaztasunez egiteko. Bertaratzen direnak eta biktimak izan direnak (eta bizitza osorako izaten jarraituko direnak), benetako diskrezioz eta lasaitasunez euren iritziak eta bizitakoak kontatzeko”, aldeztu du. Nolanahi ere, “garrantzitsuena da ikerketa egotea” eta “Eliza katolikoari eskatzea, benetan, trabak ez ipintzea; baina, batez ere, gizartearekin bat egin dagiala”, baietsi du.