Prentsa Aretoa
Berriak
2022/03/19
EBBk “erabat justifikaezin” jo du Ukrainaren inbasioa eta hiritarrak deitu ditu “errefuxiatuen kausa beren kausa egitera”
Euzkadi Buru Batzarrak EAJ-PNVren azpiegitura osoa jarri du “ukrainarren kausaren zerbitzura” eta alderdikideak deitu ditu “elkartasun eragile aktiboak izatera”. “Har ditzagun hartu gintuzten moduan; har ditzagun besteek hartzea nahiko genukeen modu berean”
EBBren komunikatua Aberri Batzarrari Ukrainia
COMUNICADO - 2022/03/19
Euzkadi Buru Batzarrak gaur Sabin Etxean batzartu den EAJ-PNVren Aberri Batzarrari aurkeztu dion komunikazioan adierazi du irmo, kementsu eta baldintzarik gabe gaitzesten duela “ekintza belizista, antidemokratiko eta ankerra”, Errusiak Ukrainako lurraldean egin duena. Esandako agirian, Euzkadi Buru Batzarrak iragarri du “Alderdiaren azpiegiturak” jarri dituela ukrainarren kausaren zerbitzura eta erakundeak eta euskal gizartea deitu ditu “errefuxiatuen kausa beren kausa egitera” eta alderdikide jeltzaleei eskatu die “elkartasunaren eragile aktibo” bihur daitezela. Aberri Batzarrak bere egin du adierazpen hori, aho batez.
Andoni Ortuzar EBBren presidenteak komunikatu hau irakurri du, non EBBk EAJ-PNVren ehun urteko ibilbidean bere lan politikoa inspiratu duen izpiritu humanista eta europeista aldarrikatu ondoren “erabat justifikaezin” jo baitu Ukrainiaren inbasioa eta guztiz “gaitsesgarri” jo ditu egiten ari diren gerra krimenak. Bere adierazpenean, jeltzaleen exekutiba jeltzaleak ondorengoa baieztatu du: “Ukrainar emakume eta gizonak dira gure lehengo euskal emakume eta gizonak, 1936an gerratik eta totalitarismotik ihesi aterpea, babesa eta etxea topatu zutenak lehenago sekula ezagutu ez zituzten hiri eta nazioetan”. Eta horregatik “une esanguratsu honetan”, EBBK Euskal Herria deitzen du errefuxiatuen kausa beren kausa egitera” .“Gure eskuak izan daitezela, gaur 86 urte, gure gerrako umeak hartu zituzten beso haien luzapen naturala. Izan gaitezen, berriz ere, Herri solidarioa, esker onekoa eta eredugarria. Har ditzagun hartu gintuzten moduan; har ditzagun besteek hartzea nahiko genukeen modu berean”, animatu du EBBk
Hauxe da EBBk EAJ-PNVren Aberri Batzarrari aurkeztu dion komunikatuaren testu osoa
Euskal abertzaletasuna, bere sorreratik, gizabanako bakoitzaren eta taldearen askatasunaren kontzeptu gorenari lotuta egon da. ‘Pertsona askeak Aberri aske batean’. Askatasunaren kontzeptu ireki hori bere bokazio unibertsalista eta europazaleari lotuta egon da betidanik EAJ-PNVren baitan. Herri zapalduen askatasunaren eta haiekiko elkartasunaren aldarrikapenak espetxe eta errepresio ondorioak eragin ditu hamarkadetan zehar.
Nazioen Hirugarren Konferentzia zela eta (I. Mundu Gerra garaian Lausanan eginikoa), 1916an, foro multinazional batean lehen aldiz parte hartu zutenetik, euskal ordezkariek beti aldarrikatu zuten Herriek izateko eskubidea dutela, bai eta nazio gisa aitortuak izatekoa ere.
1931n, Europa politikoaren ideia oraindik sortzeko bidean zegoenean, Javier Landaburuk, geroago Eusko Jaurlaritzako diputatu eta lehendakariorde izango zenak, ‘Abertzaletasuna, Federalismoa eta Unibertsaltasuna’ izenburuko txostenean zera adierazi duen: “Teoria abertzaleak erabat bateragarriak dira unibertsaltasunari buruzko dotrina modernoekin. Irtenbidea izan liteke interdependentzia formula bat bideratzea, federazio bat osatzea”.
1933an, ‘Euzkadi-Europa’ goiburupean ospatu zen Aberri Eguna, garai hartarako ikuskera erabat aurreratua erakutsiz.
Diktaduraren ondorioz erbestera irten behar izan zirelarik, gure buruek Europaren fundatzaileekin parte hartu zuten Europa Federal bat eraikitzeko ekimenetan, berriro ere Kontinente Zaharra suntsitu zuen eta milioika biktima eragin zituen gerrak lur jota utzi zuen Europari erantzun bat eman nahirik.
Kanpora begira lan egiten hasi zenetik, Euzko Alderdi Jeltzaleak Europa politikoaren aldeko apustu irmoa eta erabakigarria egin du, bakearen, askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren balioak sustatzeko eta babesteko berme gisa. Europa indartsua, burujabea eta batua, behetik gora eraikia, herritarrengandik hasita eta kultur aniztasunaren eta bertako komunitate nazionalen borondate politikoaren errespetuan oinarri hartuta, horiek baitira Europaren proiektuari arima ematen diotenak.
Interdependentzia eta subiranotasun partekatuak sendotzeko egungo testuinguru honetan, gure helburua da Euskal Nazioa etorkizuneko Europako Federazioaren subjektu politiko bihurtzea, Nazioen Komunitateko gainerako kideen maila berean.
Gure bizitzako lehen ehun urteetan gure ibilbide politikoa gorpuztu zuten balioak eta printzipioak EAJ-PNVren Mendeurreneko Adierazpenean laburbildu ziren solemnitatez, bai eta Alderdiaren azken Batzar Nagusian berretsi ere:
- Askatasuna eta justizia dira gure elkarbizitzaren oinarri. Ez dugu inoiz inoren larderiarik edo morroi izaterik onartuko, gure aurrekoek onartu ez zuten bezala.
- Inor ez da inor baino gehiago, eta begirunea zor diogu elkarri bakoitzaren ideia, erabaki eta ekintzetan.
- Herri bat ez da beste bat baino gehiago. Arrazakeriaren aurka gaude, Herri bat beste batek zapaltzearen aurka. Gure Herriak edo edozein herrik du bere borondate, izaera eta balioen arabera izan eta bizitzeko eskubidea, giza eskubideak errespetatzen diren bitartean.
- Ezerk ez du guretzat indarkeriaren erabilera zuritzen. Armen indarrez gure herria erasotzen duenarengandik defenditzeko beharrak baino ez.
Ukrainaren inbasio anker honek apurketa traumatiko bat eragin du II. Mundu Gerraren ondoren europarrok gozatu dugun bake-aldian (Balkanetako Gerraren salbuespen dramatikoarekin). Zibilizazioaren bidean atzera eman den pausu ikaragarria ere bada, eta horrek gogorarazten digu indarkeria baliatzea jokabide katastrofikoa dela, historian zehar aldiro-aldiro errepikatzen dena.
Ukrainaren inbasioa, Putinen grina inperialistak bultzatuta, Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa bat da, Herri baten herri-borondate subiranoa bortxatzeko eta haren lurraldea okupatzeko indarra erabiltzeko debekuan oinarritzen dena. Aldi berean ere, bada II. Mundu Gerraren ondoren adostu zen nazioarteko ordena erasotzea.
Inbasio hau erabat justifikaezina da, gaitzesgarriak baitira egiten ari diren gerra-krimenak. Ondorioz, horren erantzuleak Nazioarteko Zigor Gortearen aurrean agertu beharko dira, eta haien gerra-ekintza kriminalengatik eta gizateriaren aurkakoengatik epaituak izan.
Ukrainako gizon eta emakumeak beren nazioaren eta askatasunaren eta demokraziaren balioen defentsan erakusten ari diren duintasunak eta kemenak erakusten digute abertzaletasunak zerikusi zuzena duela liberalismoaren eta Zuzenbidezko Estatuaren balioekin.
Giza Eskubideak zigortzeko egin den urraketak, Errusia delarik ustez behintzat Nazioarteko Zuzenbidea betetzen dela zaintzen duen Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluko bost kideetako bat, agerian uzten du NBEren eta beste erakunde multilateral batzuen erreforma sakona behar dela, egun ematen ari diren erronketara egokitzeko.
Eraso higuingarri honek, ikararen ikaraz ihes egiten ari den biztanleria zibil babesgabearen sufrimenduari eragiten dionak, berriro gogorarazten digu askatasunaren, demokraziaren, oparotasunaren eta justizia sozialaren balioak ez daudela ziurtatuta, ez daudela bermatuta; aitzitik, etengabe babestu eta sustatu behar ditugu, gure esku dauden baliabide zilegi guztiekin eta ahalik eta erabakitasun handienarekin.
Ukrainaren inbasioak eta haren ondorioek egungo esparru geopolitikoak aldatuko dituzte, eta orden berritua eratuko dute nazioartean, non aliantza berriak ezarriko diren eta munduko potentzia nagusiek ere parte hartu beharko duten, beharrezko dugun egonkortasun globala lortzeko.
Egoera larri honen aurrean, ondorioak aurreikusten zail gertatzen zaizkigula ulertuta, EAJ-PNVk ondorengoak adierazi nahi ditu:
1. Errusiako Gobernuaren ekintza belizista, antidemokratiko eta ankerra irmo, kementsu eta baldintzarik gabe gaitzesten dugu.
2. Negoziazio-bide diplomatiko guztiak areagotzearen alde egiten dugu, Errusiak egin duen inbasioa geldiarazteko, milaka biktimaren odol-isurketa geldiarazteko eta tropa inbaditzaileen berehalako erretiratzea bultzatzeko, errusiarren eta ukrainarren arteko banaketa mingarri, sakon, bidegabe eta alferreko honi amaiera emango dion alderdien arteko akordio iraunkor eta errealista lortuz.
3. Proposatzen dugu gerraosteko testuinguruan sor daitekeen mundu-ordena berriak organismo multilateralak berregituratzea, tresna gehiago eta subiranotasun handiagoa emanez Estatuen arbitrariotasunak mugatzeko, munduko gobernantza baketsu, eraginkor eta solidarioa lortze aldera.
4. Pozten gara Europar Batasunaren baitan lortu den batasun paregabeaz, eta haren autonomia estrategikoa indartzearen aldeko apustua egiten dugu, aurrerapauso garrantzitsuak emanez kanpo-politika bateratuan, Europako defentsa bateratuan eta Europako energia-politikaren benetako integrazioan.
5. Europako hiritar garen aldetik, izu ikaratik ihesi doazen eta gure babesa eta une honetan laguntza behar duten milioika errefuxiatuekiko betebehar morala dugula aitortzen dugu. Era berean, hitzematen dugu immigrazioari eta asiloari buruzko Europako politika bateratua definitzen eta ezartzen laguntzeko konpromisoa.
6. Konpromisoa hartzeko unea da, abegikortasuna eta eskuzabaltasuna erakustekoa. Ukrainar emakume eta gizonak dira gure lehengo euskal emakume eta gizonak, 1936an gerratik eta totalitarismotik ihesi aterpea, babesa eta etxea topatu zutenak lehenago sekula ezagutu ez zituzten hiri eta nazioetan. Une esanguratsu honetan, gure Herriari eskatu nahi diogu pertsona errefuxiatu horien kausa beren kausa propiotzat har dezatela. Gure eskuak izan daitezela, gaur 86 urte, gure gerrako umeak hartu zituzten beso haien luzapen naturala. Gure Alderdiak goiburu izan duen izpiritu humanistatik, gure erakundeak eta euskal gizarte osoa animatzen dugu konpromiso hau sendo eta argi adieraztera, zaurgarritasun handian aurkitzen diren pertsona hauek maitasunez eta eskuzabaltasunez hartzera, gure Herrira iristen ari baitira sekulako zailtasunekin, gorrototik, izu ikaratik eta suntsipenetik ihesi. EAJ-PNVk bere azpiegitura guztiak jarri nahi ditu kausa honen zerbitzura, eta alderdikideak deitzen ditu elkartasunaren eragile aktibo izatera. Izan gaitezen, berriz ere, Herri solidarioa, esker onekoa eta eredugarria. Har ditzagun hartu gintuzten moduan; har ditzagun besteek hartzea nahiko genukeen modu berean.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25