Prentsa Aretoa
Berriak
2022/03/22
Aberri Eguneko aldarrikapena beharrezko jo du Itxaso Atutxak: “Herri bat gara eta herri gisa onartuak izatea nahi dugu”
Osasun egoerak hobera egin duela aprobetxatuta, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak alderdikide eta alderdizaleak Bilbora gonbidatu ditu Aberri Eguna ospatzera “kalean, jende artean eta jai giroan”
Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, oso argi dauka funtsezkoa dela “Aberri Eguna barriro Bilbora ekartea, barriro ere jende artean egitea; alderdikide eta alderdizale direnakaz”. Atzo Iruñetik EBBk jakitera eman zuenez, EAJ-PNVren Aberri Egunaren ospakizun eta aldarrikapen jaia Bilbora bueltatuko da pandemiaren ondorioz bi urteko etenaldia egin behar izan ondoren. “Oso, oso gogorra izan zan danontzat; etxean gengozan, konfinatuta”, horregatik da hain “garrantzitsua, jai giroan, kalera bueltatzea”. Gainera, “egiten dogu beharrezkoa dalako aldarrikapen horregaz jarraitzea. Herri bat gara eta herri gisa onartuak izatea nahi dogu”, esan du sendotasun osoz. Aldarrikapena goiburu, gizartea animatu du Alderdiak apirilaren 17an Bizkaiko hiriburuko Plaza Barrian ospatuko duen jaira hurbiltzera. “Denak izango dira ongi etorriak”.
Atutxak gaur goizean Bizkaia Irratiko ‘Goizeko Izarretan’ saioan elkarrizketatua izan da. Presidente andrearen hitzetan, “herrien borondatea errespetatzea izan behar dogu beti goiburu; egun hauetan argi geratzen ari den zerbait. Ukraina eta Sahara daukagu, baina mundu mailan ere beste dozena bat kasu daude. Gogoratu behar dogu herri askoren borondatea zapalduta dagoala eta guztien arteko kogobernantza bat egiteko norberak bere izatetik egin behar dauala guztion arteko alkarlan hori. Baina norberak, norberaren izatetik. Horrek ez dau alkarlanik ez eusten ez apurtzen ez eragozten”, eskatu du.
Ukrainako inbasioak sektore askori eragiten ari dien krisiari buruz galdetuta, burukide bizkaitarrak azaldu du bai Urkullu lehendakariak bai Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak azken egunotan aurreratu duten bezala, Jaurlaritzak eta beste euskal erakundeek laguntzak emango dituztela egoera leuntzeko. “Momentu honetan sektore askok laguntza behar dabe. Garraiolariak, nekazaritzan eta abeltzaintzan dagozanak, arrantzaleek ere… Momentu konkretu bat da eta laguntza puntualak helduko dira”, aurreratu du. Honen harira azaldu du Sánchez “ondo edo txarto baino, astiro” dabilela neurriak hartzerakoan; “Ez dakit zeren zain” dagoen. Egia da neurri batzuk, batez ere fiskalak edo zerga batzuen gainekoak direnean, “Europak ere esku hartu egin behar dauala (BEZa, hidrokarburoak…), baina egia da beste herri batzuetan neurriak hartzen hasiak dirala”, kritikatu du.
Espainiako gobernuak Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzearen alde egin izanaren inguruan ere aritu da Itxaso Atutxa. Joan den larunbatean Andoni Ortuzarrek, EBBko presidenteak, esandakoa biribilduz, ikaragarri jo du Sánchezen erabakia eta EAJ-PNVren kontrako jarrera berretsi du. “Sánchezek oraindik ez dau esan bera joango danik Kongresura” azalpenak ematera “eta hori nahiko larria da. Ministroa baldin badoa, EAJ-PNVk barriro eskatuko dau Sánchez bera joan daitela”, aurreratu du. Erabaki honek “Nazioarteko itunak apurtzen dauz eta Espainiak berak orain arte hartutako politikak bertan behera utzi dauz, inori ezer esan barik. Larria da eta Euskaditik horreri eutsi behar dautsagu. Guk beti izan dogu harreman berezi bat Mendebaldeko Saharako herriagaz. Saharako herriaren borondatea bertan behera geratzen da”, ziurtatu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25