Prentsa Aretoa

Berriak

2022/03/29

Itxaso Atutxak baieztatu du EAJ-PNVk Usansoloren segregazioa babestuko duela legezko berme guztiak betetzen direnean

Gogoratu du EAJ-PNV izan zela Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko Foru Arauaren aldarazpena proposatu zuena “segregazioa egingarri izan dadin”, baina ohartarazi duenez Espainiako legeria goragoko mailakoa dela, Galdakaoko gobernuan jakin dakiten zerbait

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Usansoloren segregaziorako prozesuak aurrera egitearen aldeko egoteaz gain, gogoratu behar dugu EAJ izan zela Bizkaiko Batzar Nagusietan Lurralde Mugapeei buruzko Foru Arauaren aldarazpena proposatu zuena, segregazio hau gauzatu ahal izateko baina, gaur gaurkoz “Espainiako legeriaren mende gaude”, baieztatu du Itxaso Atutxak EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidente andreak. Beraz, ”Usansolo herrialdeko 113. Udalerria izan dadin” eman beharreko legezko bermeak bete arte “bidea prestatzen” joan behar da “bai eta hainbat kontu konpontzen ere, une egokia heltzen denean, bide hori egiteko”, esan du.

Radio Euskadiren `Boulevard´ irratsaioari eskaini dion elkarrizketan azaldu bezala, talde jeltzaleak 2015ean sustatu zuen Foru Arauaren aldarazpena, segregazioa egin ahal izateko eskatzen den biztanleria 2.500era jaitsiz (lehenago 5.000koa zen). Zoritxarrez, 2020an Auzitegi Gorenak Ezkio-Itxaso Gipuzkoako udalerriaren segregazioaren inguruko ebazpena eman zuen eta haren bidez ezarri zen Toki Eregimeneko Oinarrien Legea bete behar dela bestelako foru arau edo xedapenen gainetik. Hau da, aplikatu behar den legea estatukoa da eta honek ezartzen du segregazioa egin ahal izateko 5000 biztanle izan behar dituela, eta arau hau derrigorrez bete behar dute erakunde guztiek. Halaber, ez dago errekurtsorik aurkezterik.

Ildo berean, Atutxak EH Bilduk, Usansolo Herria, Auzoak eta Podemos taldeek osatzen duten Galdakaoko gobernu taldeari txarretsi dio esatea “igandeko kontsultaren ondoren pilota Bizkaiko Foru Aldundiaren teilatuan dagoela”, eta beraiek jakin dakite segregazioa ez dagoela ez Galdakaoko Udalaren esku, ezta Bizkaiko Foru Aldundien edo Batzar Nagusien esku ere. “Ez ditzagun usansolotarrak engainatu, lagundu egin behar baitiegu”. “Inork ez du auzitan jartzen usansolotarrok nahi dutena”, “gainera, ez da gehiegi itxaron behar 5000 biztanle izan arte (egun udal erroldaren arabera 4.500 biztanle dira) eta lanean jarraitu behar dugu Usansolo Bizkaiko 113. udalerria denean, guk ere hori babestuko dugularik, trantsizioa berme guztiekin egin dadila”.

Herrialde exekutibaren presidente andreak era berean hitz egin du Ukrainaren inbasioak ekarri dituen ondorio ekonomikoei aurre egiteko abian jarri den talka planaz. Zentzu honetan, Atutxak adierazi du une honetan agiri luze horren eduki zehatza aztertzen ari direla eta gaineratu duenez “beste behin ere”, “zail” gertatzen da “hainbat gauza nahasten dituen dekretuari ezetz esatea”. “Ez dago negoziatzeko aukerarik, ordainketetako batzuk nola egin beharko direnaz aparte, guk arduraren bat dugun esparruan, besteak beste BGDS, non gai teknikoago batzuk zehaztu beharko diren. Baina dekretuari bai ala ez esatea, hori ez da negoziatzen”, gaineratu du.

Bizkaiko jeltzaleen buruak nabarmendu du “guztiz argi dagoela” zela zerbait egin behar zela, talde jeltzaleak Pedro Sánchezek zuzentzen duen gobernuari behin eta berriz erreklamatu bezala, baina deitoratu du PSOE eta Unidas Podemosen exekutiboak bere ekimenak dekretuen bidez aurkezten dituela etengabe, eta “aurretiaz ezer landu gabe”. Ildo beretik uste du Pedro Sánchezek berriz ere “dekretu bidez gobernatzen duela eta ia bakarrik, gainera”, Unidas Podemos taldeak ere “azken orduko informazioa baino ez baitu jaso”.