Prentsa Aretoa

Berriak

2022/03/29

Aitor Estebanek Espainiako gobernuaren talka-planean jasotzen diren neurriez esan du “beharrezkoak eta saihestezinak” direla, berandu erabaki direla kritikatu arren

Kongresuan eskaini duen prentsaurrekoan, Euskal Taldeko bozeramaileak “denbora” eskatu du Ministroen Kontseiluak gaur onetsi duen Lege Dekretua aztertzeko, eta ohartarazi duenez “neurririk garrantzitsuena, normaltasunerako nolabaiteko urratsa ematen lagunduko ligukeena, gasa desakoplatzea izango da”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal taldearen bozeramaileak, gaur esan du Espainiako gobernuak ezagutarazi dituen neurriak gaur egun energiaren alorrean eta industria sektorean eta gizartean ematen ari den eta Ukrainako gerrak are larriago bihurtu duen krisia arintzea helburu dutenak “oro har, beharrezkoak eta saihestezinak” direla, horietako batzuk “erregaien ingurukoak, esaterako” “lehenago erabaki beharko ziren arren”.

Diputatuen Kongresuan bertan eskaini duen prentsaurrekoan, Estebanek berretsi du momentuz EAJ-PNV neurriak “baloratzen” ari dela “zabalak eta kasu batzuetan teknikoak izanik eta sektore askori eragingo dietela gogoan”. Neurri horiek azken egun biotan eman dira ezagutzera eta gaur bertan Ministroen Batzordean onetsi den Lege Dekretuan jasotzen dira. Atzo bertan Aitor Estebanek bere sare sozialetan aurreratu bezala, Espainiako gobernuak astelehen goizera arte ez zituen azaldu, bost minutuko dei batean, plan honen “ildo nagusiak”. Deiaren ondoren eta halako jokaeragatik Esteban kexatu zelako, “xehetasun gehiago” eman zitzaizkion. Horregatik “denbora” eskatu du neurriak zehatz-mehatz aztertzeko eta Euskadiko Autonomia Erkidegoarentzat eta Nafarroako Foru Komunitatearentzat ekarriko dutena ebaluatzeko. “Ez da ezer berririk”, esan du “ohituta gaude `azken eguneko azken orduko´kontura”, gaineratu du Gobernuak plan honen inguruan eman duen informazio eskasaz.

Edozein kasutan, Estebanek bai baieztatu du proposamenetako baten inguruan “desadostasunak” edo ñabardurak egin beharra egon daitezkeen arren “zail gertatzen da” Dekretu Lege horri ezetz esatea. “Ez dakit Dekretua noiz baliozkotuko den edo Gobernuak izapidetzeko prozesuaren inguruan zer asmo duen, baina ez dut uste zailtasun handirik izango duenik aurrera ateratzeko”, adierazi du.

Euskal Taldeko bozeramaileak azpimarratu nahi izan duenez EAJ-PNVren aburuz hartu beharko den “neurririk garrantzitsuena” eta “halako normaltasun batetara itzuli ahal izatea ahalbidetuko lukeena” dela gasa desakoplatzea. Hala, eta gai hori- lehenago negoziatu behar delako eta Europako batzordeak onartu behar duelako- Sánchez presidenteak atzo iragarri zuen talka-planean jasotzen ez dela jakin arren, Estebanek Gobernua premiatu du erabakitzera. “Albait arinen izan beharko litzateke, horren ondoren beste gauza batzuk normalizatzen lagun dezakeelako”.

Izan ere, Estebanek gogora ekarri du Euskal Taldeak iragan astean bertan eztabaidara eta bozketara eraman zuela hamar puntu jasotzen dituen mozio bat non EAJ-PNVren aburuz energiaren eta lehengaien krisi egoera honetan hartu beharko liratekeen jarduera nagusiak jasotzen baitira. Horietako lehena da, hain zuzen, gasa argindarraren preziotik desakoplatzea. Horretarako, konpentsazio formula zehatz bat ezartzen zen diferentzia hori sistemari edo aurrekontuei itzultzea saihesteko. Hala ere, Kongresuak proposamenari uko egin zion PSOEren abstentzioarekin eta Unidas Podemosen `ezetzarekin´.

Azkenik eta kazetariek egin dizkioten galderei erantzunez, Estebanek berretsi du gaurko egoera konpontzeko irtenbidea ez dela zergak oro har jaistea. “Ez dugu ikusten jaitsiera orokorra; gainera, uste dugu zerga sisteman eragiteko, ikuskera orokor batetik egin behar dela”, amaitu du.