Prentsa Aretoa

Berriak

2022/04/08

Urkullu Lehendakariak hainbat neurri aurreratu ditu Ukrainaren inbasioaren ondorioei aurre egiteko

Osoko Bilkura Monografiko bat egin da gaur Legebiltzarrean, Ukrainako inbasioaren ondorioen aurrean EAEko ekonomia eta pertsonak babesteko hartu beharreko premiazko neurriei inguruan. Osoko Bilkuran, arlo honetan Gobernuak egindako jarduerak azaldu dizkie legebiltzarkideei Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta neurri batzuk aurreratu dizkie bertan

rss Ezagutzera eman
Urkullu Lehendakariak hainbat neurri aurreratu ditu Ukrainaren inbasioaren ondorioei aurre egiteko

ARGAZKIA JAITSI

Hala, Lehendakariak “Eusko Jaurlaritzaren neurriak Ukrainako krisiari aurre egiteko” aurkeztu ditu, hiru ataletan: martxoan abian jarritako “Berehalako neurriak”, hau da, inbasioa gertatu bezain laster eta Europar Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren erabakien aurretik; egoeraren bilakaera, antzemandako beharrak eta jasotako proposamenak aztertu ondoren planteatutako “Neurri osagarriak”; eta Plan estrategikoen bidez onartutako “Neurri eraldatzaileak”.

BEREHALAKO NEURRIAK

Martxoaren 15ean Energiaren Euskal Erakundearen bidez kudeatzen diren “Energia-eraginkortasuneko eta kostuak aurrezteko neurriak” aurkeztu ziren Gobernu Kontseiluan. Neurri horiek 150 milioi euroko zuzkidura dute diru-laguntzetan, eta zuzkidura handiagoarekin handitu ahal izango dira.

Martxoaren 22an, Gobernu Kontseiluak “Krisiak gehien kaltetutako enpresak finantzatzeko neurriak” onartu zituen. Neurri horiek Finantzen Euskal Institutuaren eta ELKARGIren bidez kudeatzen dira. 10 milioi euroko kreditu-lerroa dute enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko. Gatazkan dagoen eremuan jarduera edo merkataritza-harremanak dituzten enpresentzako laguntzak dira.

Osagarri gisa, likideziarako laguntzak abiarazi dira krisiak eragindako enpresa guztientzat. Horrela, % 50eko finantzaketa-modalitate bat eskaintzen da finantza-erakundeekin.

Martxoaren 28an, foru-aldundiek laguntza-neurri fiskalak aurkeztu zituzten, 165 milioi eurokoak.

Martxoaren 29an, Finantzen Euskal Kontseiluak apirilaren 1ean onartutako “2024ko Euskadiko inbertsio estrategikoen plana” aurkeztu zen Gobernu Kontseiluan.

NEURRI OSAGARRIAK

Era berean, Eusko Jaurlaritzak Ukrainako krisiari erantzuteko neurri berriak onartuko ditu. Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak hartutako neurrien osagarri dira.

Eragile ekonomiko eta sozialek Elkarrizketa Sozialaren Mahaian, klusterrek eta zuzenean eragindako sektoreek egindako eskaerei erantzuten dieten neurriak dira. Talde parlamentarioek aste honetan bertan izandako elkarrizketa-txandan egindako iradokizunak ere jasotzen dira.

“Neurri osagarri” horiek 200 milioi euro inguruko balioa dute. “Babesgabeenei laguntzeko Funtsa” eta “Ekonomiari laguntzeko Funtsa” eratuko dira, eta datorren astearteko Gobernu Kontseiluan onartuko dira.

“Babesgabeenei laguntzeko Funtsa” 15 milioi euroko zuzkidura izango du.

Alde batetik, pertsona ahulentzako gizarte-laguntzak:

Gizarte-larrialdietarako eta energia-pobrezia arintzeko laguntzak;
Etxerik gabeko pertsonak gizarteratzeko laguntzak;
Familiaren laguntzarik gabeko gazteentzako baliabideak;
Adineko pertsona ahulei laguntzeko tokiko sareak; eta
«Azken sarea indartzen» sarea.
Bestalde, errefuxiatu ukrainarrak hartzeko gizarte-laguntzak:

Lehen harrerako programa;
«Azken sarea indartzen Ukraina» sarea;
Loturak. Migratzaileak hartzeko tokiko sareak;
Errefuxiatuei laguntza psikologikoa emateko programa; eta
Aukerak suspertzen eta Ukrainako gazteen hezkuntza-errefortzua.
“Ekonomiari laguntzeko Funtsa” 143 milioi euro izango ditu.

Enpresei eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntza-programak 63 milioi eurorekin handitzea planteatu da.

Laguntza horiek jarduera-eremu hauen bidez bideratuko dira:

Bilakatu programa zabaltzea, enpresak eraldatzeko proiektuetarako;
Enpresentzako laguntza-programa;
Gas-industria intentsiboentzako laguntzak;
Parke teknologikoetan eta poligonoetan alokairuak atzeratzea;
Lege-aholkularitzarako laguntzak; eta
Gizarte-ekonomiari laguntzeko programak.
“Lehen sektoreko enpresentzako laguntza osagarriak” 60 milioi eurotan handitzea planteatu da.

Hauetara bideratuko dira:

Nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorerako zuzeneko laguntzen programa;
Arrantza-sektorerako zuzeneko laguntzen programa; eta
Lehen sektoreko enpresak hedatzeko inbertsioak bultzatzeko Handitu programa.
“Merkataritza-sektorerako laguntza osagarriak” ere planteatu dira, 20 milioi euroko balioa dutenak, honako hauen bidez:

Kontsumoa sustatzeko programa; eta
Txikizkako merkataritza-sektoreari laguntzeko programa.
Esparru horretan bertan, “Likideziako neurri osagarri” berriak onartuko dira, eta abalen eta finantzaketa-lerroen bidez abian daudenei gehituko zaizkie, 40 milioi euroko zuzkidura gehigarriarekin.

NEURRI ERALDATZAILEAK

Eraldaketa sozio-ekonomikoa bultzatzeko eta enplegu-aukerak sortzeko abian den “Euskadi martxan” Estrategia da gauzatzen ari diren neurri eraldatzaileak artikulatzen dituen ardatza.

Historiako aurrekonturik handienetan kokatzen dira, eta 10 eurotik 8 gizarte-politiketara bideratzen dira. Inbertsioa % 50 hazita eta I+G+Bren aldeko apustua eginda, % 10 inguruko hazkundearekin.

Martxoan, 3.210 milioi euroko Berpiztu Programa onartu da 2022. urterako. Programa horren helburua da ekonomia eta enplegua suspertzea eta, horrela, gerraren ondorio negatiboak konpentsatzea.

180 milioi euroko Lehentasunezko Jarduketa-eremuen Programarekin jarraituko da, eta horietatik 81 aurten bertan gauzatuko dira.

530 milioi euroko Inbertsio Estrategikoen Programa onartu da Foru Aldundiekin, ekonomia, energia eta gizartea eraldatzeko proiektuak bizkortzeko. Ekimen honekin Euskadi Next programaren trakzio-inbertsioak aurreratu dira, Europako Funtsekin bizkortu ahal izango direnak.

Gainera, zenbait “Neurri eraldatzaile” espezifiko ebaluatzen ari dira jarduera-sektoreen, klusterren, enpresen eta gizarte-ekonomiaren eskaerei erantzunez. Honela:

Lehengaien erosketak kudeatzea nazioarteko merkatuan;
Energia zentralizatuta erosteko programa;
Eraldaketa ekonomikoko proiektu estrategikoak bultzatzea;
Elikatze-katearen prezioen behatokia;
I+Gko proiektuak eta talentua erakartzea zentro teknologikoetan;
Garraioaren sektoreko lan-mahaiaren jarraipena;
2024a baino lehen izapidetzen hasten diren energia berriztagarrien proiektuak gauzatzea;
Supply Chain Resilience plataforma, haustura-arriskuaren aurrean hornidura-kateak indartzeko;
Enpresek ezinbesteko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteei heltzeko dituzten baldintzen jarraipena egitea; eta
Energia-autokontsumorako laguntzak.

Iturria: Irekia