Prentsa Aretoa

Berriak

2022/09/14

EBBk begi onez hartu du EH Bilduk parke eolikoen instalazioari buruz zuen jarrera politikoa aldatu izana

Statkraft Norvegiako multinazional publikoak atzo bertan Urkullu Lehendakariari Euskadin jarri nahi dituen bi parke eolikoen xehetasunak aurkeztu ondoren –bata Errezil-Zestoa-Azpeitian eta bestea Aramaio eta Eskoriatza artean–, gaur jakin dugu EH Bilduk, proiektua garatuko den udalerri gehienetan gobernatzen duen alderdi politikoak, aldeko jarrera adierazi duela bi proiektu horiek gauzatzeari buruz

rss Ezagutzera eman
EBBk begi onez hartu du EH Bilduk parke eolikoen instalazioari buruz zuen jarrera politikoa aldatu izana

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak begi onez hartu du bi proiektuek Euskadiko trantsizio energetikoaren erronkari egingo dioten ekarpena, baita EH Bilduk parke eolikoen instalazioari buruz orain arte zuen posizio politikoa aldatu izana ere. Ulertzen dugu, logikoa denez, EH Bilduren jarrera berri hau ez dela soilik aipatutako bi proiektuetara mugatuko, eta ez dela alkatetza duten udalerrietara mugatuko.

EH Bilduk nabarmendu du Statkraft-en proiektuek “eskema berritzailea” dakartela “energiaren sozializaziorako”. Euzkadi Buru Batzarraren aldetik gaineratu nahi dugu denbora luzea daramagula herritarren energia-komunitateen proiektuak lantzen (EKIOLA) eta gogorarazi nahi dugu, halaber, duela hilabete batzuk EH Bilduri akordio bat eskaini zitzaiola Labrazako Administrazio Batzarrean, Aixeindar proiektua blokeo egoeratik ateratzeko. Proiektu honetan EEEk ere parte hartzen du %40ean. Eskaintza horrek antzeko formula bat jasotzen zuen, inguruko bizilagunei eta enpresei zuzenean mesede egingo zien energia-komunitatea sortzeko.

Trantsizio energetikoari aurre egitea gure subiranotasun energetikoa handitzen lagunduko duten berriztagarriak instalatzearekin ez da aukera bat, derrigorra baizik, klima-aldaketari aurre egingo badiogu. Are beharrezkoagoa da Errusiaren inbasioaren ondorioz Europa osoak energiaren esparruan duen ahultasunaz guztiok jabetu garen garai hauetan.

Duela aste bi, Andoni Ortuzarrek EH Bilduri luzatu zion herri akordio zabala adosteko proposamena, subiranotasun energetikoa lortzeko bidean aurrera egin ahal izateko. Gaur, EBBren aldetik berresten dugu akordio politikoak lantzeko borondate irmoa dugula, gai zehatz honen inguruan –berriztagarrien proiektuak instalatzea– eta Euskadiko energiaren esparruan trantsizioari bide emateko bermea ekar lezaketen guztietan, EH Bildurekin zein Euskadiko gainerako indar politikoekin. Eta egiten dugu euskal gizarte osoarentzat etorkizun hobe eta iraunkorragoa bermatzeko beharko diren formula eta baldintza guztiak adosteko borondatearekin.