Prentsa Aretoa
Berriak
2023/04/30
Elixabete Etxanobe: “Euro bakoitza bideratuko dugu Bizkaian bizi garen pertsona guztion bizi-kalitatea hobetzera”
Andoni Ortuzarrek, Bizkaiko Batzar Nagusietarako EAJ-PNVren hautagaitzaren aurkezpen ekitaldiaren amaieran, maiatzaren 28an, udalez eta aldundiez gain, euskal autogobernua jokoan dagoela ohartarazi du
Bizkaiko Batzar Nagusietarako EAJ-PNVren hautagaitza
HAUTAGAI ZERRENDA - 2023/04/30
Bizkaiko EAJ-PNVk Barakaldon gaur goizean aurkeztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan hurrengo legealdian alderdia ordezkatuko duten pertsonak. 51 emakume eta gizon izango dira eta hautagaitza osoari babesa adierazteko, bertan izan dira ehunka barne ordezkari, herri ordezkari, alderdikide eta alderdizale, BIC Bizkaia Ezkerraldean egin den ekitaldi hunkigarrian. Gaurko bileran herrialdea osatzen duten lau hauteskunde-barrutietako zerrendaburuek parte hartu dute. Hain zuzen ere, Elixabete Etxanobe Landajuela, Durango-Arratia barrutiaren buru izango dena eta Unai Rementeria Maiz Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagai izango dena; Ana Otadui Biteri, Bilbo aldeko zerrendaburu eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izateko hautagai ere badena, eta Jane Eyre Urkieta Zuzaeta eta Josu Bergara López, Busturia-Uribe eta Enkarterriko barrutietako buru, hurrenez hurren.
Etxanobek konpromiso batekin eman dio hasiera bere hitzaldiari: “Euro bakoitzak balioko du Bizkaian bizi garen guztion bizi-kalitatea hobetzeko. Enplegu gehiago eta hobea sortzeko; gure gazteei aukerak eskaintzeko; adinekoak zaintzeko; gure ingurumena babesteko; mundura zabaltzeko, baina gure nortasuna eta kultura babestuz; euskara babestuz”, bermatu egin du. “Gizarte aurreratua, modernoa eta anitza gara, eta horrela aurre egiten diegu planteatzen zaizkigun erronka guztiei. Eta Aldundiak, Aldundi indartsu, hurbil eta eraginkor batek, etorkizuneko erronka horiek Bizkaiko gizartearen aldeko aukera bihurtu behar ditu, hobetzeko. Eta hori, soilik berma dezake, EAJ-PNV buru duen Aldundiak”, aldarrikatu du 400 lagunen aurrean.
Gaurko ekitaldian hitza hartu duenean ahaldun nagusirako hautagaiak aurreratu ditu EAJ-PNVk hurrengo asteotan ezagutzera emango duen hauteskunde programaren xehetasun batzuk. Bere hitzetan, “Bizkaiaren etorkizunean auto-ilara gutxiago egongo dira, gero eta garraio publiko hedatuagoa izango dugu eta gero eta bizikleta gehiago; gure herrialdean mugitzeko beste era bat nahi dugu. EAJk zuzenduko duen Aldundi batek baino ez du hori bermatuko. Bai eta bermatu ere itsasadar azpiko tunela, Bilbo eta Getxo arteko txirringa eta oinezkoentzako bidea ere; txirringa-bide gehiago herrialde osoan, Avanzada estaltzea edo metroa hedatzea”, “Markina-Xemein, Ermua edo Las Carreras zeharkatzen duten trafikoa saihesbideen bidez ezabatuko direla” ahaztu gabe. Halaber “zaintza-sistema eraldatuko dugu zainketak behar dituzten pertsonei laguntzeko. Mendekotasuna duen pertsona bakar bat ere ez dugu bakarrik utziko, zaintzaile bakar bat ere ez dugu bakarrik utziko. Horixe izango da EAJren marra gorria Bizkaiko Aldundian; zainketak behar dituen edozein pertsonari ahalik eta arretarik onena ematea. Gizarte gisa horrek definitzen gaituelako, eta guk nahi dugu pertsona guztiak zainduko dituen Bizkaia”, adierazi du.
BIZKAIA OSOA ORDEZKATUTA
Ana Otaduik, bere aldetik, EAJ-PNVren balioen eta euskal herritar guztien sinbolo den haritzaren ezaugarrien arteko paralelismoa egin du: “Haritza bezalakoa gara gu; sustraiak lur honetan sendo finkatuta ditugu, gure nortasun, kultura eta bizitzaren ezaugarri gisa. Baina, aldi berean, adar guztiak zabal-zabal ditugu zerura begira, argi bila, aukera berri bila, aurreikuspen berri bila,… norbanako bakoitzaren eta talde osoaren garapena bilatuz”. “Bilbo eta Bizkaia etorkizunera begira daude; etorkizuna tinko dago finkatuta iraganari, izaera bati eta historia bati lotuta. Etorkizun honek, ohore handiz ordezkatuko dudan barrutian, Bilbon, Juan Mari Aburto alkatearen 10 konpromisoen abala eta gure batzarkide talde osoaren eta gure hurrengo Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanoberen indarra eta dedikazioa ditu bere alde”, amaitu du.
Jane Eyre Urkieta ordezkatzen duen eskualdea Bizkaiko zabalena da, eta Uribe Kosta, Busturialdea, Lea Artibai, Mungialdea eta Txorierri, eskualdeak hartzen ditu. “Garapen jasangarria nahi duten eskualdeak dira”. Gakoa horixe delako, jasangarri izatea, baina jasangarritasuna termino transbertsal gisa ulertuta. “Jasangarri izan behar dugu garapen sozial, ekonomiko eta kulturalean:, eta garapen hori dator EAJ-PNVk herrialdearen kohesioa bermatzeko duen konpromisotik. Bizkaian lehen eta bigarren mailako eskualderik ez dagoelako. Bizkaian herri guztiak dira berdinak”, baieztatu du. “Bizkaia orekatu batean sinesten dugu, non eskualde bakoitzak bere izaera berezia izango duen baina, aldi berean, osotasun baten parte izanik. Eskualde guztietan sortu nahi ditugu bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko aukerak, eta horretara dedikatuko ditugu gure esfortzua eta gure lana”.
Enkarterriko zerrendaburua izanik, hitza hartu du Josu Bergarak eta Batzar Nagusietan ordezkatuko dituen eskualdeen indarra aldarrikatu du. “Ezkerraldean, Meatzaldean eta Enkarterrin jakin dakigu eraldaketa ekonomiko, eta industrialei aurre egiten, eta gure herrikideei aurpegira begiratzen egiten dakigu, gainera. Ausardiaz, ahalegin handia eginez, intentsitatez eta debozioz”, ziurtatu du. “Ilusioa eragiten duten proiektuak ditugu, epe laburrean martxan jarriko ditugunak, eta erreferente izango gara osasunean, energian, elikaduran eta digitalizazioan. Ekimen hauen bidez talentua erakarriko dugu eta sektore hauetan profesional prestatuak beharko dira gizarte gisa planteatuko zaizkigun erronka erraldoiei aurre egin diezaiegun. Eta hori dena Ezkerraldean, Meatzaldean eta Enkarterrin gertatuko da, Bizkaian gertatuko da!”, gogoratu du. Gaineratu duenez “gainerako erakundeekin lankidetzan egingo dugu, elkarlana maila guztietan, herri gisa aurrera egiteko modu bakarra delako”, amaitu du..
MAIATZAREN 28AN EUSKAL AUTOGOBERNUA DAGO JOKOAN
Eta, guztiak babestuz, Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek ekitaldia itxi du ohartaraziz maiatzaren 28an jokoan dagoena, udalez eta aldundiez gain, euskal autogobernua dela. “Hautestontzian erabakiko da euskal autogobernuaren defentsan zenbat euskal hautetsi egongo diren eta Madrilen erabakiko direnak lehenetsiko dituztenak zenbat izango diren”, ziurtatu du.
Buru Abertzaleak gogora ekarri du aste honetan bertan Kongresuan gertatu dena, agerian geratu baita “gure eskuduntzak, gure autogobernua defendatzea lehentasun nagusitzat duenaren eta Estatuko zuzendaritza politiko izatera jolastu nahi dutenen arteko desberdintasuna”, nahiz eta jolas horiekin “gure autonomia eta gure etxebizitza politika galduko diren”, ”Estatuko etxebizitza politikarik aurreratuena itxuraldatua , baldintzatua eta Estatuko lege batek mugatua izan arren”. Puntu horretan Ortuzarrek EH Bildu kritikatu du, “Euskal autogobernuaren edo ideologiaren artean, beraiek ideologia lehenesten dute. Ezkerrekoa, jakina, baina Madrilgo ezkerra. Zibeles estatua baino madrildarragoa!. Erabakitzeko eskubidearen ordez, zuzentzeko eskubidea aukeratu dute, hori bai, Madrilen!. Bada, gu ez gara aldatuko. Betiko EAJ izaten jarraituko dugu, herriaren Alderdia, Euskadirekin zintzotasunez jokatuko duen Alderdia!. Eta , euskal autogobernua mugatzeko, inork ez dezala gurekin kontatu!”, amaitu du .
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25