Next Euskadi

Prentsa Aretoa

Berriak

2023/05/22

Elixabete Etxanobek garraio publikoko moduen eta operadoreen artean aldatzean egin beharreko ordainketa gehigarria kenduko du, ibilbide bat egitean hainbat txartel ordaindu behar ez izateko

Metroaren 5. linea eraikitzeko konpromisoa berretsi du. Linea horrek Durangaldea, Busturialdea eta Arratia metroaren sarean sartuko ditu, eskualde horietako trenbidearekin lotuz. Halaber, azken eskualde horretan garraio jasangarri bat martxan jarriko duela iragarri du, eskariz, barreiatutako eremuetan bizi diren pertsonak hiriguneetara hurbiltzeko.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Pertsona guztiek, non bizi diren kontuan hartu gabe, zerbitzuetara sarbidea eta aukerak izango dituzten Bizkaia bat eraikitzeko premisapean, EAJren ahaldun nagusi izateko hautagaia den Elixabete Etxanobek Bizkaian garraio publikoa indartzeko eta sustatzeko dituen proposamenak azaldu ditu. Lehenengoa eta funtsezkoa, moduen eta operadoreen artean aldatzean egin beharreko ordainketa gehigarria kentzea da, erabiltzaileek hainbat txartel ordaindu behar ez ditzaten, ibilbide bat egitean garraiobidea behin edo gehiagotan aldatzerakoan. Horrez gain, Etxanobek metroaren 5. linea eraikitzeko eta garraio publikoan mugikortasun-formula berriak bilatzeko konpromisoa berretsi du.

“Harro esan dezakegu Bizkaian punta-puntako eta kalitatezko garraio publikoa daukagula, Metroa eta Bizkaibus buru direla. Eta hobetzen jarraituko dugu. Garraiobide batetik beste batera pasatzerakoan egin beharreko ordainketa gehigarria kenduko dugu: bide bat, ordainketa bat. Gainkosturik gabe. Lekeitiotik Arriagara Bizkaibusen eta metroan, baina metroa ordaindu gabe. Santurtzitik Gernikara Metroan eta Euskotrenen, baina bi aldiz ordaindu gabe. Ordainketa bakarra ezarriko dugu, hainbat garraio erabiltzean. Bizkaiko Ospitale bakoitza metroz edo trenbidez konektatuta egongo da. 5. linearen eraikuntzarekin, Durangaldea, Busturialdea eta Arratia eskualdeetako biztanleak beren erreferentziako ospitalera trenez heldu ahal izango dira, eta Metro Bilbaoren sareari lotuta egongo dira. Horrez gain, mugikortasun-formula berriak garatuko ditugu garraio publikoaren bidez. Arratiako Mankomunitatearekin lankidetzan, proiektu pilotu bat jarriko dugu martxan, eskualde horretan sakabanatuta dauden guneetan bizi diren pertsonentzat. Eskariaren araberako garraio jasangarri bat, pertsona horiek hiriguneetara hurbiltzeko, zerbitzuak dauden guneetara, eta, era berean, garraio publikora iristeko, udalerrien arteko edo beste eskualde batzuetako joan-etorriak egiteko. Adinekoentzat. Eta gazteentzat, unibertsitatera garraio publikoa erabiliz iritsi ahal izateko”, laburbildu du hautagai jeltzaleak.

Etxanobek azpimarratu duenez, ekimen horiek eta esparru berean garatuko diren beste batzuk lagungarriak dira aukera-berdintasuna, lurralde-oreka eta Bizkaia kohesionatu bat lortzeko, non ez dagoen atzean geratuko den pertsonarik, udalerririk eta eskualderik, “guztiok lehen mailakoak garen Bizkaia batean”.

Gero eta lurralde kohesionatuago baterantz aurrera egiteko helburu berarekin, eskualde bakoitzaren indarguneak eta potentziala aprobetxatzeko konpromisoa ere hartu du, garapen ekonomiko jasangarria eta kalitatezko enplegua sortzeko. Horrela, EAJk eskualde-estrategiak diseinatuko dituela eta jada Ezkerralde, Meatzalde, Enkarterri eta Aiaralderako ezarritako plan estrategikoetan jasotako neurriak ezarriko dituela adierazi du, eta, aldi berean, itsasadarraren inguruan «Bilbo efektua» hedatzeko lan egingo duela, eta ekonomia-jarduerarentzat ekipamendu berriak bultzatzen jarraituko duela Zamudio-Derio, Ezkerraldea-Meatzaldea eta Zorrotzaurreko parke teknologikoetan edo UPV/EHUren Leioako campus zientifikoan.

Gaurko ekitaldian ere izan da Lemoako alkatetza EAJ-PNVrentzat berreskuratzeko helburuarekin aurkeztuko den hautagaia, Esther Iturrioz, eta lurralde kohesioaz hitz egin du, baina baita kohesio sozialaz ere. Bere hitzetan “Aldundiaren babesa jasotzen duten zerbitzuak eta jarduerak ditugu, dela kultura programazio bat; arreta sozial mankomunatua, inor atzean uzten ez duena; edo egungo beharrizanetara egokitutako bide eta azpiegiturak ere”. “Tresnak baditugu ongizate mailak hobetzeko, desparekotasun egoerak murrizteko eta, batez ere, gure gazteriak ilusioa izan dezan”, adierazi du. Zentzu berean aurreratu duenez “bidegorriak egiteko proiektuak sustatuko ditugu, azpiegitura gehiago jarriko ditugu gazteentzat eskuragarri, beren garapen eta aisiarako, lurzorua jarriko dugu babes ofizialeko etxebizitzak egiteko eta Lemoa herri erakargarri egingo dugu enpresa eta negozioentzat, ahalik eta etorkizunik onena bermatzera begira”, amaitu du.

Next Euskadi