Prentsa Aretoa
Berriak
2023/07/29
“Inork ere ez dezala zalantzan jarri: EAJk hemen jarraitzen du, zutik eta indartsu, Herri hau bere askatasunerako bidean lideratzen jarraitzeko”
Alderdi jeltzalearen 128. urteurrenean, EBBren presidente Andoni Ortuzarrek hitzeman du jeltzaleek “apaltasun osoz, egin behar den autokritika guztia” egingo dutela “akatsak zuzentzeko eta kudeatzeko eta gizartearekin erlazionatzeko moduetan berritzeko”. “Aldaketa sozialekin batera aldaketak egin behar dira diskurtsoetan eta politika publikoetan”, esan du Albia Lorategian Sabino Aranaren estatuaren ondoan egin den ekitaldian
2023-07-21 - Bilbo (Iñaki Deuna) - Andoni Ortuzar
HITZALDIA - 2023/07/29
“Gaurkoa lako egoera konplexuak bizi izan ditugu, eta batzuk okerragoak izan dira, gerrak, erbestea eta klandestinitatea tartean. Guztietatik onik eta indartuta atera gara. Eta oraingoan ere hala gertatuko da. Inork ez dezala zalantzan jarri EAJk hemen jarraitzen duela, zutik eta indartsu, Herri hau bere askatasunera eramango duen liderra izaten jarraitzeko. Era berean, gai izan behar dugu, apaltasunez eta egin beharreko autokritika guztia eginik, akatsak zuzentzeko, inertziak gainditzeko eta kudeatzeko moduak hobetzeko eta berritzeko, bai eta daukagun gizarte poliedriko honekin harremanetan jartzeko orduan ere. Horrek exijituko digu euskal hiritargoari etengabe entzutea, bai eta bere nahi eta eskarien araberako erantzun arin eta egokia ematea ere. Aldaketa sozialekin batera, aldaketak etorri behar dira diskurtsoetan eta politika publikoen kudeaketan”.
Hau izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur Alderdiaren sorreraren 128. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldi politikoan zabaldu nahi izan duen mezu nagusia. Euzko Alderdi Jeltzaleak 128 urte beteko baititu astelehenean, uztailak 31. Bilboko Albia Lorategian egin den ekitaldian izan dira Euzkadi Buru Batzarraren burukideak, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Bilboko alkatea eta talde jeltzalearen barne eta herri kargudun ugari. Ohorezko aurreskua dantzatu da eta lore eskaintza egin da Sabino Arana EAJ-PNVren fundatzaile eta maisuaren estatuaren aurrean, Ortuzarren diskurtsoa baino lehen.
EBBren presidenteak aitortu du EAJ-PNVri 128. urteurrena iritsi zaiola “egun sufritzen ari garen giro politiko konplexu eta nahasiaren erdian”. Bere esanetan, Euskadi ez da geratu “pandemiak eta pandemiaren ostekoak bizkortu dituzten aldaketa sozialetatik kanpo. Fenomeno global horiek euskal gizartera ere iritsi dira, azken lau urteotan lehen munduaren erritmoa nabarmen aldatu baita”. “Eta, Alderdi gisa”, esan du, “gure gizarte honen zerbitzura egon behar dugu, berriro ere ilusioa pizten jakin behar baitugu, gure bidelaguna izaten jarrai dezan Euskadi bere askatasun nazional eta sozialera eramateko bidean”. “Sabinorengandik hasita eta gaur arte, gure Alderdiak jakin izan du bere ideien irmotasuna eguneroko lanean behar den pragmatismoarekin uztartzen, begirada haratago eramateko gaitasunarekin, baina inor atzean utzi gabe, lidergo sendoa eskainiz baina ahots guztiei entzuteko gaitasunarekin. Orain ere berdin gertatuko da”, ziurtatu du buru abertzaleak.
Aldaketa sozial horiek diskurtsoetan eta politika publikoetan egin beharreko aldaketekin sintonizatzea eta moldatzea da Ortuzarrek burukideei, herri kargudunei eta alderdikide jeltzaleei planteatu dien lana, “bereziki euskal gazteriari”, “EAJ delako gure Aberria eraldatzeko eta eraikitzeko tresnarik onena. Bermerik onena etorkizun oparoa izateko, askatasunarekin. Gazteoi dagokizue orain lan horretan ahalduntzea. ‘Euskadik behar zaitu’ izan zen klandestinitatetik ateratzean eta trantsizioan gazte asko EAJn alderdikidetzera eraman gintuen goiburua. Gaur Euskadik inoiz baino gehiago behar gaitu”.
EBBren presidenteak adibide bat eman du egungo gizartean gertaerak eta pertzepzioak zeinen azkar alda daitezkeen azaltzeko. “Hauteskunde gauean bertan, hedabide batzuen analisiak entzun bazenituzten, gure Alderdiak ia bere balio osoa galdu zuen, larriki zaurituta omen zegoen ‘boto baliagarri’ izenekoa eman zelako. Hogeita lau ordu geroago, ordea, hedabide guztietako lehen orrialdean ateratzen ginen Feijóori ‘ez’ esan geniolako eta gu benetako ‘boto baliagarri’ ginelako eskumako eta eskuin muturreko gobernua geldiarazteko. Ikasgai bi guretzat eta besteentzat. Lehenengo eta behin, batzuetan gauzak ez direla agertzen diren moduan –boto baliagarria baita fidagarria dena–; eta bigarrenik, politikan hauteskunde gauean gertatzen dena baino garrantzitsuagoa dela hurrengo egunean gertatzen dena. Eta ez ezazue inolako zalantzarik izan, EAJk Gobernu atzerakoiari planto egin dion moduan, berdin izango da Espainiako hurrengo gobernuaren aurrean Euskadi eta euskal interesak defendatuko dituena. Hau ez da soilik botoen mailaketa kontu bat, kontua baita batez ere gauzak argi baino argiago izatea eta toki eta erakunde bakoitzean eragiteko benetako gaitasuna izatea. Eta gaur, koherentzia politikoa eta eragiteko gaitasuna EAJren eskuetan dago, batzuei gustatu zein ez. Eta inork zalantzarik badu, Parlamentuko aritmetika aztertu dezala eta ikusiko du Diputatuen Kongresuan balantza nork mugi dezakeen. EAJren bost botoak erabakigarriak dira”, ziurtatu du.
Ortuzarrek amaitu du epe labur eta ertainerako begirada estrategikoa planteatuz. “Urte betea baino lehen egingo dira Euskadiko eta Europako hauteskundeak. Lehenengo hauteskundeetan egongo dira jokoan euskal gizartea ulertzeko eta eraikitzeko molde ezberdinak, eta besteetan izango dugu jokoan Europan dugun ordezkaritza, gure bizitzan gero eta eragin handiagoa duena. Eta, ondoren, alderdikideok deituko zaituztegu Alderdiaren Batzar Nagusi berri batetara, Alderdiak lau urterik behin egin ohi duen prozesu berritzailea egin dezagun eta Alderdiaren organo nagusiak lideratuko dituztenak aukeratzeko. Momentu garrantzitsuak biziko dira, biziko ditu gure Herriak eta biziko ditu gure Alderdiak. Lehenago ekarri dugu gogora ‘Euskadik behar zaitu’ goiburua. Garai berean beste bat atera zen, EAJk diktaduratik ateratzean ekarri zituen ezaugarriekin: ‘Batasuna ta Indarra’. Honaino ekarri gaituzten ezaugarriak dira, eta ziur gaude etorkizunera eramango gaituztela, inoiz baino batasun eta indar handiagoarekin”, esan du buru abertzaleak hurrengo Alderdi Eguna irailaren 24n egingo dela gogoratu aurretik eta alderdikide guztiak bertara gonbidatu aurretik, “ospakizun berezia” izan beharko dela nabarmenduz.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25