Prentsa Aretoa

Berriak

2023/08/18

Izaskun Bilbaok gogorarazi du euskara Batasunean defendatzeko obligazioa ezartzen duela Europako oinarrizko eskubideen gutunak

EAJ-PNVko eurodiputatu Izaskun Bilbao Barandicak positiboki baloratu du estatuko gobernuak Batasuneko hizkuntza gutxituak sustatzeko eta defendatzeko hartu duen konpromisoa, “izan ere, Europar Batasunaren oinarrizko eskubideen gutunean ezarritakoa betetzea dakar, zeinak hizkuntza, arraza edo nazionalitatea dela-eta inongo bereizkeriarik egitea debekatzen baitu. Errealitate hori oinarri, azken urte honetan lortu dugu Europako Batzordeak diskriminazio hori onartu dezala eta jarrera aldatu dezala Europako lurraldean dauden hizkuntza ofizial guztiak bere plataforma linguistikoetan sartzeari dagokionez”

rss Ezagutzera eman
Izaskun Bilbaok gogorarazi du euskara Batasunean defendatzeko obligazioa ezartzen duela Europako oinarrizko eskubideen gutunak

ARGAZKIA JAITSI

Euskal eurodiputatua Radio Euskadiko Boulevard irratsaioan izan da gaur goizean, eta bere iritzia eman du diputatuen Kongresuko Mahaia eratzeari eta legegintzaldia martxan jartzeari bide eman dion akordioari buruz. Hizkuntza ofizialak Gorte Nagusietan zein erakunde europarretan erabiltzeko aintzatespena izan du akordioak ardatz. Izaskun Bilbaok gogorarazi du Europar Parlamentuan lehen esku-hartzea egin zuenetik, 2009an, gai horrek lehentasuna izan duela bere jarduketetan. Era berean, zehaztu du hori lortzeko hiru ekimen mota garatu dituztela: parlamentuko presidente guztiekin zuzenean hitz egitea, Europan hizkuntza horien hiztunen oinarrizko eskubideak babestuko dituen legeria loteslea lortzea eta Batzordeari ikusaraztea arlo horretan daukan jarrerak ez duela betetzen Oinarrizko Eskubideen Europako Gutuna”.

“Gure ustez, abiapuntu garrantzitsua da 2013an Europako Parlamentuan gehiengo zabalez onartutako ebazpena, Alfonsí txostena, zeinak dagoeneko premia hori planteatzen baitzuen. Minority Safe Pack izeneko Europako herritarren ekimena ere aipatzekoa da, baita Europaren Etorkizunerako Konferentziari lotuta gai horren inguruan ateratako ondorioak ere. Hamar urte geroago, Europar Batasuneko erakundeek ebazpen hori nola aplikatu duten aztertu dugu, eta egiaztatu dugu, alderdi sinbolikoari dagokionez, hizkuntza horiek Europako aniztasunaren parte direla onartzen badute ere, gero baztertu egiten dituztela beren programa operatiboetan”.