Prentsa Aretoa

Berriak

2023/09/12

EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea berritzeko akordio bateratua

EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta entitate independenteek hautagaitza bateratua gauzatu eta erregistratu dute gaur, zeinaren bidez udalen elkarteko presidente Esther Apraiz Derioko alkate andre izendatuko duten. Akordio beraren arabera, presidenteorde aukeratuko dira Nagore Alkorta Azpeitiako alkatea eta José Antonio Santano Irungo alkatea

rss Ezagutzera eman
EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea berritzeko akordio bateratua

ARGAZKIA JAITSI

Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi nagusiek gaur bertan, irailak 12, akordio bateratua formalizatu eta erregistratu dute EUDEL Euskal Udalen Elkarteko aginte organoak berritzeko. Eusko Alderdi Jeltzaleko, EH Bilduko, Euskadiko Alderdi Sozialistako eta entitate independenteetako ordezkariek hautagaitza bateratua aurkeztu dute euskal udalen elkartearen ordezkariak aukeratzeko. EUDELen goi karguak berrituko dira irailaren 19an, asteartea, Donostian entitateak egingo duen urteko batzarrean. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki gobernuen ordezkaritza berria islatuko du iragan maiatzean egin ziren udal hauteskundeen ondoren. EUDEL indartuta aterako da eta ez ezbai politikorako elementu gisa, baizik eta toki gobernuen zerbitzura dagoen tresna gisa eta euskal udalen topagune gisa, toki erakundeek partekatzen dituzten arazo eta kezkak aztertzeko eta konpontzeko eta erakundeen eta beren ordezkarien zerbitzura dagoen erakundea den aldetik, partekatzen dituzten prestazioak hobetzeko eta optimizatzeko.

Lortu den akordioaren arabera, Derioko alkate andre jeltzale Esther Apraiz Euskal Udalen Presidente aukeratuko dute datorren astearteko batzarrean. Apraizek lideratzen duen hautagaitza da EAJ-PNVk, EH Bilduk eta PSE-EEk atzo adostu zuten akordioaren ondorioa. Akordioarekin bat egin dute udaletako entitate independenteek. Itun honek adostasun zabala bermatzen du EUDELen organoak berritzeko orduan, Euskal Autonomia Erkidegoen udalen eta biztanleriaren ia %99 hartzen duelako. Halaber, Azpeitiako alkate andre Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Irungo José Antonio Santano (PSE) izango dira entitatearen presidenteorde, orain arteko karguan jarraituko baitute.

Hautagaitza osatzen duten beste alkateak dira Nati López de Muniain (Elburgo), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Jon Luqui Albisu (Urretxu), Erlantz Urresti (Maruri Jatabe) eta Txerra Molinuevo (Amurrio) jeltzaleak; Nagore Alkortarekin batera (Azpeitia), EH Bilduren ordezkari dira Iñigo Hernando (Galdakao), Txelo Auzmendi (Asparrena), Xabier Lertxundi (Hernani), Eneritz Azpitarte (Zaldibar) eta Izaro Elorza (Oñati); Irungo José Antonio Santanorekin batera euskal sozialisten ordezkari izango da eta exekutiba osatuko du Mikel Torresek (Portugalete); eta proposamena ixten du Joseba Andoni Zorrilla Ruiz ‘Zalla Bai’ elkarte independenteko zinegotziak.

EUDEL osatzen duten 245 udalek astearteko bileran berrituko dituzte gobernu organoak, Batzorde Exekutiboa (hamabost ordezkari) zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeak (bederatzi ordezkari ditu bakoitzak). Esandako alderdiek adostu duten akordioa lau organoak hartzen ditu. Apraizen hautagaitza bat dator erabat erakundearen Estatutuek emakume eta gizonen arteko orekari buruz ezartzen dutena (gutxienez sexu bakoitzeko %40) bai eta 2.500tik beherako biztanleria duten udalerrien presentzia bermatzeari buruz jasotzen dutena ere.

Koldo Mediavilla EBBren Arlo Instituzionaleko burukide arduradunaren ustez, akordio honek ordezkatzen du “benetako politika, eraldaketa sozialaren zerbitzura egon behar duena, jendearen bizi-kalitatea hobetzeko eta ez batzuek egin duten moduan aurkaria ernegatzeko eta garaitzeko”. Ordezkari jeltzalearen arabera, “politika da jendearen beharrak kudeatzeko eta asetzeko borondateak batzeko giza jarduera. Politika besteengan pentsatzea da, eta ez nor bere zilborrari begira geratzea. EUDELen akordio berri hau interpretazio horren barruan koka daiteke. Azpimarratzekoa da euskal indar politikoen konpromisoa, funtsean guzti-guztiak asebetetzen dituen akordio bat osatuz, ondasun kolektibo bat ekarri nahi duena: udalak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, indartzea”. Mediavillak eskerrak eman dizkie EH Bilduri, PSE-EEri eta ordezkaritza independenteari “indarrak batzeko eta Euskadiko Udalen Elkartea indartzeko egindako ahaleginagatik, adostasunetik eta lankidetzatik abiatuta. Gure jardueretan sarriago saiatu beharko genuke herrialde-akordioaren adibide hau”. Era berean, “bidezko” jo du presidentzia utziko duen Gorka Urtarani karguan eman duen denboran egin duen lana eta “erakunde honi eta, oro har, euskal udalgintzari eskainitako dedikazioa” aitortzea.

CV Esther Apraiz Fdez. La Peña

Datu pertsonalak:

Jaiotze-data: 1976/04/27
Jaioterria: Bilbo
Bizitokia: Derio
Egoera zibila: Ezkondua, seme bat eta alaba bat

Ikasketak:

- Zuzenbide Ekonomikoan lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean (1999)
- Zerga-ordainketako unibertsitateko espezialista. 2002. urtean

Hizkuntzak:

Gaztelania, euskara (EGA titulua, 1993koa) eta ingeles ikasketak (Bilboko Hizkuntza Eskolako 4.a 1999an)

Laneko esperientzia:

- 2002-2007: Hirigintza Departamentuko Administrari Erandioko Udalean.
- 2007-20015: Bilboko Udaleko Administrazio Orokorreko teknikari eta Hirigintza Arloko Plangintzako Atal Juridiko Administratiboko buru

Politika alorrean:

- Hirigintzako eta Hezkuntzako zinegotzi Derioko Udalean (2011-2015)
- Derioko alkate 2015eko ekainetik.