Prentsa Aretoa
Berriak
2023/10/11
Itxaso Atutxak aurreratu du PSOErekiko negoziaketa “itxura hartzen hasia dela” eta “alde bien borondatea argia dela”
EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidenteak nabarmendu du ireki dela dagoeneko “lan egiteko bide aproposa”, baina Sánchezi gogora ekarri dionez “bera da gure botoak gura dituena” eta, beraz, “berari jagoko esatea zer eskaintzen dauan”
Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, ETB1en ‘Egun on Euskadi’ saioari eskainitako elkarrizketan aurreratu du atzo bertan Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Estebanen eta jarduneko Estatu buru Pedro Sánchezen artean egin zen bileraren ondoren, agerian geratu zela negoziaketa “itxura hartzen hasia dela” eta dagoeneko ireki dela “lan egiteko bide aproposa”. Baina Sánchezi gogoratu nahi izan dio bera dela EAJ-PNVren botoak gura dituena eta beraz “berari jagoko esatea zer eskaintzen dauan”, baina ñabardura gisa gaineratu duenez “inbestiduraz gain, etorkizunaz ere hitz egin behar dogu”.
Bozeramaile jeltzaleak gaineratu du lehen bilera hau izan dela “lehen elkarrizketa sakona” eta parte biek argi erakutsi dutela “gauza zehatzen inguruan” negoziatzen jarraitzeko borondatea. Atutxaren esanetan gai horiek “ez dira EAJ-PNVrenak, baizik eta Euskadin Eusko Legebiltzarrean bertan edo Batzar Nagusietan erreklamatu diran gaiak”. Atutxak azaldu duenez “bide aproposa zabaldu da datozen asteotan lan egiteko, kontuan izanik kataluniarrak ere hor dagozala, zuhurtasun handiagaz”.
BBBren presidenteak Sánchezi eskatu dio “zer eskaintzen dauan” esatea “bera dalako EAJ-PNVren botoak gura dituena”, eta nabarmendu duenez “inbestiduraz gain, etorkizunaz ere hitz egin behar dogu”. “Ez dogu esaten legealdirako akordio bat izan behar dala, hori akordioa lantzen dozunean agertzen dalako, baina bai behintzat aurrekontuak kontuan hartzea eta urte bete baino gehiago irautea. Oraingo honetan kide preferente asko egongo dira, bozketa batean boto bakar bat eskatzen bada, gehiengoa galduko daualako”, nabarmendu du.
Ordezkari jeltzaleak azpimarratu du “diskrezioa” behar dela negoziaketetan. Zentzu honetan aditzera eman duenez “eragile politikoek, eta batez ere Sánchezi gehiengoa emoteko moduan gagozanok, behin eta berriro hitz egiten badogu, esan ahal dan edozein gauzak bere eragina izan ahal dauala, eta danok daukaguz presioak, bakotxak bere arloan”. “Asko gara,alkarren artean oso ezbardinak, eta danok behar doguz gitxieneko adostasun puntuak, Sánchezek konexino bat lortu daian”, amaitu du.
GERNIKA ETA GUGGENHEIM URDAIBAI
Itxaso Atutxak Gernika-Lumoko gobernagarritasunaz ere hitz egin nahi izan du. EAJ-PNVren eta Guztiontzako Herria plataformaren artean adostu zen akordioa une batez gogoratu ondoren, berriro ere gogoan izan du “hitza bete dauan parte bakarra EAJ-PNV izan dela”. Halaber Jose Mari Gorroñori txarretsi dizkio “zinegotzi jeltzaleen kontra egin ebazan adierazpen mingarriak” “erdizka esandako egiak ere gezurrak direla” nabarmenduz. Zentzu berean ziurtatu duenez “Xabier Irazabal bozeramailearen kontra eginiko irainak gure kontra ere egin dira”. EAJ-PNVk Guztiontzako Herria plataformari bere 5 botoak eskaini zizkion akordio bat iristeko helburuarekin “aurretik izan genduna bezalakoa”. “Akordioak lortzen dira ezbardinen artean, eta uste dot gitxieneko kontsentsua egon daitekeela proiektu batzuk aurrera atara ahal izateko”, amaitu du.
Urdaibain museoa egiteko dagoen proiektuaz galdetuta, Bizkaiko burukideak kontra agertzeko dei publikoa egin duten pertsonei edo kolektiboei eskatu die “proiektua zertan den entzutea” eta “proiektua garatzeko orduan abian jarriko diren partaidetzazko prozesuetan parte hartzea”. “Inork ez dau biosferaren erretserbaren erdian Bilbokoa moduko Guggenheim museo bat jarriko”, ziurtatu du. “Uste dot ez dabela kontuan hartu inguru horretan egingo den berroneratze proiektu handia”, zehaztu du. “Urdaibain proiektatuko dan guztia jasangarria izango da eta, bestela ezin dalako izan, inguru naturala errespetatuko dau”, azpimarratu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25